ASVIAME

301.456,6 euroko kalte ordaina, Jose Villamarin Caramesen senideei

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 00:00

Cofivacasa eta Sidenor enpresetan egin zuen lan, amiantoarekin kontaktuan. Azaroaren 16an hil zen, biriketako minbiziaren eraginez.

Azaroaren 16an hil zen Jose Villamarin Carames hernaniarra, biriketako minbiziaren eraginez; eta orain, haren senideei kalte ordaina ematera behartu ditu Cofivacasa eta Sidenor enpresak, Donostiako Epaitegiak. 301.456,6 eurokoa da kalte ordaina, gehi interesak, ez zutelako bete Segurtasun eta Higienearen legedia, amiantoari dagokionez; eta horrek eragin duelako Villamarinen biriketako kartzinoma, heriotzaren kausa izan dena.

Horrela eman du aditzera Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak (Asviamie), eta pozik agertu da, sententzia gehienek agerian uzten dutelako «enpresek ez zutela bete legedia. Arauak betetzeak, eta prebentziorako neurriak hartzeak (arriskuari buruz informatzea edota erretzeko debekua, beste­ak beste), amiantoa manipulatzen zen tokietan, saihestu edo, behintzat, gutxitu egingo zuen amiantoa arnastuta gaixotu eta hiltzeko arriskua», nabarmendu du.

1964 urtetik egin zuen lan Villamarinek laminatzaile bezala; eta trenen llanten taldearen buru izan zen ondoren Pedro Orbegozon, enpresa Acenor taldera batu zenean, eta Hernaniko lantegia itxi zutenean. Prozesu horretan, 2000 urtean, Basauriko lantegira mugitu zuten Villamarin, Sidenor enpresak hartu zuena. Cofivacasa enpresa publikoa da Acenorren oinordekoa.

2019ko abuztuan, Gizarte Segurantzak erabateko ezintasuna aitortu zion hernaniarrari, laneko gaixotasunetik eratorria; eta horrekin, jasotzen zuen pentsioa haunditu zion.

 

29 urtez lanean, amiantoarekin kontaktuan

Apirilean detektatu zion Osakidetzak, zelula haundiko kartzinoma neuroendokrinoa, eta kartzinoma mikrozitikoa. Lehenago, 2004an, maskuriko kartzinoma trantsizionala detektatu zioten. Osalanek ikerketa egin, eta sartu zuen amiantoarekin lan egin duten langileen zerrendan, argituz laminazioaren atalean, oso ohikoa zela amiantozko zintaren erabilera, kable elektrikoak, eta amiantozko plantxa, lokarri eta makarroiak babesteko; eta eskuz egiten zela lan gehien, amiantozko eskularruak erabilita. Gainera, laneko giroa hautsez eta ke metalikoz beteta egoten zen, eta enpresek ez zuten neurketarik egiten, legediak eskatzen zuen bezala.

Cofivacasak eta Sidenorrek, bere aldetik, ukatu egin dute biriketako minbiziaren jatorria lanekoa denik, ez zitzaiolako plaka pleuralik detektatu; eta adierazi dute, erretzailea izatearen ondorioz gaixotu zela Jose Villamarin, eta maskuriko minbiziaren metastasia dela. Horrela, eskatu dute kalte ordaina 36.405,38 eurora murriztea. «Baina ez dute saiakerarik egin erakusteko prebentzio neurriak betetzen dituztela, amiantoaren aurreko exposizioa saihestu edo gutxitzeko», adierazi du Asviamiek.

Era berean, azaldu du, Villamarin erretzailea den arren, ezezaguna dela erretzeko zenbateko ohitura zuen: «ziurtatuta dagoena da, 29 urtez egin zuela lan amiantoarekin kontaktuan, bere gaixotasun profesionala Gizarte Segurantzak aitortu zuela, bi kantzerigenoen artean asoziazio bat onartu daitekeen arren. Epaiak argitu du, amiantoarekiko exposizioa dela gaixotasunaren erantzule, erretzeak minbizia sortzeko arriskua areagotu zezakeen arren», azaldu du.

 

«Onartu dezatela behingoz, beraien aurrekoek egindako min guztia»

Eta azkenik, Asviamiek Cofiva­casari eta Sidenorri eskatu die, «eta aurrenekoari bereziki, en­presa publikoa izateagatik, be­hingoz onartu dezatela beraien aurrekoek eragindako min guztia»; eta jarri dezatela martxan plan bat, «justizia eta erreparazioa egingo duena», baliabide nahikoak izango dituen konpentsaziorako fondo baten sorrerarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!