«Jendea harrera-familia izatera animatzen dut; ume horiek ematen dutena ezin da hitzekin deskribatu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Adriana Uralde, harrera ama, Kronikarako elkarrizketan.

Gaur egun 412 ume daude Gipuzkoako harrera familietan. Madalena da haur horietako bat, eta Adriana Uralde hernaniarrak, bere harrera amak, esperientziaren berri eman dio Kronikari.

Zergatik erabaki zenuten harrera-familia izatea?
Beti izan dut argi umeei lagundu nahi niela, nahiz eta bi seme biologiko izan. Harreran, adopzioan edota beste edozein modutara laguntza eskaini nahi nien. Hala ere, iruditzen zitzaidan harreran dauden umeek babes gutxiago dutela eta, beraz, senarrak eta biok etxeko gainereakoekin hitz egin genuen eta gure asmoa adierazi genien. Eta horrelaxe izan zen: Diputaziora deitu genuen eta hor hasi zen prozesu guztia. Bide luzea da, baina hasieratik etxeko lauak batera egon ginen eta elkarrizketak, hitzaldiak eta bestelako bilera guztiak elkarrekin egin genituen.


Nolakoa da zuen familia?
Gaur egun 5 pertsona bizi gara etxean. Senar-emazteak, seme biologikoak –Haritz eta Aingeru, bixkiak- eta Madalena, harrera haurra. Duela 4 urte inguru heldu zen gugana, 2016ko uztailaren 16an. Orain 12 urte ditu, hau da, 7 urte zituela etorri zen hona. Guretzat etxeko txikia da eta oso pozik gaude… oso bihotz oneko neska da.


Ezaugarri bereziren bat behar da harrera familia/ama izateko?
Ez, inolaz ere. Gogoa eta ilusioa behar dira; eta, batez ere, maitasuna emateko prest egon behar da. Noski, ez dut esango bidea erraza denik. Hasieraz zaila izan zen eta seme biologikoekin gertatzen den moduan, guztia ez da beti polita. Gainera, ume hauek zama haundia dute gainean, aurretik bizi duten guztiagatik; eta gurekin ordaintzen du, zenbaitetan, barruan duena. Baina, guztiaren gainetik, emaitza oso poitiboa da, eta etxekoentzat Madalena alaba edo arreba bat bezala da. Edonori gomendatuko nioke harrera-familia izatea, oso aberasgarria delako. Harreran dauden umeen familia biologikoak arazoak izaten dituztela esaten da.


Horrek beldurra sortzen du, harrera-familia izateko pausoa ematerakoan?
Egia esan, ez. Prozesua hasteko prest azaldu ginenean bilerak egin genituen, eta hor argi utzi ziguten egoera zein zen. Gainera, azken momenturarte ez dute harrera umearen gaineko informazioa ematen; alegia, soilik galdetzen dute ea neska ala mutila izatea nahi den eta adina zein izatea gustatuko litzaigukeen. Guri berdin zitzaigun neska edo mutila izatea, baina nahiago genuen 4 urtetik beherakoa izatea. Izan ere, iruditzen zitzaigun bidea errazagoa izango zela. Hala ere, psikologoak ume helduago bat hartzeko animatu gintuen. Kontatu zigun kontzienteagoak direla, eta, horrez gain, zailagoa dela adin nagusiagoko umeak harreran hartzea. Eta horixe egin genuen: Madalena etxera etorri zen 8 urte betezera zijoanean. berarekin ospatu genuen urtebetetzea.


Etxekoek ezagutzen al dituzue umearen guraso biologikoak?
Bai, argazkiz ezagutzen ditugu. Gainera, hasieran etxegorria deituriko horretara joaten ginenean, Ategorrietara, gurasoak ikusi genituen umea bertan utzi genuen bisita batean. Deskuidoz izan zen, nahi gabe. Izan ere, kotxez joaten ginen hara eta Madalena utzi genuen bisitetako batean, bertatik pasa izan behar genuen etxera bueltatzeko, eta ikusi egin genituen.

