Euskaltegien txokoa

«Euskera ikasteko ez ezik, harremanak egiteko ere balio du Euskaltegira etortzeak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Ikasturteko lehenengo hiruhilekoa amaitu ostean, Udal Euskaltegiko ikasleek beraien bizipenen berri eman dute. «Oso pozik gaude ikasten ari garen guztiarekin».

Zergatik erabaki zenuten Udal Euskaltegian izena ematea? Lehenengo aldia da euskera ikasteko klaseak jasotzen dituzuena?

Txuss Gomez: Euskalduna naiz, baina gutxi dakit euskeraz. Aspaldi izan dut hizkuntza hau ikasteko gogoa eta horregatik eman nuen izena euskaltegian. Gainera, Udalak laguntza ekonomikoa ematen du eta horrek animatu egin nintuen.

Mari Carmen Hernandez: Nik orain dela 20 urte inguru ikasi nuen euskera hemen, Udal Euskaltegian. Oso gustura egon nintzen, eta duela bi hilabete langabezian gelditu nintzenean, euskerako eskolekin berriro ere hastea erabaki nuen.  Esan beharra dut hasieran asko kosta zitzaidala, ia 20 urtez euskeraz egin ez dudalako eta ia dena ahaztu zitzaidalako. Hala ere, hobekuntza haundia nabaritu dut eta oso pozik nago.

Julie Aguirre: Etorkina naiz eta euskeraz ulertzen dut, baina hitz egitea kostatzen zait. Hori hobetu nahi dut eta beste arrazoi askoren artean, horregatik eman dut izena euskaltegian. Horrez gain, pandemia egoeran behartu egin gaituzte alienatuta eta bakarrik, indibidualizatua, egotera; eta, hortaz, talde bateko kide izateko gogoa areagotu zitzaidan konfinatuta egon ginenean. Kolektibo baten parte nintzela sentitu nahi nuen, eta egia esan euskaltegira etorri eta ordutegi zehatz bat jarraitzeak, diziplina izateak eta, batez ere, jende berria ezagutzeak eta gelakideekin egoteak ongizatea ekartzen dit. Gainera, tesi doktorala amaitzen ari naiz, eta lanpostu publiko bat lortzeko ezinbestekoa da euskeraz dakizula akreditatzen duen titulua izatea. Esan beharra dut horrek motibatu eta frustratu egiten nauela era berean. Izan ere, urte asko eman ditut tesia egiten eta orain, amaitzear nagoela, unibertsitateko irakasleek esaten didate saiatzeak ere ez duela merezi, euskera titulua ez badut ezingo dudalako zerrendetan sartu ere egin.

Horrekin batera, uste dut euskera jakitea beharrezkoa dela euskal-gizartean integratuta sen­titzeko. Ez dira gauza bera, hala ere, integrazioa eta asimilazioa. Izan ere, zu integratuta sentitu zaitezke, baina argi izan behar da baliabideak izatea oso garrantzitsua dela; alegia, denbora eta laguntza ekonomikorik ez badago, oso zaila izango da euskaltegira etortzea eta integratuta sentitzeko euskera ikastea.

Bertha Sanchez: Duela 15 hilabete heldu nintzen Hernanira. Master bat egitera etorri nintzen eta euskara existitzen zela banekien ere, ez nuen hitz bat ere ezagutzen. Hemen nengoela ohartu nintzen hizkuntzaren garrantziaz eta euskal-kulturaren barruan duen pisuaz. Eta, horrela, pixkanaka euskerarekiko interesa eta maitasuna areagotzen joan zitzaidan. Ahizpak esan zidan euskaltegian hizkuntza ikasteko laguntzak emango zizkidatela, eta, beraz, izena eman nuen.

