100 urte beteko ditu gaur, Petra Arraras Ulayarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 00:00

Petra Arraras, Udalaren eskutik jasotako lore eskaintzarekin.

Urtebetetze borobila dauka hernaniarrak. Mugiron jaio zen, baina 16 urterekin etorri zen.

Petra Arraras Ulayar hernaniarrak 100 urte beteko ditu gaur. Mugiron (Nafarroan) jaio zen, 1920 urtean, eta bera izan zen zazpi anai-arrebetan zaharrena, etxean.
Oso emakume langilea izan dela azpimarratu du Hernaniko Udalak. Izan ere, «14 urterekin joan zen Tolosara, taberna batean lan egitera; eta 16 urterekin etorri zen Hernanira bizitzera».
Denbora pasa ahala, ezkondu, eta hiru seme-alaba izan zituen Petrak. Horrez gain, lau biloba, eta bi birbiloba ere baditu. Beti izan du «oso gertuko harremana» familiarekin, eta egun ere horrela jarraitzen du.
Etxean bizi da Petra, senitartekoen bisitak jasotzen ditu, «eta adinaren gorabeherak gorabehera», osasuntsu dago.
Pandemiaren ondorioz, urtebetetzea ez da ohiko moduan izango. Segurtasun neurriak mantenduta, «familiaren epelean» igaroko du egun berezia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!