Ibilaldia gaur goizean, Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 18a, 00:00

Goizeko 10:00etan abiatuko dira, Amher elkartearen egoitzatik; irekia da partehartzea. Bihar, murala egingo dute Gaztelekukoekin.

Hernanin solidaritatea eta kooperazioa sustatzeko asmoz, beste urte batez ari dira ospatzen Hernani Solidarioa jardunaldiak, hainbat ekintzarekin. Eta azkeneko biak, gaur eta bihar izango dituzte.

Hain justu, gaurkoa da jardunaldien egun seinalatuetako bat: Pertsona Migranteen Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatzeko, ibilaldia antolatuko du Amher elkarteak.

Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, eta Amher elkartearen egoitzatik abiatuko dira, ibilaldia egiteko. Elkarteko boluntarioek antolatuko dute paseoa.

 

Mural margoketa, bihar

Berezia izango da biharko hitzordua ere, aurtengo jardunaldiei bukaera emango diena. Izan ere, Hernaniko Gaztelekuarekin elkarlanean egingo dute: mural bat margotuko dute, Gaztelekuko nerabeekin batera.

Arrazakeriarekin lotutakoa izango da murala, eta arratsaldeko 16:30etatik 18:30etara egingo dute, Gaztelekuaren lokalean bertan (Aristizabal kalea, 5). Gaztelekuak jakinarazi duenez, segurtasun neurriak bermatzeko asmoz, 13 pertsona bakarrik egon ahal izango dira bertan, aldi berean. Hortaz, jende gehiago izanez gero, txandaka arituko dira murala osatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!