Beste batean ere gauza bera gertatu zitzaigun. Madalena gugana etorri zen bisita amaitu ondoren eta txamarra ahaztu zuen. Esan zigun: Adri, txamarra ahaztu zait, nire amatxok dauka. Egun horretan ama biologikoa autobusez joan zen bisitara eta, hortaz, erabaki genuen autobus-geltokira joatea. Madalena autotik jaitsi zen eta hortxe zegoen ama, eserita. Momentu hori grabatua geratu zait: umeak berokia hartu zuen eta amak gu ikusi gintuen. Elkar agurtu ginen eta etxera bueltatu ginen. Alde horretatik, oso ondo moldatzen gara. Hala ere, ez da beti horrela izaten. Eta, noski, Madalenaren gurasoekin ere zenbait arazo izan ditugu, baina orokorrean, egoera ona da.

 

Aingeru, Madalena, Adriana, Haritz eta Alberto, familiko txango batean.


Nolakoa izan zen lehenengo kontaktua harrera umearekin?
Hasieran egutegi bat jarri ziguten, pixkanaka joateko. Madalena eta bere bi anaiak Amarako harrera-etxean zeuden eta, hortaz, umearekin bertako parkean geratzen ginen. Lehenengo egunean senarra eta biok joan ginen haurra ezagutzera, eta hurrengo bisitan Aingeru eta Haritz ere etorri ziren. Ordutik aurrera, laurok joaten ginen eta umearekin harramantzera.

Behin hori sendotu genuela, gure etxean lehenengo gaua egiteko ordua heldu zen. Emozionatuak geunden eta dena prest genuen. Hortaz, senarra eta biok bere bila joan ginen harrera-etxera. Alberto kotxean gelditu zen eta semeak zain zeuden, etxean. Dena dena, zentrora heldu nintzenean Madalena negar batean zegoen, ez zela etorriko esanez. Bere anaia txikia hor utziko ez zuela errepikatzen zuen behin eta berriz. Momentu hori oso gogorra izan zen: psikologoak esaten zion aukera hura aprobetxatu behar zuela, trena behin bakarrik pasako zekalo. Hori oso latza da 7 urteko ume batentzat.

Hori horrela, lasai egoteko esan nien, hurrengo astean berriro saiatuko ginela. Baina proposatu nien haurra etxera ezer gabe etortzea hobea zela, izan ere, maleta hartu eta harrera-etxea uztea, grafikoki, gogorra da. Beraz, horixe egin genuen: hurrengo astean etxera etorri zen eguna pasatzera, eta nahi izanez gero, Hernanin geldituko zen lotan. Presionatu gabe egin genuen hori guztia, eta oso ondo irten zen. Madalenak etxean afaldu zuen eta lasai zegoenez, gurean gelditu zen asteburua pasatzera.

Hezitzaileek esan ziguten lehenengo fase horretan umea urdurdi egoten dela eta, horregatik, zehaztu zuten agian ohean pixa egingo zuela edo lo gutxi egingo zuela. Baina, gure kasuan, guztiz kontrakoa izan zen. Lehenengo gauean 13 ordu jarraian egin zituen lo. Oso emozionantea izan zen eta asko hunkitu ninduen: ezin izan nien malkoei eutsi, eta negar batean egon nintzen. Umea lo ikusten nuen, lasai batean... Eta gaur egun, 4 urte geroago, horrelaxe jarraitzen du. Betegarria izan zen oso, eta hori ez zait inoiz ahaztuko.