Mari Mar Perez: Nik euskeraz dakit, txikitatik euskeraz ikasi dudalako. Nire gurasoak ez dira euskaldunak, baina amak txikia nintzenetik egin du nik euskeraz ikasteko ahalegina; txikia  nintzenean ikastolan matrikulatu ninduen, eta nire esku utzi zuen euskera ikasteko erabakia. Berak nahi zuena zen nik aukera hori izatea. Familiako lehenengo euskalduna naiz eta oso harro nago.

«Garrantzitsua iruditzen zait euskaltegira etortzeko laguntza ekonomikoak ematen jarraitzea»

Hala ere, institutua amaitu nuenetik ez dut euskera gehiegi erabili. Izan ere, Turismoko Gradua ikasi nuen eta, hortaz, beste hizkuntza batzuk erabili ditut lan munduan. Gainera, graduan erderaz ikasteko aukera bakarrik izan nuen. Gerora, administrazioan egin dut lan, baina hor ere erderaz egin dut gehiena. Beraz, euskera, batez ere idazterakoari dagokionean, oso ahaztua nuen. Nire bikotekidearekin, bere familiakoekin eta lagun batzuekin euskeraz egin dezaket, baina ez da gauza bera giro horretan hitz egitea edo eremu formal batean egitea. Horregatik eman nuen izena, horretan trebatzeko eta tituluren bat izateko. Nork daki, agian lan mundurako balio izango dit. Orain langabezian nago eta aukera ezin hobea ikusi dut euskaltegira etortzeko. 

Ander Lopez: Etxean betidanik egin izan dut euskeraz. Batxilergoan EGA ateratzeko aukera izan nuen, baina ez nuen egin. Ordutik enpresa munduan ibili naiz lanean, baina orain Lanbide Heziketan eskolak emateko master modukoa egiten ari naiz, eta lan horretarako eta zerrendetan sartzeko beharrezkoa da izatea euskerako C1 ziurtagiri akademikoa.

«Badakit hitz egitea zailagoa dela, baina bide onetik noala uste dut; asko ikasten ari naiz euskaltegian»

Aurrerapausoak eman dituzuela nabaritu duzue?

J.A.: Konplikatua da euskerak dituen aditzen estruktura zein den jakitea, eta hori da gehien kostatzen zaidana. Gainera, batzuetan hitz batek asko aldatzen du elkarrizketaren haria, eta zenbaitetan galdu egiten naiz. Anekdota asko ditut horrekin; adibidez, behin koadrilakoekin nengoela, uste nuen bidaia baten inguruan ari zirela hitz egiten, baina barregarria izan zen, ea zer moduz eskiatu zuten galdetu nienean, zeren eta ez zuten horrelakorik aipatu. Baina horregatik nago hemen, euskera hobetzeko gai naizela uste dudalako. Hala ere, noski, aurrerapausoak eman ditut hemen izena eman nuenetik. Orain hobeto hitz egiteko gai naiz.

B.S.: Hasieran, batez ere, oso zaila izan zen. Ez nuen hizkuntza ezagutzen eta zaila da, ezinezkoa ez esatearren, beste hizkuntzaren batekin alderatzea. Baina pixkanaka hobetzen ari naiz, dagoeneko ulertzeko gai naizelako. Gainera, egunetik egunera euskera ikasteko gogo haundiagoa dut, eta beharra sentitzen dut ingurukoak zer esaten ari diren ulertzeko eta elkarrizketan euskeraz parte hartzeko. Badakit prozesu luzea izan daitekeela, baina garrantzitsua da kontuan hartzea bideaz gozatu egin behar dela. Horrela, errazagoa izango da.

M.P.: Beti izan dut arazoa, edozein hizkuntzarekin, idazlanak egiteko. Alde horretatik esan beharra dut asko hobetu dudala, nahiz eta oraindik akatsak egiten ditudan eta horiek zuzendu beharra dudan.

M.H.: Nik azaroan hasi nituen eskolak eta izugarri nabaritu dut hobekuntza. Ni, adibidez, orain dela 2 hilabete ez nintzen gai euskeraz hitz egiteko. Orain, aldiz, elkarrizketak izateko gai naiz.

