Gaur hasiko dira jardunaldiak, Hernanin elkartasuna eta kooperazioa sustatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 10a, 00:00

'Techo y comida' pelikula jarriko dute jardunaldietan, datorren astelehenean.

Hernani Solidarioaren barruan, hainbat ekintza prestatu dituzte, abenduaren 19ra bitartean. Gaur arratsaldean, panelak jarriko dituzte Plaza Berrin, salatzeko herritar askok etxebizitzarekin daukaten arazoa, bereziki migranteek.

Beste urte batez, herriko hainbat elkartek bat egin dute, eta Hernani Solidarioa jardunaldiak antolatu dituzte, datozen egunetarako. Gaur bertan hasiko dira, eta datorren astean bukatu, abenduaren 19an.

«Helburua da, herrian solidaritatea eta kooperazioa sustatzea, eta balioan jartzea pertsona solidarioek orokorrean, eta migranteek zehazki, Hernaniko gizarteari egin dioten ekarpena», nabarmendu dute. Zehazki, bi egun seinalaturen bueltan antolatu dituzte jardunaldiak: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren Eguna da gaur, eta Pertsona Migranteen Nazioarte­ko Eguna abenduaren 18a. Horregatik, azaleratu nahi di­tuzte Gi­­za Eskubideen urraketak ematen diren egoerak, baina baita elkartasuna agerian geratu den egoerak ere.

Plaza Berrin emango diete hasiera jardunaldiei, gaur arratsaldean: panelak jarriko dituzte, salatzeko Hernaniko herritar askok etxebizitzarekin daukaten arazoa, bereziki migranteek. Eta era berean, zenbait esperientziaren berri emango dute, solidaritatearen isla direnak.

Esperientzia horien artean da­go, hernaniarrek pandemiaren hasieran martxan jarri zuten Fondo Solidarioa, lagun­tzeko lana galdu zuten herritarrei, oinarrizko beharrak betetzeko baliabiderik izan ez, eta laguntza publikoak jasotze­ko aukerarik ere ez zutenei: «diru-bilketa kanpaina jarri zuten martxan, eta herritarren eskuzabaltasunari esker gauzatu ahal izan zen».

Bihar izango da jardunaldien bigarren saioa: collage tailerra egingo dute, Giza Eskubideei eta pertsona migranteei buruz, goizeko 11:00etan hasita.

'Techo y comida' pelikula eta solasaldia, astelehenean

Datorren astelehenean izango dute se­gida jardunaldiek, Techo y comida pelikularekin. Biterin jarriko dute, 19:00etan; eta solasaldia ere egingo dute ondoren, etxebizitza arazoei buruz, Stop Desahucioseko kideekin.

Abenduaren 18an, berriz, paseoa antolatuko dute Amherreko boluntarioek. Eta hilaren 19an emango diete bukaera jardunaldiei: mural bat egingo dute, Hernaniko Gaz­telekuko nerabeekin.

«Ikusarazi nahi dugu, Hernanin pertsona eta elkarte askok egiten dutela lan egunero, adiskidetasunezko elkarbizitza indartu eta solidaritate sareak ehuntzeko», adierazi dute jardunaldien antolatzaileek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!