Osteguna da azken eguna kiroldegia, Zubipe eta Landare erabiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 7a, 00:00

Herriko haurrak udal kiroldegiko pista nagusian, jolas alternatiboetan.

Udal igerilekuan jolasean aritzeko azken eguna abenduaren 12a izango da. Horrez gain, mendi ibilbideak, tribial jokoa eta beste asko antolatu dira.

Pandemia egoerak galarazi egin du herriko kirol instalazioak ohiko moduan erabiltzea. Horregatik, herritar askok mugatua ikusi dute kirola egiteko aukera. Azaldu zutenez, «osasun krisi honen azken neurriek mugatu dute 6-16 urte bitarteko gazteen jarduera fisikoa eta kirola egiteko eskubidea». Hori dela eta, Hernaniko Udalak eta herriko hainbat kirol elkartek eta eragilek agenda bateratua prestatu zuten, behar horri erantzuteko. Beraien instalazioak erabiltzeko  aukera eskaini diete azken aste hauetan, 6 eta 12 urte bitarteko umeei.

Zubipe eta Landare ireki dira, bakarkako kiroletan eta familian jolasten aritzeko. Astegunetan, arratsaldeko 17:30etik 19:30era bitartean eta larunbatetan, berriz, goizetan.  Kiroldegiko pista nagusia, aldiz, jolas alternatiboetan aritzeko ireki da astegunetan, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era bitartean. Hala ere, esan bezala, osteguna da, abenduaren 10a, horiek erabiltzeko azken eguna. 

Kiroldegiko igerilekuei dagokienez, jolas leku bihurtzeko ireki dira. Abenduaren 5ean izan zen lehenengo irekiera, eta larunbat honetan izango da azkena. Aforoa mugatua denez, lau txanda antolatu dituzte: lehena, 09:30etik 10:30era; bigarrena, 10:45etik 11:45era; hirugarrena,  12:00etatik 13:00etara eta, azkena, 13:15etik 14:15era. 
Horrez gain, eskola kiroleko arduradunek hainbat ekintza proposatu dituzte, aipatutako gabeziari erantzuteko. Hernani jarduera fisiko eta kiroleko webgunean ikusgai daude, interesa dutenek ikusteko: http://kirola.hernani.eus/eu/hasiera. Proposa­menak hauexek dira: mendi ibilbidea Santa Barbaratik, altxorraren bila herrian zehar, tribial jokoa, edota korrika edo BBT-arekin jaisteko ibilbide zailak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!