Lidertza eta semifinaletarako azkeneko txartela, jokoan gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Elkarren kontra ariko dira gaur, Urriza eta Barrenetxea. Argazkia: Maialen Andres

Elkarren kontra ariko dira, 15:30etan hasita Galarretan, Ansa II-Aizpuru III eta Goikoetxea V-Endika; eta Urriza-Labaka eta Segurola-Barrenetxea IV.

Gaur bukatuko dute Binakako Txapelketaren ligaxka, Galarretan, arratsaldeko 15:30etan hasiko den jaialdiarekin. Eta hainbat kontu daude erabakitzeko oraindik, hurrengo faseari begira. Izan ere, lau semifinalistetako hiru erabakita dauden arren, haien arteko postu dantza hamaika modutakoa izan daiteke; eta semifinaletarako laugarren txartela ere erabakitzeko dago.

Horrela, oso garrantzitsuak izango dira, gaurko bi partidu­ak. Aurrenekoan, Ansa II eta Aiz­puru III liderrak (12 puntu) ariko dira, Goikoetxea V eta Endika (2 puntu) azkeneko sailkatuen kontra. Ansak eta Aizpuruk garaipena nahi dute, aurreko hiru partiduetan bezala, lidertza ziur­tatzeko. Baina irabazteko beharra daukate Goikoetxeak eta Endikak ere, semifinaletara sailkatzeko. Juanenea eta Larrañagari (4 puntu) hartu behar diete aurrea, eta haiek dagoeneko jokatu dituzte partidu guztiak. Gaurkoaren pendiente egongo dira haiek ere.

Beste partiduan, berriz, bigarren eta hirugarren sailkatuta daudenak ariko dira: Segurola eta Endika Barrenetxea hernaniarra (10 puntu), Urriza eta Labakaren (9 puntu) kontra. Partidua irabaztera aterako dira Barrenetxea eta Segurola, bigarren postua ziurtatzeko, eta Ansak eta Aizpuruk huts eginez gero, baita lidertzara salto egiteko ere. Asmo berarekin aterako dira kontrarioak, ordea.

Ikuslerik gabe jokatuko dira bi partiduak, baina jaialdia zuzenean ikusteko aukera izango dute zaleek: EITBk emango du zuzenean, interneten, arratsaldeko 15:30etan, eitb.eus webgunearen bitartez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!