B.S.: Lehen esan dudan moduan, duela urte eta 3 hilabete iritsi nintzen Hernanira, eta ulermena asko hobetu dut. Badakit hitz egitea zailagoa dela, baina bide onetik noala uste dut; euskaltegian asko ikasten ari naiz.

 

Zer leku du euskerak zuen egunerokotasunean?

J.A.: Esan dudan moduan, garrantzia haundia duela uste dut eta horregatik nago hemen. Ekintza asko egiten ditut, euskera ikasten ahalegintzeko. Eta egunerokotasunean, koadrilarekin, semearekin eta semearen eskolan ere, adibidez, euskeraz egiten dut. Irakasleekin guraso bilerak daudenetan, nigatik hizkuntza ez aldatzeko eskatu nuen hona heldu nintzenean. Ni dena euskeraz egiten ahalegintzen naiz, baina batzuetan estres linguistikoa eragiten dit horrek, nahiz eta elkarrizketa elebidunak izateak axola ez didan.

A.L.: Nik txikitatik egiten dut euskeraz eta nire inguruko guztiekin euskeraz egiten dut. Hala ere, lana bilatzerakoan titulu batekin berretsi behar dut euskaraz egiten dakidala, eta hori ez zait ondo iruditzen; beste hizkuntzekin ez da gauza bera gertatzen. Hau da, uste dut gizarteko zenbait esparrutan garrantzia haundiagoa ematen diotela titulu ofiziala izatearen kontuari, euskeraz egunerakotasunean modu naturalean hitz egiten jakiteari baino.

M.P.: Ados nago aurrekoarekin. Gainera, iruditzen zait, kasu batzuetan behintzat, B2 edo C1 tituluak dituzten pertsona batzuen euskera-maila ez dela ziurtagiri akademiko horrek neurtzen duenaren parekoa. Hori horrela, Anderrek esan duen moduan, nire iritziz euskeraz dakigunoi baldintza gehiago eskatzen dizkigute lan munduan, hizkuntzari dagokionez. Aurretik esan bezala, Gaztelan Administrazio Publikoko langile bati ez diote eskatzen erderaz dakiela baieztatzen duen agiririk; hemen, berriz, bai. Horrekin batera, zer esanik ez kargu potente bat duten EAEko administrariez edo politikoez. Horietako batzuek ez dute euskeraz ondo egiten eta, beraz, argi dago ez dutela inolako titulurik. Orduan, zer? Horrelako lanpostuetako arduradunek ez dute akreditaziorik behar eta guk, ordea, bai? Hori ez da bidezkoa.  Frustrazio galanta eragiten du horrek.

B.S.: Nire ustean, beharrezkoa da kargu batzuetarako euskera-maila minimo bat izatea; alegia, zenbait lanpostu publikoetan ulergarria da ziurtagiria eskatzea. Hala ere, ez dut uste beste postu batzuetarako hain garrantzitsua denik. Adibidez, kiosko batean lan egiteko C1 titulua da beharrezkoa; eta, nire iritziz, bertan lan egiteko gai ere izango da euskeraz hain bikain hitz egiten edo idazten duen langile bat. Beraz, bestelako sistema bat ezartzea gomendatuko nuke nik; alegia, euskeraz trebatzen joaten garen heinean, lanpostu horiek eskuratzeko aukera izatea. Hori egingo balute, hizkuntza ikasteko motibazioa ere areagotuko litzateke.

 

Euskaltegian soilik praktikatzen duzue? Ala, etxean, senideekin, lagunekin… erabiltzen duzue?

M.H.: Orain arte nire ingurukoekin beti erderaz egin izan dut, baina euskaltegian izena eman dudanetik, semearekin euskeraz egiten ahalegintzen naiz.   Aitortu beharra dut zaila dela, hizkuntza-ohiturak nahiko zehaztuta ditugulako gure artean. Dena den, asko animatzen nau euskeraz egitera; Hernani herri euskalduna dela esaten dit eta euskeraz egiten jakitea garrantzitsua dela azpimarratzen dit.

