Bertsolata

Bertso musikatuen emanaldia gaur, Eli eta Manex Pagolak

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Eli Pagola, aurtengo Santioetako bertso musikatuen saioan, Astigarragan.

Milagrosan eskainiko dute, 18:30etan hasita, Bertsolataren barruan. Datorren asteazkenean, berriz, 'Norbere eztarritik' mahai ingurua izango da.

Bide arrakastatsua ari da egiten aurtengo Bertsolata, antolatzaileek nabarmendu dutenez; eta gaur bertan izango du hurrengo hitzordua: Kontzertu bat bertsotan emanaldia eskainiko dute Eli eta Manex Pagola ereñotzuarrek. Milagrosan izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita; eta sarrerak Biterin edo hernanikobertsoeskola@gmail.com helbide elektronikoan daude eskuragarri, 3 euroan.

Orain gutxi argitaratu dute Pagolatarrek, Bertso musikatuak izeneko diskoa, Elik osatutako bertsoei Manexek musika jarrita; eta horiek eskainiko dituzte gaur. Ereñotzun eman zuten aurreneko kontzertua, azaroan.

Asteazkenean emango diote jarraipena egitarauari, Uxue Alberdik, Beñat Gaztelumendik eta Oihana Iguaranek, Kattalin Minerrek gidatutako Norbere eztarritik  mahai-inguruan. Biteri kultur etxean izango da solasaldia, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Bertaratzeko asmoa dutenek, aldez aurretik eskuratu beharko dituzte gonbidapenak, Biterin edo hernanikobertsoeskola@gmail.com helbidean.

Alberdik idatzitako liburua izango dute abiapuntu: alegia, Kontrako eztarritik izenburua duena. Generoaren gaia erdigunera ekarriko dute eta, horrekin batera, bertsolaritzan ematen ari diren aldaketak izango dituzte hizpide hiru bertsolariek. Mahai-inguruan orain arteko ibilbidea eta bizipenak kontatuko dituzte. Hori ez ezik, «aurrera begira ere» jarriko direla kontatu dute antolatzaileek. 

Liburuan, 15 bertsolari elkarrizketatu ditu Alberdik, eta horren gainean arituko dira,  mahai-inguruari hasiera emateko. Testu horretan, bertsolariaren helburua da, bertsolaritzaren teknika, koplak eta alor horrekin zerikusia duten gainerako xehetasun guztiak «nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea». Halaber, testigantza horietan parte hartu zuten emakumeen artean dago Eli Pagola bera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!