Presoentzat arropa bilketa egiten ari da eliza, egun hauetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 14a, 00:00

Ostegunera arte eman daiteke, Hernaniko parrokiako bulegoan: barruko arropa berria, txandalak, kamixetak, txankletak, zapatillak...

Espetxe pastoraltzarekin ari da Hernaniko elizbarrutia, Kartzelaren ondoren, komunitatearen unea da lelopean; eta ostegunera arte egingo du arropa bilketa, Martuteneko kartzelan dauden presoentzat. Hernaniko parrokiako bulegoan (Izpizua kalea 3) eman daiteke, gaur arratsaldeko 19:30etatik 20:30etara, edo ostegunean eguerdiko 12:00etatik 13:00etara.

Honakoak dira, bereziki be­har dituztenak: barruko arropa berria (gizonentzako galtzontziloak eta manga motzeko kamixetak), txandalaren galtzak, kamixetak, kirol jertseak (gizon zein emakume), bainuko txankletak (39-44 arteko neurrietakoak), kirol oinetakoak (39-45), turroi biguna, tabako gorria eta metxeroak, A motako zigiluak, gutun-azalak eta boligrafoak. «Bizitzan aurrera jarraituko badute, laguntza eta babesa eskaini nahi diegu bailaraz bailara, kartzelatik ateratzean», diote.

Adiskidetze sakramentuaren ospakizunak, gaurtik

Jakinarazi dute, bestalde, gaur hasiko direla abendualdiko adis­kidetze sakramentuaren ospa­kizunak. Gaur, San Joan Bataiatzailean egingo dute, 19:30etan; bihar Floridako San Jose Langilean izango da, 19:00etan; eta etzi, Ereñotzuko San Antonio elizan egingo dute, 19:00etan.

Familiako katekesi eguna igandean, Eguberri giroan

Eta igande honetakoa ere, elizkizun berezia izango da, eguerdiko 12:00etan San Joan Bataiatzailean egingo dutena. Izan ere, familiako katekesi eguna ospatuko dute, Eguberri giroan.

Iganderako, beste deialdi bat ere egin du elizak: «Caritasen Gabonetako kanpaina iritsiko zaigu, gure artean behar larrian dauden pertsona eta familiei laguntza eskaini eta arreta eman diezaiegun», nabarmendu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!