Bideak urratu eta ireki zituen emakume baten ahots eta borrokak argitara, Kattalin Minerrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 00:00
Leokako labaderoan aurkeztu zuten 'Empar Pineda Erdozia: Gorputzak hala eskatuta' liburua.

Atzo aurkeztu zuten, Empar Pineda Erdozia hernaniarraren bizipenak jasotzen dituen liburua. Kattalin Miner hernaniarrak idatzi du, eta azaldu du, «bere ahots eta esaldiekin egindako liburu bat» dela.

Hernaniko Udaleko Berdintasun Kontseiluak, urteak daramazki oroimen historikoaren berreskurapen lanetan; «zehazki, Hernaniko emakumeen inguruko historia jaso, landu eta herritarren esku jartzeko asmoz».

Hori horrela, Hernaniko Udalak eta Berdintasun Arloak, Empar Pineda Erdozia: Gorputzak hala eskatuta liburua argitaratu berri dute. Kattalin Miner izan da idazlea, eta Maddi Zumalabe ilustratzailea.

Hernaniarrari buruzko argitalpen hau, Pinedaren «ahotsetik» kontatutako istorioa dela azaldu du Minerrek: «elkarrizketa moduan egin nuen, Emparren esaldiak bere horretan jarri nahi nituelako, indar haundikoak baitira».

Atzo egin zuten liburuaren aurkezpena, Leokako labadero­an, «betidanik izan baita ema­kumeon txokoa».

Kattalin Minerrek, Bartzelonan egin zion elkarrizketa Empar Pinedari:  «bere etxean hartu ninduen, eta zinez eskuzabala izan zen elkarrizketan». Pinedak urte luzetan jasandakoak azaldu zizkion idazleari: «frankismo garaian bizitakoa, borroka komunista, abortuari buruzko hainbat pasarte...».

Era berean, Kattalin Minerrek azpimarratu du, Pinedak argi utzi  ziola bere bizitza ez zitzaiola apartekoa iruditzen; «gorputzak eskatu diona egin duela, besterik ez». 

Liburua jadanik eskuragai da­go, Plaza Feministan zein Elkar liburu dendan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!