Boleibola

Oso derbi gogorrean, porrota Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 15a, 00:00

Bosgarren jokoan erabaki zen partidua, eta Bera Bera nagusitu zen azkenean (2-3). Nekea nabaritu zuten etxekoek, bukaeran.

Partidu gogorra espero zen, eta halakoa izan zen derbia igandean, Hernaniko kiroldegian. Oso lehia berdindua izan zuten Hernanik eta Bera Berak, eta donostiarrek lortu zuten garaipena azkenean, bosgarren joko era­bakigarria eskuratuta (2-3).­

Garaipenaren bila atera ziren hernaniarrak, eta baita primeran hasi ere. Indartsu aritu ziren aurreneko jokoan, eta oso akats gutxirekin, aukerarik ez zioten eman talde donostiarrari. Jokoaren erdialdera iristerako, zazpi tantoren aldea pilatua zeukaten hernaniarrek, eta horri eutsi bakarrik ez, abantaila haunditu ere egin zuten, 25-11 nagusitzeko azkenean.

Indarra eman zien aurreneko joko horrek etxekoei, baina oso bestelakoa izan zen partidua, hortik aurrera. Bera Berak hobetu egin zuen bere jokoa, eta oso berdindua izan bigarrena: desenpateko tantoak ere jokatu behar izan zituzten, eta azkenean, 25-27 irabazi zuten donostiarrek, partidua berdintzeko. Gainera, zalantza batzuk sortu zituen hernaniarren artean, beraien akatsei esker irabazi baitzuten jokoa donostiarrek.

Eta horrek eragina izan zuen hirugarren jokoan: akats nabarmenak egin zituzten, eta Bera Berak bere maila onena emanda, aurrea hartu zuen markagailuan, 16-25 irabazita.

Baina lortu zuten burua berriro altxatzea hernaniarrek, be­randu baino lehen. Eta partidua berdintzea lortu zuten, laugarren jokoa irabazita (25-19). Kostata lortu zuten garaipena, dena den, oso lehiatua izan baitzen.

Beraz, bosgarren jokoan erabaki zen derbia, 15 tantora. Eta indarrak alde behar zituztenean, aurreko jokoan pilatutako nekea nabaritu zuten etxekoek. Horren ondorioz, akats nabarmenak egin zituzten berriro, eta hain joko laburrean, larrutik ordaindu zituzten. Hasieratik egin zuten tartea donostiarrek, eta 8-15 nagusitu ziren azkenean, jokoa eta partiduko garaipena eskuratzeko. Jokoaren erakusle izan zen, azkeneko bi tantoak izan ziren hernaniarren bi akats.

Defentsako lana izan zen erabakigarria, azkenean, igandeko derbian. Erasoan bi taldeak aritu ziren pareko, baina sendoagoak izan ziren donostiarrak defentsako lanean, bereziki bigarren lerroan. Horren aurrean, erasoan egin beharreko esfortzu extra nabaritu zuten hernaniarrek, bereziki hain partidu luzea izanda: bi ordu eta laurdeneko iraupena izan zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!