Lidertza nahi du sendotu Hernanik, Bilboko Valtecsa UBR-en kontra, gaur Landaren

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

El Ferrolen aurka bezala Landaren lokatza espero da. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

16:00etan hasiko da eta ikuslerik gabe izango da etxean jokatzen duten hirugarren partidua. 

Landaren jokatuko den urteko azken partidua izango du gaur Hernanik Bilboko Valtecsa UBR-en aurka, 16:00etatik aurrera. Urteko azken partidua etxetik kanpo izango da, hilaren 20an eta gaurkoa da beraz 2020 arraro eta berezi honetan Landarek hartuko duen azkena. 


Denetarik gertatu da aurten eta Ohorezko Maila galdu ondoren, Ohorezko B Mailako A multzoan lider dago Hernani, lau jardunaldi jokatu eta gero. Gaurkoa bosgarren jardunaldiari dagokiona da eta garaipena lortuz gero lehenengo postu hori sendotuko luke, aurkari gogorragoen arteko lehien zain.  
Valtecsa, Universitario Bilbao Rugby taldearen babeslea da. Bilbon sei talde zeuden 80garren hamarkadan, horietako bat Universitario XV Rugby taldea; denak elkartu, XV Rugby taldearen estatutuak aldatu eta  90. hamarkadan Universitario Bilbao Rugby izena hartu zuen. 


2019an Ohorezko B Mailara igotzea lortu zuten eta aurten bigarren denboraldia dute Estatuko bigarren maila honetan. Orain arte, lau jardunalditan, partidu bakarra irabazi dute eta hasiera batean Hernani faborito argia da partidua irabazteko. Azken jardunaldian Eibarren aurka galdu zuten eta hamargarrenak daude sailkapenean bost punturekin. 

Landare lokaztua egotea espero da
Landareren egoera ere ikusi beharra dago azken euriteak eta gero. Pisutsu egongo da eta lokatza ere agertuko da. Horrek jokoa geldoagoa egitea suposatuko du eta aurrelarien lana garrantzitsuagoa izango da. 


Hernanik Zarautzen amaituko du urtea, abenduaren 19 edo 20an eta begiak urtarrileko azken bi asteetan jarriko ditu ondoren, Bera Bera eta Gernikaren aurkako partiduetan. Bi arerio gogorrenak dira eta begi zeharka bere emaitzak begiratzen ari dira. Orain arte bizkaitarrek bonus puntu bat gutxiago dute, baina jokatu dituzten partiduak ere gogorragoak izan direla esan liteke. Goiko aldean kokatuta dauden Gaztedi, Belenos, Zarautz eta Bera Beraren aurka jokatu behar izan dute. Beste multzoetan gertatzen denari ere erreparatu behar zaio. B multzoan CAU Valencia eta La Vila dira nagusi eta Unión Rugby Almeria Playcar da lider C taldean, alde erosoarekin. Bigarren postua irekiagoa dago.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!