Hamar egunez ospatuko du Kontrakantxa gaztetxeak bihartik, bere 14garren urteurrena

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 9a, 00:00

Aitor Bizkarrak emango die hasiera bihar, urteurreneko ospakizunei. Argazkia: bertsoa.eus

'Euskara eta klase sozialak' hitzaldia eskainiko du Aitor Bizkarrak, 18:30etan gaztetxean, hasteko.

14garren urteurrena du Kontrakantxa gaztetxeak, eta egoerak ahalbidetzen duen neurrian, ospatu egin nahi du, abenduan zehar. Asmo horrekin antolatu ditu makina bat ekintza, datozen egunetarako. Zehazki, bihar hasi, eta 10 egun barru bukatuko dituzte ospakizunak.

Aitor Bizkarraren hitzaldiak emango dio hasiera egitarauari, bihar arratsaldeko 18:30etan, gaztetxean bertan: Euskara eta klase sozialak. Eta beste hitzaldi batek emango dio segida etzi, Zigor Garro eta Ibon Goieaskoetxearen eskutik: Kartzela eta errepresioa. Mendi martxa batekin borobilduko dute aurreneko aste hau, larunbatean, 09:00etan Atsegindegitik abiatuta.

Datorren astean, berriz, beste hiru zita jarri dituzte; horiek ere, ostegunetik larunbatera bitartean. Hain justu, azkenekoa izango da ospakizun egun nagusia: eskalada egingo dute goizean, bazkaria ondoren, eta bi kontzerturekin borobilduko du­te, 14garren urteurrena.

EGITARAUA:

Bihar, Euskara eta klase sozialak, Aitor Bizkarra. 18:30etan, Kontrakantxa gaztetxean.

Etzi, Kartzela eta errepresioa, Ibon Goieaskoetxea eta Zigor Garro. 18:30etan, Kontrakantxan.

Abenduak 12, Mendi martxa. 09:00etan, Atsegindegin.

Abenduak 17, Ping pong txapelketa. 18:00etan, Kontrakantxan.

Abenduak 18, Kultura ikuspegi sozialista batetik, Paul Beitia. 18:30etan, Kontrakantxan.

Abenduak 19, Eskalada goiza, 10:00etan Santa Barbaran. Bazkaria, 14:00etan Kontrakantxan; eta 18:00etan kontzertuak: Nahia Valle eta Nicolás Alvear, eta Espartzu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!