Bertso-tramak emango dio hasiera, Bertsolatari

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 9a, 00:00

Maialen Lujanbio, 2018ko Bertsolataren jaialdi nagusian.

Sarrerak salgai daude, Biterin edo emailez, 5 euroan. Milagrosan izango da emanaldia, larunbat honetan, hiru bertsolarirekin.

Egitarau zabaleko Bertsolata antolatu du aurten, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak. Zazpi zita jarri dituzte guztira, eta larunbat honetan izango da aurrenekoa: Bertso-tramarekin emango diote hasiera.

Bertso-trama hori, Eider Ro­driguez idazleak sor­tu eta gidatuko du, eta hiru bertsolari ariko dira kantuan: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Nerea Ibarzabal.

Milagrosako kaperan izango da, eguerdiko 12:00etan hasita. Eta saioaz gozatzeko sarrerak, dagoeneko eskuragarri daude, 5 euroan. Biterin erosi daitezke, edo emailez erreserbatu, Bertso Kabiyaren helbide elektronikora idatzita: hernanikobertsoeskola@gmail.com. Gehienez ere, bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, pertsona bakoitzak.

Hurrengo hitzordua, abenduaren 19an izango da, hori ere larunbatarekin: Kontzertu bat bertsotan emanaldia eskainiko dute Manex eta Eli Pagola anai-arre­ba ereñotzuarrek, arratsaldeko 18:30etan Milagrosan. Bertso musikatuak diskoa argitaratu zuten urrian, elkarrekin, Eliren bertsoei Manexek musika jarrita; eta Ereñotzun eskaini zuten aurreneko kontzertua, azaroaren 7an, diskoa aurkezteko. Bigarrena izango da, Milagrosan eskainiko dutena. Horretarako sarrerak, larunbat honetatik aurrera egongo dira salgai, 3 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!