Erremontea

Semifinaletara pasea Barrenetxeak, larunbateko emaitzei esker

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 15a, 00:00

Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka nagusitu ziren bi partiduetan, eta hurrengo fasera sailkatu dira, Segurola eta Barrenetxea IVrekin batera.

Atseden hartu zuten larunbatean, Binakako Txapelketa Nagusian, Segurolak eta Endika Barrenetxea hernaniarrak. Baina jokatu gabe ere, semifinaletara pasea ziurtatu zuten, beste bi partiduetako emaitzei esker. Izan ere, Ansa II eta Aizpuru III nagusitu ziren aurreneko partiduan, Juanenea eta Larrañagaren kontra (40-32). Eta Urrizak eta Labakak lortu zuten garaipena bigarrenean, Goikoetxea V eta Endikaren aurrean (40-33). Horrela, larunbateko bi bikote irabazleek eskuratu dute pasea hurrengo faserako, eta baita Segurolak eta Barrenetxeak ere. Azkeneko jardunaldia bakarrik falta denean, 12 punturekin daude Ansa II eta Aizpuru III; 10 punturekin Segurola eta Barrenetxea IV; 9 punturekin Urriza eta Labaka; 4 punturekin Juanenea eta Larrañaga; eta 2 punturekin Goikoetxea V eta Endika.

Azkeneko bi bikoteen artean jokatuko dute semifinaletarako laugarren txartela, baina Goikoetxea V eta Endikaren esku egongo da dena: atsedena izango dute Juaneneak eta Larrañagak, eta garaipena behar dute azkeneko sailkatuek, Ansa II eta Aizpuru IIIren kontra, aurrera egin ahal izateko.

Segurolak eta Barrenetxeak, berriz, Urriza eta Labakaren kontra jokatuko dute, bigarren postua ziurtatzeko; eta liderrek galduz gero, baita aurreneko postura igotzeko ere.

 

Oso ezberdinak, larunbateko bi partiduak

Elkarren artean oso ezberdinak izan ziren, larunbateko bi partiduak. Oso gogorra izan zen aurrenekoa, eta Juanenea eta Larrañaga izan ziren aurretik (13-16), Aizpuruk bere onena eman zuen arte. Orduan, berdindu egin zen partidua aurrena, eta 29-24 egin zuten ihes Ansak eta Aizpuruk, ondoren. 30-29 gerturatu ziren urdinak, baina berriro egin zieten ihes.

Bigarren partiduan, berriz, bikain hasi ziren Goikoetxea eta Endika, eta hotz Urriza. Horri esker egin zieten ihes (10-20 eta 17-28). Baina orduan, 14 tanto segidan egin zituzten Urrizak eta Labakak (31-28), eta hortik aurrera ere, ez zieten aukerarik eman kontrarioei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!