Zarautzen jokatuko du Hernanik gaur, urteko azkeneko partidua

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Arratsaldeko 16:00etan izango da, Asti zelaian; eta internet bidez ikusi ahal izango dute zaleek, Zarautz Rugby Taldearen YouTubeko kanalean.

Etxetik kanpo, baina Landaretik gertu agurtuko du urtea Herna­ni Errugbi Elkarteak. Zarautzen jokatuko dute tri­koloreek, urteko azkeneko partidua, Ohorezko B Mailakoa. Gaur izango da hori, arratsaldeko 16:00etan hasita, Asti zelaian; eta Zarautz izango dute aurrean. Partidua ikustera joaterik izango ez duten arren, zuzenean ikusi ahal izango dute zaleek, internet bidez: Zarautz Rugby Taldeak YouTuben daukan kanalean eskainiko dute.

Aurreneko urte erdia gogorra izan zen, eta modurik onenean agurtu nahi dute hernaniarrek, Ohorezko B Mailako lidertza sendotuta. Orain arte, jokatutako bost partiduak irabazi dituzte, denetan erasoko bonusa eskuratuta, gainera. Horietan, 51 entsaio pilatu dituzte, eta sei besterik ez dituzte jaso kontra.

Zarautz, berriz, zazpigarren postuan dago, bi partidu irabazi eta hiru galduta. Hortaz, trikoloreak izango dira faborito, gaurkoan ere garaipena lortzeko, eta garaipenen plenoa mantentzeko. Edozein kontrario izan daiteke arriskutsua, dena den.

Gaurko partiduaren ondoren, bi asteburutan hartuko du­te atseden, eta urtarrilaren 9an izango dira bueltan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!