Futbola

Ondo eutsi arren, ezin punturik lortu Eibar indartsuaren aurrean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 15a, 00:00

0-1 galdu zuen Hernanik larunbatean, Zubipen, Euskal Ligako bosgarren partiduan. Aurreneko zatian gola jaso, eta ezin izan zuten berdindu.

Partidu gogorra zeukan Hernanik larunbatean, Euskal Ligako bosgarrena, Eibar indartsuaren kontra. Eta ondo eutsi bazioten ere, ezin izan zuten punturik lortu azkenean, Zubipen (0-1).

Kontrarioaren zailtasunaren jakitun, defentsako lanean ondo aritzeko asmoz atera ziren txuri-berdeak zelaira. Atzean eutsi, eta kontraerasoren batean gola egitea zen planteamendua. Eta ondo bete zuten aurrenekoa, Eibar baloiaren jabe izan zen arren. Aurreneko zatiaren erdialdera, ordea, gola lortu zuten eibartarrek: Hernaniko jokalari bat jo zuen baloiak, eta ate barrura sartu zen horri esker.

Hortik aurrera, ondo eusten jarraitu zuten txuri-berdeek atzean, eta erasoan aukera gehiago izateko asmotan aritu ziren, baina kontrarioek ez zizkieten gauzak erraz jarri.

 

Atsedenalditik bueltan, erasorako jarrera

Atsedenaldia aprobetxatuz, partiduaren planteamendua aldatu zuen Fernando Molina entrenatzaileak, bigarren zatirako: erasorako intentzio gehiagorekin zelairatu ziren hernaniarrak, atsedenalditik bueltan, partidua berdintzeko asmotan. Baina berriro ere, Eibarren sendotasuna topatu zuten aurrez aurre. Haiek izan ziren baloiaren jabe, bigarren zatian ere; eta gol aukera gutxi izan zituen Hernanik.

Partiduaren bukaeran, pena zuten hernaniarrek, golik jaso gabe denbora gehiago ez eutsi izana, kontraeraso garbiagoren bat izan, eta ezustekoa emateko. Beste golik ez zuen jaso Hernanik, eta gai izan zen Eibarri ondo eusteko, partiduaren bukaerara arte. Baina berdintzeko aukerarik ere ez zuen izan.

Emaitza horrekin, multzoko azkenaurreko postuan jarraitzen du Hernanik, hiru punturekin. Goierri-Gorriren zelaian ariko dira txuri-berdeak, asteburu honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!