Udalak jakinarazi duenez, hondakinen tasaren laugarren hiruhilekoaren kobraketa abenduaren 17ra atzeratu da. Izan ere, hondakinen tasaren -erresidentziala eta landalurrena- laugarren hiruhilekoaren erreziboa helbideratuta dutenei, abenduaren 5erako aurreikusita zegoen kobratzea, baina bi aste beranduago egingo da azkenean.
Helarazi dutenez, atzerapen horren arrazoia da ostalaritza itxita egoteak hondakinen tasaren ohiko kobraketan izan duen eragina. Horregatik, ostalaritza establezimenduak Eusko Jaurlaritzaren dekretuarengatik itxita dauden bitartean hondakinen tasa ez kobratzeko erabakia hartu zuen Udalak; eta itxialdiaren epea zehaztu arte zain egon da Udala tasa horren kobraketa exekutatzeko.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak aste honetan iragarri duenez, gaurtik aurrera ireki ahalko dute ostalaritza establezimenduek. Hori jakinda, abenduaren 17an egingo du Udalak hondakinen tasaren kobraketa. «Kobraketa herritar guztiei batera egingo zaie, baita ostalariei ere, dagokien murrizketa aplikatuta», esan dute.