 

«Etxera etorri zen lehenengo egunean 13 ordu jarraian egin zituen lo, eta ezin izan nien malkoei eutsi. Umea lo ikusten nuen, lasai batean... Oso betegarria izan zen, eta hori ez zait ahaztuko»


Zein da ume horiek duten behar haundiena?
Afektu falta dute, eta komunikatzeko zailtasunak ere izaten dituzte hasieran. Gure kasuan, Madalenak amaren maitasuna jaso duela uste dugu; aitaren aldetik, berriz, beste modu batera, baina jaso du ere. Baina azpimarratuko nukena atentzio falta da. Gogogan dut ikastolan hasi zenean eta eskola kirolean partiduak izaten hasi zenean, asko harritzen zela bere topaketak ikustera joaten ginenean. Galdetzen zidan: Baina, Adri, nire partidua ikustera etorriko zarete? Eta nik erantzuten nion: ba, noski! Nola ez gara joango ba.

Horrelako hamaika anekdota ditugu. Gauza txikienekin ere horixe gertatzen zitzaigun, hamaiketakoarekin adibidez. Haurrak asko eskertzen zuen eta harritu egiten zen, era berean, guk berari eskolara laguntzen geniolako eta motxila prestatzen geniolako. Alegia, bere gainean egote horrek atentzio haundia ematen zion, aurretik ez zuelako horrelakorik ezagutzen. Egia da, hala ere, hasieran zaila izan zela. Esaterako, etxeko lanekin laguntzen nionean, Madalenak esaten zidan: nire amak ere badaki ingelesa. Eta nik naturaltasunez erantzuten nion, eta esaten nion hurrengo bisitan bere amak erakutsi ziezaiokeela berari ere. Dena den, berak bere buruan pentsamendu hori irudikatzen bazuen arren, gezurra izaten zen hori guztia.

Baina jarrera hori ulertzekoa da, berak bere amaren eta aitaren figurak oso presente zituelako. Batez ere nirekin izan zen, eta nire senarrarekin. Adibidez, ez zidan eskutik heldu nahi. Nahiago zuen nire amari, koinatari edo familiako beste edozeini eman, nire eman baino. Baina nik banekien denbora kontua izango zela eta konfianta hori pixkanaka hartuko zuela. Eta horrelaxe izan zen. Oso maitakorra naiz ni umeekin, asko gustatzen zaizkidalako, eta gaur egun konfiantza haundia du Madalenak nirekin. Sekulakoa da... asko maite nauela esaten dit egunero, eta oso maitakorra da etxeko guztiekin.

Gero, eskolan adibidez, pixkat bat kostatzen zaio. Nabaritzen da bi urtetan edo gabezia hori izan duela. Hala ere, oso pozik joaten da klasera. Haritz eta Aingeru etxean ikusten ditu, ikasketak dituztela eta lanean ari direla, eta eredu dira berarentzat. Are gehiago, berak dio heldua denean harrera-etxe batean egin nahi duela lan, ume txikiekin; txiki-txikitatik datorkio hori. Hor nabaritzen da, 12 urte dituen arren, oso heldua dela.

Zer da Madalenak eman dizuen gauzarik onena?
Ama naizen aldetik badakit amatasuna zer den eta ez nuen behar hori. Hortik abiatuta, guk bagenekien gure helburu nagusia zein zen: ume horri laguntza ematea. Beraz, hortik aurrera haur horrek ematen duen maitasuna oso haundia da. Bestalde, nire buruari galdetzen diot ea nola den posible adin txikiko ume bat horrelako egoera batera egokitzea; izan ere, gurera etorri aurretik, Madalena bere bi anaiekin 6 hilabetez egon zen Amarako harrera-etxean, eta aurretik, familia biologikoarekin Andoainen bizi izan zen. Hortaz, Hernanira egokitu behar izan zuen, ezezagunak zituen 4 pertsonen etxe batean, eta eskola, lagunak, irakasleak... dena berria zen berarentzat. Nik argi diot: txapeldun hutsak dira harrera umeak.

Hala ere, umea familia biologikoarekin bueltatu daiteke, familia hori prest baldin badago. Une hori irudikatu duzue noizbait?
Noski, guk hori argi dugu, hasieratik. Gogoan dut, prozesu honetan murgildu ginenean, joan ginen hitzaldietako batean bi pertsonek esan zutela gogorra izango zela umea bere familia biologikoarengana bueltatzen zen momentua. Une hartan, hitzaldia gidatzen ari zenak galdetu zuen ea zer iritzi geneukan horren gainean. Orduan, Haritzek hauxe erantzun zuen: helburua hori da, umea jatorriko familiarengana bueltatzea.

