Hernani lider jarri da, El Ferrol 51-0 garaitu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 00:00

Igor Etxeberriak baloia askatzen pasea emateko. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

Lau partiduetatik lau irabazi ditu eta Gernikak baino puntu bat gehiago du. Asteburu honetan Bilboko Valtecsa UBR izango du aurkari etxean.

Hernanik bost puntu lortu zituen pasa den igandean El Ferrolen aurka, 51-0 irabazi eta gero. Emaitza hori lortu eta gero lider jarri da sailkapenean, lau partiduetatik lau irabazi dituelako. Gernikaren aurretik kokatu da 20 punturekin. Bizkaitarrek hemeretzi puntu dituzte, bonus puntu bat gutxiago batu ondoren.
Haizea, euria eta hotzari aurre egin behar izan zieten bi taldeek. Agian horren ondorioz markagailua ez zen mugitu aurreneko hamar minutuetan. El Ferrol talde lehiakorra zela bazekiten hernaniarrek, eta hasierako minutu horietan nabaritu zen. Hala ere, hamaikagarren minutuan Igor Etxeberriak lehenengo entsegua lortu zuen eta 5-0 jarri zen Hernani aurretik.  Galiziarrak sendo ibili ziren lehen zati osoan defentsa lanetan eta hernaniarrei kosta egiten zitzaien entseguak lortzea. 

Landaren ikuslerik ez zen egon eta horrek ere partidua zerbait hoztu zuen. Markagailua berriz mugitzeko 22garren minutura iritsi behar izan zen. Oraingoan, aurrelarien lanari esker etorri zen. Mikel Imazek lortu zuen eta Elosegiren gauzatzeari esker markagailura 12 eta 0koa igo zen. 

Atsedenaldira iritsi aurretik partidua erabakita utzi nahi zuten etxekoek eta hirugarren entsegua ere aurrelarien eskutik iritsi zen. Oraingo honetan  Beñat Iradi kapitainak lortu zuen eta 17-0 erakusten zuen markagailuak. 

Aldageletarako bidea hartu aurretik epailearentzako lana etorri zen. Mikel Imazi ukabilkada eman zion aurkari batek eta sudurra hautsi zioten. Horrek liskarra sortu  zuen jokalarien artean eta hiru jokalarik ikusi zuten txartel gorria: Ferrol taldeko bik eta Xabo Garmendiak, Hernaniren aldetik. 

Hiru txartel gorri, liskar baten ondorioz

Aurretik, El Ferroleko jokalari batek txartel horia ikusi zuen eta bigarren zatia bi jokalari gutxiagorekin hasi zuen. Hernanik ongi baliatu zuen hori eta lehenengo hamar minutuetan bi entsegu gehiago egin zituen. 50garren minuturako markagailuak 29-0ko emaitza erakusten zuen. Bi entsegu horiek Iradik eta Mijangosek lortu zituzten.

Bat gehiagorekin jaun eta jabe izan ziren hernaniarrak bigarren zati guztian zehar. Aldaketak ere iritsi ziren eta freskotasun gehiagorekin zortzi minututan hiru entsegu lortu ziren. Gainera, aldaketak egin eta berehala etorri ziren entsegu horiek. Bidegarayk lortu zituen bi eta hirugarrena Garciak egin zuen. Bonuseko puntua aspaldi zuten lortua hernaniarrek eta azkenengo eta bederatzigarren entsegua Arronategik lortu zuen.

Datorren asteburuan Hernanik berriz ere etxean jokatuko du. Oraingoan, Valtecsa UBR izango du aurrez aurre. Irabazi beharreko partidua eta lider jarraitzeko aukera. Bilbotarrek partidu bakarra irabazi dute eta hasiera batean lan haundirik ezin dute eman.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!