T.G.: Lehenengo hitza askotan erderaz ateratzen zait niri. Nire bikotekidearekin, adibidez, euskeraz egiten dut, edo hori saiatzen naiz behintzat. Baina berarekin ere, euskeraz trabatzen naizenean erderara jotzen dut.

M.P.: Niri ere gauza bera gertatzen zait. Egunerokotasunean pertsona batekin erderaz hitz egitera ohituta banago, berak niri erderaz egingo dit. Horregatik, adibidez, nire bikotekidearen familiarekin erderara jotzen dugu askotan.

«Diskurtsoa aldatzeko unea dela uste dut. Beste momentu historiko batean gaude; ondo dago kontzientzia-historikoa izatea, baina euskera ikasteko zaila dela esaten jarraitzen badugu, motibazio falta sortuko da»

 

Lehenengo hiruhilekoa amaitu duzuen honetan, zer da euskaltegitik gehien gustatzen zaizuena?

T.G.: Ez nuke jakingo gauza bakar bat aukeratzen. Izan ere, oso gustura etortzen naiz euskaltegira eta dena gustatzen zait.

M.P.: Nik azpimarratuko nuke gure taldean oso giro polita dagoela ikasleen eta irakaslearen artean. Horrek errazagoa egiten du goizero hona etortzea.

B.S.: Bai, guk ere oso giro ona dugu, eta irakasleak jarrera goxoa du gurekin. Gainera, Udal Euskaltegian euskera irakasteko erabiltzen duten metodologia oso ona da.

J.A.: Duela 11 urte heldu nintzen hona, eta ordutik euskera ikasi dut hainbat lekutan. Oso esperientzia positiboa izan nuen horietan, baina Hernaniko Udal Euskaltegian euskera irakasteko metodologia oso ona dute. Antolakuntzarekin hizkuntza ikasteko erraztasunak ematen dizkigute; entzumenak, mintzamenak eta idazlanak egiten ditugu, eta online plataforma bat ere badugu, klasean landutako material guztiarekin. Alegia, euskaltegian dagoen diziplinak eta koherentziak asko laguntzen dit euskera ikasterakoan.

Horrez gain, gelakideak kafea hartzeko geratzen gara eskolaz kanpo, eta euskeraz hitz egiten dugu. Gabonetarako ere lagun ezkutua prestatu dugu. Horregatik diot, euskera ikasteko ez ezik, talde batean egoteko eta harreman berriak egiteko ere balio izan didala hona etortzeak. Klasera etorri eta egunero elkar ikustea pozgarria da niretzat.

 

Pandemiaren eragina sumatu duzue euskaltegian? Zein neurri hartzen dituzue, klaseak emateko garaian?

A.L: Ikasle batzuk konfinatuta egon dira eta ezin izan dute klasera etorri. Hala ere, argibideak ondo jarraitu dituzte, etxeko-lanak egin dituztelako eta, beraz, ez dute arazorik izan alde horretatik. Bestelakoan, talde lanak ez ditugu egiten, mahaiak banatuta ditugulako.

M.P.: Hori da. Bestalde, euskaltegian prebentzio eta segurtasun neurri guztiak hartu dituzte: mahaia eta aulkia desinfektatzen ditugu, gel hidroalkoholikoa dugu eta segurtasun distantziak mantentzen ditugu. Oso ondo antolatu dute hori euskaltegian.

B.S.: Gure kasuan, pasa den ikasturtean mahaiak launaka genituen jarrita eta talde lanak egiten genituen batzuetan. Dena den, pandemia dela eta hori guztia aldatu da. Hala ere, nahiago dut eskolara modu presentzialean etorri, klaseak etxetik jarraitu behar izatea baino. Martxoan,  konfinatu gintuztenean, klaseak online egin behar izan genituen, eta diziplina haundiz jarraitu genituen. Baina, esan bezala, nahiago dut klasera etorri, euskera modu birtualean ikasi behar izatea baino.

