14 entsaio egin eta puntu bakar bat ere jaso gabe, erakustaldia Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 14a, 00:00

Bi entsaio eta 10 transformazio lortu zituen Anartz Elosegik herenegun, Uni Bilbaoren kontra. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

90-0 nagusitu zitzaion Uni Bilbaori herenegun, Landaren. Hasieratik bukaerara izan ziren nagusi trikoloreak, eta lidertza sendotu dute.

Erakustaldi bat baino gehiago eman du Hernanik, denboraldi hasiera honetan, Ohorezko B Mailan. Baina larunbatekoak gainditu zituen denak: 90-0 nagusitu zitzaion Uni Bilbao taldeari, 14 entsaio egin eta puntu bakar bat ere jaso gabe. Ligako lider jarraitzen du horrela, bost puntu gehiago pilatuta.

Landareko berdegune lokaztuan, ondo zekiten trikoloreek, zer nolako jokoa egin behar zuten: pase azkarrak eginez, oso modu dinamikoan aritu ziren, partiduari abiadura emanda, hasiera-hasieratik. Eta ederki aritu ziren gainera, tartean hutsak ere izan ziren arren.

Hasi eta minutu eta erdira lortu zuten aurreneko entsaioa, Eneko Noriegaren eskutik; kontrarioen falta bati esker bandatik sakea egin, eta maula osatuta. Minutu gutxira lortu zuen bigarrena Oier Laskurainek, hori ere bandako sake bat aprobetxatuta, baina oraingoan baloia alderik alde mugituz. Ordu laurdena bete zenean egin zuen hirugarren entsaioa Kepa Mijangosek, eta 24garren minutuan beste bat, Mikel Bidegarayk. Bi gehiago ere lortuko zituzten trikoloreek aurreneko zatian, Igor Etxeberria eta Eneko Garciaren eskutik, atsedenaldira 38-0eko emaitzarekin iristeko. Ordurako, garaipena ia ziurtatuta, eta erasoko bonusa ere eskuratuta zeukan Hernanik.

Entsaioa lortu zuten jokalariak, ugari

Bere jokoari eta intentsitateari eutsi zion Hernanik, bigarren zatian; eta aurreneko zatian sei izan baziren entsaioak, beste zortzi lortu zituzten gero. Ugari izan ziren, entsaioa egin zuten jokalariak ere: beste bana lortu zuten Laskurainek eta Bidegarayk, bi gehiago Jose Luciano Abeciak, bana Iñaki Otaegik eta Aimar Gorrotxategik, eta bi gehiago Anartz Elosegik.

Transformazioetan ere ederki aritu zen Elosegi: 14tik 10 gauzatu zituen, horietako hainbat oso zailak izan bazituen ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!