Iñigo Legorburu nagusi, Amarako Bertso-Paper Lehiaketan ere

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 00:00

Iñigo Legorburu, semearekin batera, eskuratutako saria eta txapela hartuta.

Joan den urtean bigarren izan ondoren, sari nagusia lortu du hernaniarrak aurten, 'Erromintzelez' bertso sortarekin, sariketaren hirugarren edizioan.

Aurreko sarien poza ahaztu ez, eta dagoeneko eskuratu du beste sari bat, Iñigo Legorburu hernaniarrak: Amarako Bertso-Paper Lehiaketaren hirugarren edi­zioa irabazi du.

Larunbat goizean eman zituen aditzera, Amarako Auzo Elkarteak, aurtengo lehiaketaren sarituen izenak. Eta joan den urtean bigarren izan ondoren, sari nagusia lortu du Legorburuk, oraingoan. Zortzi bertsoko sorta aurkeztu zuen hernaniarrak, Erromintzelez izenburuarekin; eta Xabier Silveiraren ETAren su-etenetik doinuan ida­tzita. «Bertsoetan, jaso ditut ira­kasle batek esango lizkioke­enak, ezkontzera dijoala eta eskola utziko duen ijito kastako ikasle gazte bati», azaldu du Iñigo Legorburuk berak.

Aurreneko sariarekin, txapela jaso du Legorburuk, eta baita bi bono ere: batetik, Kaxilda liburutegi eta jatetxean bazkaldu edo afaltzeko bi lagunentzako bonoa; eta bestetik, Kaxildan bertan era­biltzeko 100 euroko bonoa. Berez, Euskeraren Eguna ospatzeko ekitaldi batean egin behar zuten sari banaketa, Easo plazan; baina bertan behera geratu zen ekitaldia, eguraldi txarragatik. Horren ordez, sari banaketa inprobisatu egin behar izan zuten, Kaxilda liburutegiaren aurrean. Eta sariak jaso ondoren, eskertza bertsoa bota zuen Iñaki Goñi amararrak, bigarren saria lortu zuenak.

Bere kasu «berezia» nabarmendu nahi izan du Legorburuk: «irakaskuntzatik jubilatu ondoren, Amaran osatu eta Beñat Gaztelumendik gidatzen duen bertso eskolan eman zuen izena, orain dela ez asko. Oso talde anitza eta adin-tarte ezberdinetakoa osatu dute Amaran, Donostian bertsozaletasuna sustatzen ari den seinale», azaldu du hernaniarrak.

Mundu zoroa bertso sortarekin lortu du bigarren saria Iñaki Goñik; Xabier Amurizaren Itsaso hori dago zatarra doinuan idatzitako sei bertso. Munduko ajeak eman ditu aditzera horietan, modu kritikoan: boterea, haundinahikeria, dirua... Berak ere, bi lagunentzako otordua eskuratu zuen, Kaxildan.

Sarituen bertso sorta, ikusgai dago Ama­rako Auzo Elkartearen webgune­an: amarakojaiak.blogspot.com. Hauxe da, Legorbururen bertsoetan aurrenekoa:

 

Yaiza, ijito kastako

neska ederra zara zu

ta orain zure aurrean

azterketa bat daukazu.

Tentsioa aurpegian

txertaturik daramazu

baina gaindituko duzu;

arren egidazu kasu!

Nire mirespen osoa

lortu duzu, pausuz pausu

ikaslea zaren arren,

ta ni berriz zure maisu

ikasgairik ederrena

zerorrek eman didazu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!