«Azal koloreagatik edo itxuragatik erderaz zuzentzen dira niregana askotan, elkarrizketa bat hasterakoan; eta amorrazioa ematen dit, euskeraz egiteko ahalegina egin nahi dudalako»

J.A.: Maskarilla erabili behar izateak antsietatea sortzen dit, batez ere ordu eta erdiren ondoren. Hala ere, nire semea etortzen zait burura, eta pentsatzen dut umeak eskolan maskarilla jarri behar izan dutela eta hori onartu dutela, gainera, inolako kexarik gabe; eta, orduan, gu eredu izan behar garela errepikatzen dut.

 

Nolako ikasturtea izatea espero duzue?

T.G.: Hiru hilabetetan asko hobetu dut nire euskera-maila, eta horrela jarraitzea espero dut.

A.L.: Nire kasuan, esan dudan moduan, ez dut arazorik mintzamenean edo ulermenean; idazlana da gehien kostatzen zaidana. Hala ere, orain arte egin ditudan idazlanetan hobekuntza haundia nabaritu dut, eta hori da nire helburua, hobetzen joatea.

M.P.: Idazmenaz gain, nik hiztegian nabaritzen dut hobekuntza, eta ikasturte honetan oraindik eta gehiago trebatzea espero dut. Lehen, adibidez, ez nekizkien barazkien izenak. Orain, euskaltegian nagonetik, azokara joan eta behar dudana euskeraz eskatzen dut. Txorakeria bat ematen du, baina duela hilabete batzuk arte hiztegi hori ez nuen dominatzen; eta orain, ordea, gai naiz barazkien izenak esateko.

B.S.: Nire ustean, euskaltegian ikasten duguna klasetik kanpo indartzeko eta haratago joateko ekintzak egitea paregabea izango litzateke. Koronabirusarekin zailagoa da, baina Euskaraldia bezalako ariketak ondo etorriko lirateke euskera erabili eta hizkuntza sustatzen jarraitzeko. Nik eskertuko nuke entzumena eta mintzamena praktikatzeko dinamikak egingo balira.

J.A.: Ados nago, horrelako ekintzak egingo balira, euskeraz hitz egiteko eta hanka ez sartzeko beldurra galduko genuke. Horrelakoak nik ere eskertuko nituzke.  

 

«Euskera irakasteaz gain, euskal kulturara hurbil daitezen saiatzen gara»

 

Ikasturte hasiera «berezia» izan da Udal Euskaltegian ere. Eskolak emateko modua zertxobait aldatu du irakaslegoak, egoerak hala behartu duelako. Dena den, balorazio positiboa egin dute eta pozik daude ikasleek eman dituzten aurrerapausoekin.

 

Urte arraroa izan da aurtengoa, baina Hernaniko Udal Euskaltegian egoerari aurre egiten jakin izan dute. Izan ere, beharrezko neurriak hartu dituzte eta aurrez-aurreko eskolak izatea ahalbidetu dute. Hori horrela,  dagoeneko lehenengo hiruhilekoa amaitu dute eta balorazio positiboa egin dute irakasleek. Izena eman duten ikasle guztiek euskera-maila hobetu dutela azaldu dute eta, beraz, pozik daude jasotako emaitzekin. Halaber, euskera erdigunean jartzeaz gain, euskaltegian saiatzen dira ikasleak euskal kulturara hurbil daitezen eta hizkuntza maite dezaten. Horren guztiaren berri eman diote 4 irakaslek Kronikari.

 

Zer moduz hasi duzue ikasturtea?

Ikasturte honen hasiera berezia izan da, COVID-19aren eraginez; hala ere, uste baino hobeto hasi gara.

