EAJ-PNV

«Egungo egoeran, akordioak lortzen saiatu behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 00:00

Zuzenketa partzialak aurkeztu dizkio Hernaniko EAJ-PNVk, 2021eko Udal Aurrekontuei: «gure herria ez dago osoko zuzenketetarako; bilatu dugu hernaniarren bizitza kalitatea hobetzea».

Azaroan aurkeztu zuen Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak, 2021erako Udal Aurrekontu proposamena. Eta horren aurrean, zuzenketa partzialak aurkeztu eta proposamenaren balorazioa egin du Hernaniko EAJ-PNVk. «Egungo egoeran eta 2021erako aurreikusten denarekin, aurrekontu proposamena ezin dugu aztertu, aurreko urteetan bezala. Normalean izan ohi bada dokumentu huts bat, gehienetan errealitatearekin antzik ez duena bukaeran; 2021ean are eta zailagoa da aurreikusten».

Zentzu horretan, jeltzaleek diote hainbat galdera planteatu behar direla, aurrekontua lantzeko garaian: «Nola jakin dezakegu zenbateko diru-sarrerak izango ditugun? Dirulaguntzak mantendu behar dira, edo urtebetez eten edo murriztu? Inbertsioak ezabatuko ditugu? Hobea da kolektiboak diruz laguntzea, edo lana eta aberastasuna sustatzea, inbertsioekin eta gastu publikoarekin? Gerakinaren zati bat geldirik mantendu behar dugu, edo guztiz desblokeatu eta aberastasuna sortu?». Eta galdera horiei erantzunez, Udal Gobernuaren postura zein izan den ere nabarmendu du EAJ-PNVk: «badirudi EH Bilduk aukeratu duela dirulaguntzak mantentzea, eta inbertsioak ezabatzea».

Hernaniko EAJ-PNVk uste du, «EH Bildurentzat errazena» izan dela inbertsioak ezabatzea: «2020ko azarora arte, inbertsioen %20,6a gauzatu da, eta 2019an %39,1a gauzatu zen. Gainera, aurrekontu osoaren %55,4 exekutatu da aurten, eta 2019an %52,5. Horregatik uste dugu, erabaki errazena izan dela beraientzat. Asko kostatzen zaie aurrekontuetan planteatutako in­­bertsioak gauzatzea», nabarmendu du EAJ-PNVk.

 

16 zuzenketa partzial, «hernaniarren bizitza kalitatea hobetzeko»

Horrela, Udal Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenari, 16 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio EAJ-PNVk: «gure postura mantendu dugu, ekarpen positiboak egitea hernaniarren bizitza kalitatea hobetzeko. Badakigu, egungo egoeran, gure herria ez dagoela osoko zuzenketetarako, eta akordioak lortzen saiatu behar dugula. Horregatik aurkeztu ditugu zuzenketa partzialak, oinarri hartuta, funtsean, aholkulariaren figura ezabatzea, zerbitzu batzuen aldaketa, eta gerakin osoa aktibatzeko hainbat konpromiso hartzea».

16 zuzenketetan aurrenekoa izan da, hain justu, aholkulariaren figura ezabatzekoa. Ondoren, hondakin bilketarako sis­tema misto batera aldatzea proposatu du: organikoa eta errefuxa atez ate biltzea; eta papera-kartoia, ontzi arinak, pilak eta pardelak, eduki­ontzietan.

Proposatu du, baita ere, Urumea ikastolaren eraikin zaharra botatzeko proiektua onartu eta gauzatzea; Udaleko lan istripuetarako asegurua enpresa pribatu batekin kontratatzea; irisgarritasunera bideratutako par­tida mantentzea, 2020an ez delako erabili, eta 2021eko aurrekontuan ez delako ageri; eta kaleko argiak piztea izan dadila kaleen argitasunaren arabera, eta ez orduaren arabera.

Era berean, jeltzaleek proposatu dute 400.000 euro bideratzea irisgarritasun arazorik gabeko etxebizitzak erostera, adinekoei zuzenduta: etxerik ez dutenei, edo beraien etxeetan irisgarritasun arazoak dituztenei. Bestalde, GA.06 eremuan sortu diren arazoak tarteko, horren garapena etetea eskatu du, 2.776.229 euro daudelako geldirik, «lanposturik sortu gabe». Era berean, Estubegiko eremuaren garapena erraztea proposatu du, kudeaketa sistema aldatu eta Kontzertazio Hitzarmenetik Kooperazio Hitzarmenera igarota. Proposatu du, baita ere, Orona inguruko eremuan enpresak jartzea sustatzea, obra lizentziaren kostua %50 murriztuz, eta beraiekin adostuz langileen %80 hernaniarrak izatea.

Eta honako sei proposamenak ere gehitu ditu, zuzenketa partzialetan: harrobiaren garapena ateratzea gerakinaren gastutik; bete dadila Desgaitasun Orokorren Legea eta Parekotasun Legea; planoetarako inpresora bat erostea, Donostiara joan beharrik ez izateko horretarako; igogailu baterako proiektua egin eta eraikitzea, Portu eta Elizatxo auzoen eta Elizatxo ikastolaren irisgarritasuna hobetzeko; Funtzionarioen Lanpostuen Zerrenda aldatzea aztertzea, zenbait lanpostutan erabateko dedikazioa izan dadin; eta Hirigintzako abokatu eta arkitektoen ordezkoak kontratatzea, eta sail horri laguntzeko enpresaren errefortzu kontratua haunditzea.

 

«Teknikari eta administrari gehiago behar dira, sail batzuetan atzeratuta dagoen lan karga arintzeko»

EAJ-PNVk uste du, Udalak «kolapsatuta» jarraitzen duela, eta aurrekontua eta oposizioaren zuzenketak, onartuta ere, ez direla gauzatuko beste erabaki batzuk hartu ezean: «sail batzuek neurri drastikoak behar dituzte, arintzeko. Ez dugu esan nahi funtzionarioek beren lana egiten ez dutenik; kontua da teknikari eta administrari gehiago behar direla, atzeratuta dagoen lan karga aurrera eramateko», nabarmendu du EAJ-PNVk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!