Mobilizazioa egingo dute bihar goizean, laneko heriotzak salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 00:00

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE ETA HIRU sindikatuek, mobilizazioa egingo dute bihar Donostian, eta bat egin du Hernaniko LABek.

Garraiolari bat hil zen asteartean, A-15 errepidean, Andoainen. Eta errepidean gertatutako beste heriotza bat ere azaleratu dute sindikatuek: «urrian lanetik etxerako bidean zijoala, auto istripua izan ostean zauritu zen Papelera Zikuñagako 23 urteko langile bat, eta abenduaren 12an hil zen».
Bi heriotzen aurrean, elkartasun mezua helarazi dute Hernaniko LABetik: «gure babesa eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko eta gertukoei».
Langile hauek barne, «gutxienez 68 hil dira lanean Euskal Herrian, urte hasieratik», adierazi du LABek.
Hori guztia eta gehiago salatzeko asmotan, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek mobilizazioa antolatu dute bihar Donostian, 11:00etan hasita, Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean, Andia kaleko 13an hain zuzen. Mobilizazioarekin bat egin du Hernaniko LABek, eta herritarrak deitu nahi izan ditu, biharko ekimenean parte hartzera.
Sindikatuek azaldu dute, azpimarragarria dela, «garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak ageriak uzten dituela, errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daramazkien prekarietatea eta desarautze basatia».
Horrez gain, azaldu dute garraiolarien eskubide eza nabaria dela: «lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko kargak... jasan behar dituzte».
Eta sindikatuen arabera, mobilizazioa eta borroka «funtsezkoak dira lan istripuen aurrean». Horregatik, Hernaniko LABek laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko du: «dei egiten diogu langile klaseari, deitutako mobilizazioan parte hartzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!