«Gerentzia berria aldebakarrez ari da erabakiak hartzen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 9a, 00:00

Hernaniko Haurreskolako langile guztiek egingo dute bat bihar, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuen greba deialdiarekin, bizi duten egoera salatzeko.

Greba deialdia egin dute STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek, biharko eta abenduaren 16rako, Haurreskolak Partzuergo osorako. Eta deialdi horrekin bat egitea erabaki dute Hernaniko Haurreskolako hezitzaile guztiek, bihar: «oraingoz, aurreneko greba egunarekin bat egitea erabaki dugu. Abenduaren 16ko deialdiari erantzuna, bitartean ematen diren gorabeheren arabera erabakiko dugu», azaldu dute.

Izan ere, nabarmendu dute hilabeteak daramazkitela Haurreskoletako langileek, salatzen gerentzia berria «aldebakarrez» ari dela erabakiak hartzen, «langileon ordezkariekin ezer negoziatu gabe». Diote, pandemiaren hasieratik «momentu zailak» bi­zi izan dituztela: «honek eragin zuzena izan du gure lan baldintzetan, eta eskaintzen dugun hezkuntza kalitatean». Zentzu horretan, adierazi dute gerenteak berak, Zorione Etxezarraga astigartarrak, onartu zuela Lan Hitzarmena urratzen ari dela, «aurrekontu falta aitzakiatzat jarriz». Azaroaren 16an izan zen hori, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen bileran, jakinarazi dutenez.

«Ez dituzte ordezkapen guztiak betetzen, eta hezitzaile batzuk aparteko orduak egitera behartu dituzte»

Haurreskoletako langileek salatu dute, gerentzia berriak ez dituela ordezkapen guztiak betetzen: «eta hezitzaile batzuk aparteko orduak egitera behartu ditu, ordezkorik bidaliko ez dute­la esanez». Gainera, diote kontratupean dauden hezitzaileak haurreskola batetik bestera mugitzen dituztela, «jatorrizko haurreskolak hankaz gora utziz, eta etengabeko berrantolaketak egitera behartuz».

Era berean, adierazi dute gerentziak erabaki duela «suprimitzea haurreskolei ematen zaizkien diru partidak, hezkuntza proiektua aurrera eramateko», aurreko ikasturtearen bukaeran eta berriaren hasieran, «izurritearen eragina aitzakia hartuta». Horren ondorioz, diote «haurreskola askok zorrak» dituztela, eta «materiala itzuli» behar izan dutela.

COVID-19aren aurrean, «zenbait lehentasun eta go­mendio» eman dizkiete adituek: «talde-bur­builak osatzeaz gain, espazioaren erabilerari eta materialari buruz ere bai. Ho­rrek haurreskolen berran­to­laketa eta hezitzaileen presta­kuntza eska­tu du, baina horretarako aurrekonturik ez da bideratu». Eta az­kenik, kontingentzia planak betetzeak «lan zama haundia» sortzen diela adierazi dute: «sarri, orduz kanpo egin behar izaten ditugu lan hauek».

Bi kontzentraziotarako deia bihar, Atsegindegin

Horren aurrean, bizi duten egoera salatu nahi dute: «Haurreskolen Partzuergoaren gerentzia berriaren zein Hezkuntza Sailaren aldetik jasotzen dugun tratua eta axolagabekeria ikusita, orain arte burutu ditugun mobilizazioei indar haundiagoa ematea besterik ez dugu. Guztion nahia da haurreskoletan kalitatezko zerbitzua bermatuta egotea, eta horretarako, ezinbestekoa da Partzuergoak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen aurrekontua haunditzea», adierazi dute.

Hernanin, bi kon­­tzen­trazio deitu dituzte biharko: 12:00etan eta 17:00etan, Atsegindegin. «Jokoan daude egungo eta etorkizuneko haurren eta familien ongizatea eta hezkuntza eskubideak. Zatoz gurekin! Elkarrekin lortuko dugu!», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!