Gaztelekuak egitarau zabala antolatu du hilabete honetarako

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 11a, 00:00

Thiago Mithiksekin hip-hop tailerra egin zuten, joan den urtean.

Serigrafia, sukaldaritza, edota 'scape-room', denetarik egingo dute. 

Plangintza zabala egin du Hernaniko Gaztelekuak abendurako, eta urtea ezin hobe amaituko dute saioetara animatzen diren gazte guztiek. Bihar Donostiako Eureka! Zientzia Museora egingo dute irteera eta igandean, berriz, alokairu zerbitzua izango da Gaztelekuko lokalean. Azken horretarako, aldez aurretik egin behar da alokatzeko eskaera. 


Datorren astean bete-betean murgilduko dira gabon giroan, izan ere, Gaztelekua dekoratuko dute eta etxerako apaingarriak egingo dituzte asteartean eta asteazkenean. Gainera, aste horretan ere denetarik egiteko aukera izango dute 12 eta 17 urte bitarteko gazteek. Abenduaren 18an serigrafia tailerra egingo dute. Bi txanda izango dira, 17:00etatik 18:30etara eta 18:30etatik 20:00etara. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, aforoa mugatua delako; txanda bakoitzean 11 gaztek parte hartu ahal izango dute. Gaztelekuko arduradunek banatuko dituzte kamisetak, «baina aukera dago etxerik ere marrazki gabeko kamisetak erkatzeko», aipatu dute.


Bestalde, abenduaren 19an, larunbatean, mural margoketa egingo dute Gaztelekuan. Arratsaldeko 16:30etatik 20:00era bitartean izango da, eta arrazismoaren gaia landuko dute. Horrez gain, aste borobiltzeko, urte berrirako desiren pareta egingo dute abenduaren 20an. Saio hori 16:30etatik 20:30etara bitartean egingo dute.

Santo Tomas eguna eta Txuri Urdinera irteera
Abenduaren laugarren astean ere egiteko ugari izango dira Gaztelekuan. Urtero legez, hilak 21ean Santo Tomas eguna ospatuko dute; merendola goxoa prestatuko dute guztien artean eta txistorra, txokolatea eta halal saltxitxak jango dituzte. Segurtasun- neurriak direla eta, ekintza horretan 13 ume egon daitezke guztira, aldi berean, lokalean.


Hurrengo egunean, abenduaren 22an, gabonetako apaingarriak egingo dituzte arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Material birziklatua erabiliko dute horretarako: etxeko plastikoak eta kartoiak, adibidez. 


Hilak 23an Donostiako Txuri Urdin Izotz Jauregira irteera egingo dute. Aforoa mugatua da eta 10 gaztentzako dago lekua ekintza horretan, beraz, aldez aurretik izena eman behar da. 15:50etan geldituko dira A1 autobuseko geltokian, eta Mugiko txartela bakarrik eraman beharko dute izena ematen dutenek. Horrekin batera, arduradunek adierazi dute kaskoa eta patinak dituztenek etxetik eraman ditzaketela; bestela, alokatzeko aukera izango dute.


Azkenik, abendua amaitzeko sukaldaritza tailerra egingo dute hilak 28an. Gabonetako magdalenak egingo dituzte, arratsaldeko 16:00etik 20:30era. Abenduaren 29an, berriz, scape-room egingo dute Donostian eta, amaitzeko, topagunea egingo dute Gaztelekuan, abenduaren 30ean.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!