Izan ere, agian ez gara prestatuta egongo, baina hori da xedea. Egia da, hala ere, guk prozesua hasi genuenean eskatu genuela, posible balitz, behin-betikoa izatea; hau da, bere gurasoen egoera zaila delako, 18 urte bete arte behintzat umea gurekin egotea. Eta Madalenaren kasuan, adibidez, uste dugu ezinezkoa izango dela haurra bere familia biologikoarengana bueltatzea. Adin nagusikoa denean, berak erabakiko du: beraientzat dituzten etxe batera joatea, gurean jarraitzea edo jatorrizko familiarengana bueltatzea. Dena den, azken hori ez da betetzen, kasu gehienetan.

Madalenak hori badaki?
Noski. Horrez gain, aipatu moduan, harrera-umea dela daki eta naturaltasunez jokatzen du horren aurrean. Egoera horretan dauden haur batzuk hori ezkutatzen saiatzen dira, baina Madalenak ez du hori egiten. Guri, adibidez, Alberto eta Adri deitzen digu. Behin esan zidan agian ama izenez deituko zidala, bere ama biologikoari mamá deitzen ziolako; baina ez zaio ateratzen. Halaber, badaki bere gurasoak portugesak direla eta bere anaia zaharrena Portugalen jaio zela. Hori guztia badaki, guk azaldu diogulako eta baita aurretik bizi duen guztia ondo gogoratzen duelako ere. Hala ere, aipatu moduan, Madalenaren kasuan oso zaila izango da guraso biologikoak prest egotea haurrak berriro ere beraiekin izateko.

Zein da Madalenak bere familia biologikoarekin duen harremana?
Umeak bere gelan guraso biologikoaren argazkia dauka eta guztiz kontziente da. Gainera, bi anaia ditu, bat helduagoa eta bat gazteagoa. Anai txikiena Irunen dago harrera-familia batean, bi aitekin. Helduena, aldiz, harrera-etxean dago. Iruneko familiarekin oso harremana ona dugu eta geratu izan gara beraiekin, anai-arrebak elkar ikusteko.

Eta bilerak, nolakoak izaten dira?
Astean bitan elkartzen dira guraso biologikoak eta hiru anai-arrebak. Hasieran Beroa Elkarteak zuen etxe batean geratzen ziren, etxegorria deiturikoan. Orain, berriz, elkargune batean uzten ditugu umeak eta ikuskatzaileak Madalena eta bere anaia txikia jasotzen ditu. Gero, anaia zaharrena harrera-etxeko hezitzaileekin joaten da bertara, eta hirurak elkartzen dira. Horren ostean, guraso biologikoekin elkartzen dira bi ordu eta erdiz, esan bezala, beti ikuskatzaile batekin.

Madalena oso kontziente da eta bileretan gertatzen den guztia kontatzen du etxean. Hasieran gehiago kostatzen zitzaion, baina guk esaten diogu onerako edo txarrerako hobe dela hitz egitea eta sentimenduak azaleratzea. Horrela, guraso biologikoekin bilera izan ostean etxera iristen denean, ni berehala konturatzen naiz zerbait oker baldin badago. Galdetzen diot: Dena ondo, Madalena? Eta berak erantzuten dit: Dena ondo, Adri. Baina, gero, lasaiago dagoenean, gertatutako ezbeharra edo dena delakoa kontatzen digu. Izan ere, batzuetan aita edo ama biologikoak, ikuskatzailea ez dagoenean, gustukoa ez den zerbait esaten edo egiten du, eta Madalenak horren berri ematen digu beti.


