Sestao mendean hartuta, garaipen garrantzitsua etxean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 00:00

Hernaniko bi jokalari, blokeoa egiteko saiakeran, igandeko partiduan.

3-1 nagusitu zen Hernani, 2020ko etxeko azkeneko partiduan.

Igandean jokatu zuen Hernanik, Euskal Ligan, 2020ko azkeneko partidua etxean. Eta garaipen batekin agurtu zuen urte berezia, kiroldegian: 3-1 nagusitu zitzaion Sestaori, garaipen garran­tzitsua lortzeko.

Garaipena behar zuten hernaniarrek, eta baita lortu ere, nahiz eta maila onenean aritu ez. «Gure partidurik kaxkarrena izan da, baina lortu dugu helburua», aitortu zuten partiduaren bukaeran: «teknikoki oso partidu txarra jokatu dugu, eta inoiz baino akats gehiago egin ditugu. Hala ere, kontrolpean izan dugu».

25-20 irabazi zuten aurreneko jokoa, markagailuan aurretik izanda uneoro; baina akatsak tarteko, aukera gehiegi eman zizkieten kontrarioei. Berdintsu aritu ziren bigarrenean ere, eta 25-21 nagusitu ziren azkenean.

Partidua bideratuta ikusi zuten orduan, eta hernaniarren lasaitasuna baliatu zuen Sestaok: 19-24 aurreratu zen, eta Hernanik 23-24 estutu arren, jokoa irabazi zuten (23-25), markagailuan 2-1ekoa jartzeko. Baina laugarren jokoan lortu zuen partidua bukatzea Hernanik, aurreko bi jokoen antzera (25-21).

Garaipen horrekin, sailkapeneko laugarren postuan finkatu da Hernani, eta Sestao, bosgarrena, urrundu egin du.

Etxeko azkena ez ezik, urteko azkena ere behar zuen partidu horrek; baina Laredorekin hizketan ari da Hernani, igande honetan han jokatzeko, atzeratuta daukaten partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!