Ez da egunero izaten mende erdiaren ospakizuna, eta Hernaniko Uralde Iturgintza enpresa familiarrak 50 urte bete ditu aurten. Ardura eta pasio haundiarekin eraiki zuen Uralde, Angel Uralde Txatok; eta testigua pasa die orain seme-alabei, Adriana eta Juan Luis Uralderi. Hasiera batean Santa Barbara auzoko lokal txiki batean hasi zen lanean, baina urteak pasata negozioak indarra hartu zuen, eta gaur egun Florida auzoan du bere kokalekua. Hernanirekin lotura estua eta berezia duen arren, Urumea bailarara ez ezik, gainerako herrietara ere zabaltzen du bere zerbitzua. Gertutasunez lantzen ditu bezeroen eskaera guztiak, hori delako gehien gustatzen zaiena: arreta pertsonalizatua eskaintzea.
Aski ondo ezagutzen dute Uraldetarrek iturgintza mundua, lanbide horren grina odolean daukatelako etxekoek. Gainerako langileekin, horretan dihardute buru-belarri anai-arrebek. Ikasketa eta formakuntza zabala dute arlo horretan, eta, beraz, hamaika gauza egiten dituzte, iturgintzarekin lotura duten alor guztietan: gasa, berokuntza, aire egokitua, sutearen aurkako instalakuntzak, zoru bero emaileak, energia berriztagarriak, eta mantenua.