Irailean ez genekien eskolak aurrez-aurre edo online eman beharko genituen, eta martxotik ekainera bitarte izan genuen konfinamendua bezalako beste bat etor zitekeela kontuan hartuta, uztailean eta irailean irakasleok prestakuntza saioak jaso genituen, etxetik aritu behar izanez gero, erabil genitzakeen baliabideen berri izateko.

Zortea izan dugu eta orain arte ez da, ez talderik, ez irakaslerik konfinatu beharrik izan; halere, ikasle batzuek etxean geratu behar izan dute konfinatuta, eta beste batzuek eskolak etxetik jarraitzea erabaki dute.  Horiekin prestakuntza saioetan jasotako baliabideak erabili ditugu (Classroom, besteak beste) eskolak emateko.

 

Eskolak emateko modua aldatu da horrekin guztiarekin?

Bai. Guk lan asko egiten dugu ikasleak talde txikitan jarrita, baina pandemiaren eraginez, denbora gutxiago eskaintzen diogu talde lanari; talde haundian lan egitera behartuta gaude, neurri haundi batean. Hala ere, esan behar dugu ikasleek ez dutela eragozpenik jarri.

  

Asko aldatzen al da euskera maila batean edo bestean irakasteko zailtasuna?

Modua aldatzen da. Maila ezberdinetako ikasleek helburu ezberdinak izaten dituzte, eta horien arabera ematen ditugu eskolak irakasleok. Ikasleek dituzten beharrek baldintzatzen dute irakasleon irakasteko modua.

 

Nola antolatzen dituzue saioak? Dinamikoak egiten ahalegintzen zarete?

Gure eskolak praktikoak dira, eginez ikasten dute ikasleek.  Eskolak irauten duen bi orduetan trebetasun guztiak lantzen ditugu, integratuta daude.

 

Irakaslea zaren aldetik, zein egoeratan ikusten duzu euskeraren erabilera?

Gure ustez, faktore batek baino gehiagok du eragina euskeraren erabileran. Kasu batzuetan erabaki pertsonala izaten da euskera erabiltzea; inguruak ere asko baldintzatzen du hizkuntza baten edo bestearen hautua egiteko orduan, baita ohiturak ere.

Euskera ikasle gehienek ez dute euskeraz hitz egiteko ohiturarik, eta askok inguru euskaldunik ere ez. Ikasleak kexatzen dira euskaldunok pazientzia gutxi dugula haiekin, euskeraz hizketan hasitakoan euskaldunok erdarara pasatzen garela; ez diegula aukerarik ematen ikasitakoa erabiltzeko eta zabaltzeko. Eta, jakina, horrek guztiak eragin haundia du erabileran.

 

Zuen ustez, zer egin beharko litzateke hizkuntza-ohiturak aldatzeko?

Erreferente euskaldunak behar ditugu maila eta arlo guztietan: erakundeetan, enpresetan, kirol-klubetan… Erakundeek erraztu egin beharko lukete herritarrok euskeraz aritzeko ohitura hartzea, gure hizkuntza hautua euskera izatea.

Horretarako, erakundeen ohiko hizkuntza euskera izan dadin lan egin beharko litzateke, natural bihurtu, euskera izan dadila ingurune horretako hizkuntza naturala.

Udal Euskaltegian hori lantzen duzue? Ala, euskera irakastera mugatzen duzue metodologia?

Gure helburu nagusia ikasleei euskera irakastea bada ere, ikasleekin egiten dugun lana ez da horretara mugatzen. Euskera irakasteaz gain, euskal kulturara hurbil daitezen saiatzen gara, euskera maite dezaten.  Baita ere, udal euskaltegian hainbat ekintza antolatzen dugu, ikasleek euskeraz egiteko aukera izateko: barnetegiak, Mintzodromoa, ipuin-kontaketak, hitzaldiak, ikastaro laburrak… Eta Dobera Euskara Elkarteak antolatzen duen Gure artean euskaraz egitasmoan parte hartzera ere animatzen ditugu ikasleak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!