Garaipen bila bihar, Beasainera

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Goierri-Gorriren kontra jokatuko du Hernanik, 16:00etan hasita Loinazen, Euskal Ligako partidua. Aurreneko garaipena nahi dute txuri-berdeek.

Euskal Ligako seigarren partidua jokatuko du Hernanik, asteburu honetan. Beasainen ariko dira txuri-berdeak, Goierri-Gorri taldearen kontra. Bihar izango da hori, arratsaldeko 16:00etan hasita, Loinaz zelaian. Eta punturen bat pilatzeko gogoz bakarrik ez, garaipen bila joango dira hernaniarrak. Izan ere, estreinako garaipena lortu gabe dira oraindik, denboraldi honetan.

Kontrarioa ez dute xamurra izango, baina ezta gogorrena ere. Multzoko laugarren postuan dago talde goierritarra, sei partidutan zazpi puntu lortuta. Lau puntu gutxiago dauzka Hernanik, bost partidu jokatuta. Baina Goierri-Gorrik bi garaipen lortu dituen arren, antzeko emaitzak lortu dituzte bi taldeek.

Izan ere, biek jaso zituzten gol asko, Athleticen kontrako partiduan; eta biek berdindu zuten Lakuaren kontrakoa. Aurrera de Vitoriarekin, berriz, Hernanik berdindu egin zuen Gasteizen, eta Goierri-Gorrik ira­bazi etxean. Eta aldiz, Leioarekin berdindu egin zuten txuri-berdeek, eta galdu goierritarrek.

Athleticen kontrako partidua atzean utzita, sendotasuna erakutsi du Hernanik, eta Eibar indartsuaren kontrakoa bakarrik galdu du ordutik; hori ere defentsan sendo arituta, gainera.

Horri gehitu behar zaio, aurreko asteburuan galdu zuela Goierri-Gorrik Athleticen kontrakoa, 8-0 emaitzarekin.

Motiborik ez dute falta hernaniarrek, beraz, garaipenaren bila ateratzeko Loinazen. Hiru bider falta izan dute garaipena lortzeko pausotxoa, eta berdinketarekin konformatu behar. Garrantzia haundiko hiru puntu izan daitezke biharkoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!