Erakundeen babesa sentitu duzue prozesu guztian?
Bai, aholkularitza eta laguntza ekonomikoa jasotzen dugu. LAUKA da Familien Prestakuntza-Aukeraketaz arduratzen den taldea, eta edozein zalantza edo behar baldin badugu, haiengana jotzen dugu. Gainera, psikologo bat ere badaukagu, eta asko hitz egiten dugu berarekin. Alegia, ikusten badugu bisitaren batean zerbait okertu dela edo umeak edozer gauza esan digula, beraiei deitu eta zalantzak argitzen ditugu. Horrenbestez, alde horretatik ez dugu kexarik; alderantziz, oso eskertuak gaude.

Bestalde, harrera-familia garen aldetik, laguntza ekonomikoa ere badaukagu. Egia esan, prozesu honetan sartu ginenean ez genekien horrelako laguntzarik jasoko genuenik, eta harritu egin ginen. Izan ere, gure asmoa laguntzea zen, eta ez genuen espero haiek guri laguntze ematea. Hasieran kontraesankorra iruditu zitzaigun. Izan ere, gu prest geunden gure aldetik beharrezkoa zena emateko. Hala ere, noski, edozein seme-alaba biologikoren moduan, gastua du eta, beraz, hori ere eskertzen da.

 

Aitziber Garin Yuste, Beroa Elkarteko aisialdiko arduraduna.

«Harrera-umeek badakite zein den beraien egoera, eta naturaltasunez kontatzen dute»

Aitziber Garin hernaniarra Beroako, Gipuzkoako Harrera-Familien Ekarteko, aisialdi taldeko  koordinatzailea da. Harreran dauden umentzat antolatzen ditu aisialdiko jarduerak eta udaran,  udalekuak: «oso esperientzia aberasgarria izaten da, asko ikasten dut egitasmo bakoitzero».

 

Gaur egun gizartean dagoen auzi nagusietako bat da familien desegituratzea eta horrek eragiten duen haurren babesgabetasun egoera. Izan ere, krisi ekonomikoak, langabeziak eta indibidualismoak horrelako kasuak areagotzea ekarri du. Edonola ere, hainbat bide existitzen dira arazo horri nolabaiteko konponbidea emateko. Horien artean dago, hain justu ere, azken hamarkadetan nagusitzen ari den harrera-familien alternatiba. Gaur egun, 412 ume daude Gipuzkoako harrera-familietan. Horietatik 75ek 18 urte baino gehiago dituzte, baina familia horiekin bizi dira. Hala ere, oraindik asko dira familia behar duten umeak: 409 adin-txikiko daude Gipuzkoako harrera-etxeetan, eta horietatik 60 ume daude familia baten harreraren zain.

Horren harira, hainbat taldek, eragilek, eta organismok bideratzen dituzte Gipuzkoan babesgabetasun egoeran dauden adin-txikikoen  kasuak. Beroa Elkartea da horietako bat, eta eskaintzen du harrerako fase guztien gaineko informazioa, orientazioa eta aholkularitza. Aitziber Garin Yuste hernaniarrak elkarte horretan egiten du lan, eta aisialdiko departamentuko arduraduna da. «Gure helburua da harreran dauden haurrei behar duten babesa eta lekua ematea, eta harrera-familiei laguntza eskaintzea», azaldu du. Udalekuak, txangoak eta bestelako dinamikak antolatzen ditu Garinek eta dio, harrera-familientzat eta umeentzat, «bi aldeentzat», dela egokia horrelako saioak antolatzea. «Umeek beraien egoeran dauden gainerako haurrekin eta gazteekin harremantzeko aukera dute; eta harrera-familientzat ere deskantsatzeko modua da».

«Denek dakite, hasieratik, zein den beraien egoera»

Adopzioa eta harrera gauza bera ez direla azaldu du Garinek. «Harreran dauden haurrak, berez,  aldi baterako egongo dira familiarekin eta adopzioak, berriz,  behin betiko izaera du». Horren buetan, helarazi du ume guztiek dakitela beraien egoera zein den. «Naturaltasunez hitz egiten dute gaiaz, badakite beraiek bizi diren etxea ez dela familia biologikoarena», kontatu du. Gainera, gehitu du, «ondo dakite, agian, egunen batean, harreran dauden familia utzi eta familia biologikoarengana bueltatuko direla».

