Bexen Medical Hernaniko kooperatiba bisitatu zuten ostegunean, Udal ordezkariek

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 21a, 00:00

Udal ordezkariak pasa den ostegunean, Bexen Medical bisitatzen.

Hernaniko Bexen Medical kooperatibak, protagonismo haundia hartu du Covid-19ak sortutako pandemia dela eta. Pasa den ostegunean, Ibarluzen eta Akarregin dituen instalazioak bisitatu zituzten, Udal ordezkariek. 

Pandemia garaian, garrantzi haundia hartu duen kooperatiba izan da Bexen Medical. Batetik, erabilera bakarreko musukoak ekoizteko planta bakarra delako inguruan, eta bestetik, laster merkaturatuko diren Covid-19aren kontrako txertoaren biltegi eta banaketa gune nagusia izango delako. 
Hori horrela, Hernanik, «logistikoki hartu duen garrantzia ikusita», enpresa honek Ibarluzen eta Akarregin dituen instalazioak bisitatu zituzten pasa den ostegunean Udal ordezkariek, hala nola,  Hernaniko alkate den Xabier Lertxundi, Tokiko Garapenerako zinegotzi Patxi Ibarguren, eta Osasun Mahaiko ordezkari Esti Aldeiturriaga. 
Bexen Medical Hernaniko kooperatiba honek, Ibarluze poligonoan du lantegi nagusia, eta orain berriz Akarregin ere pabiloi bat hartu berri du. Udalak aditzera eman du, pabiloi horretara ekartzen ari direla asteotan musukoak ekoizteko planta, «orain arte Bizkaiko Etxebarrian zeukaten ekoizpena». 

Bi hamarkada baino gehiago, Hernanin 
Bexen Medicalek bi hamarkada baino gehiago daramatza Hernanin, Ibarluze poligonoan, hain justu. Covid-19aren pandemiarekin batera hartu du protagonismoa Hernaniko enpresa honek. Izan ere, pandemiaren hasieran, osasungintzan erabiltzen ziren musukoen ekoizpen osoa Txinaren esku zegoen, «eta musukoa lortzeko arazo haundia egon zen Europan», dio Udalak. Txinaren menpekotasunari aurre egin nahian, eta erabilera bakarreko musukoen ekoizpena berreskuratzeko asmoz, Bexen Medicalera jo zuten, Espainiako agintariek. Enpresa honek, makineria eskuratu, eta musukoak ekoizten hasi zen. 
Horrekin batera, Covid-19aren aurkako txertoen biltegi nagusia ere izango da Bexen. 
Izan ere laster merkaturatuko diren txerto batzuk tenperatura baldintza oso berezietan gorde behar dira, «-80 gradu», eta Bioservicesen lantegian gordeko dira, bertan txertoak behar bezala kontserbatzeko hozkailuak daudelako.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!