Gertaera

Hernaniko borda batean lapurreta, jabea erasotuta

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Hiru gizon sartu ziren, eta 80 urtetik gorako jabea erasotu ondoren, lapurreta egin zioten. Egileetako bat atxilotu du Ertzaintzak. 

Lapurreta egin zuten Hernaniko borda batean, joan den asteartean, bertako jabea erasotu ondoren. Hiru gizon sartu ziren bordan, eta bertan bakarrik bizi den gizona, 80 urtetik gorakoa, ustekabean harrapatu zuten. Lepotik heldu, buruan manta bat jarri, eta gorputz guztian eman zizkioten kolpeak, ukabilekin eta objektu gogor batekin.

Dokumentazio pertsonala, te­lefono mugikorra, autoaren giltzak eta bankuko bi libreta kendu zizkioten, eta auto batean egin zuten ihes, biktima eskuak eta hankak lotuta zituela utzita.

Lokarriak askatu eta laguntza eskatu ahal izan zuen gizonak, eta osasun zentro batean artatu zizkioten zauriak. Dirua ateratzen saiatu ziren lapurrak, libretetako bat erabiliz, Urnietako banketxe batean. Horren harira, elkarlanean aritu dira Hernaniko Ertzain Etxea eta Urnietako Udaltzaingoa, hiru gizonak identifikatu, aurkitu eta atxilotzeko; eta dagoeneko identifikatu eta atxilotu dute hiru gizonetako bat, lapurretan erabilitako ibilgailua gidatzen zijoala. Leporatu diote indarkeria erabiliz lapurreta egitea, legez kanpoko atxiloketa, lesioak eragitea eta iruzur egiten saiatzea. Beste bi gizonak atxilotzeko ikerketekin ari da Ertzaintza orain. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!