Halaber, jatorrizko familiarekin kontaktua izateko aukera dutenez, bisitak dituzten egunetan «urduri» egoten direla azaldu du aisialdiko koordinatzaileak. «Ekintzak edo irteerak ditugun egunetan asko nabaritzen da umeren batek guraso biologikoak ikusi behar baldin baditu. Izan ere, hezitzaileei eta zenbait haurrei kontatzen diete bisita dutela; eta, gainera, urduri egoten dira». Horren harira, Garinek azpimarratu du batzuetan «gogorra» izaten dela prozesu hori. «Zenbaitetan guraso biologikoak ez dira bisitara joaten, eta oso arrotza da hori umeararentzat». Edonola ere, kasu guztiak ez dira berdinak. «Badira harreman ona duten umeak eta familiak, noski. Gainera, bisita horietan beti hezitzaile bat egoten da beraiekin; bai Beroatik uzten diegun gelan, bai aukeratzen duten beste edozein topagunetan».

Kasu bakoitza «ezberdina» da

Aisialdiko ekintzetan parte hartzen dutenean askatzen dute umeek barruan daramakitena. «Motxila haundia dute gainean, eta gugana etortzen direnean asko hitz egiten dute batzuek, eta kontatzen digute nola sentitzen diren eta zer moduz dauden harrera-familietan», azaldu du hernaniarrak. Hala ere, «kasu bakoitza «ezberdina» da. «Bizi duten esperientziaren arabera, batzuk isilagoak dira, beste batzuk oso mugituak... denetarik dago. Gehienetan sentimenduak azaleratzeko arazoak izaten dituzte; alegia, hasieran ez dute jakiten nola komunikatu. Txikitatik izaten dituzte gabezia horiek, eta nabaritzen da». Ume horiek bizi dutena ez da erraza izan eta, hortaz, Garinen esanetan, «batzuetan jarrera zailak izan ditzakete, bizi izan dituzten esperientzia negatiboengatik». Edonola ere, horren guztiarengatik gailentzen du Beroakoak babesgabetasun egoeran dauden umeei babesa ematea. «Oso esperientzia aberasgarria da eta laguntza haundia da haur eta gazte horientzat». 

18 urte betetzean, norberaren esku geratzen da erabakia

Harreran dauden haurrak adin nagusiko gazteak bihurtzen direnean hainbat aukera izaten dituzte. «Ordurarte egon diren harrera-familian geratu daitezke, edo, bestela, beste edozein bide hartu dezakaete. Norberaren esku geratzen da erabakia», azaldu du Beroako langileak.

«Oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea»

Azken urteotan indarrra hartu badu ere, hernaniarrak helarazi du «oso garrantzitsua» dela gai honi ikusgarritasuna ematen jarraitzea. «Harrera-familia izateak ez du eskatzen ezaugarri zehatz batzuk betetzea; hau da, izan daiteke ama bat, aita bat, ama eta ama, aita eta aita, seme-alabak dituen familia...», jakinarazi du.  «Gainera, datuak argiak dira, eta beharra dago. Guztiok ez dugu zorte bera izan eta batzuetan bizitzak kolpe latzak eman ditu».

Horregatik, hernaniarrak me­zua zabaldu du, harrera-fami­lia izatera animatzeko. «Laguntzeko modu asko daude,  eta harrera-familia motak ere anitzak dira: borondatezkoak, espezializatuak, larrialdikoak, aldi baterakoak eta iraunkorrak daude. Une honetan presa dutenak hauxek dira: 50 harrera-familia boluntario eta 10 familia espezializatu». Informazio gehiago nahi dutenek eman eskatu dezakete: familiaharrera@gipuzkoa.eus, edo 943 11 25 22 telefono zenbakian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!