Liburutegiko goiko solairua itxita, bihartik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 6a, 00:00

Herritarrak, liburutegiko goiko ikasgelan.

Bihartik abenduaren 11ra bitartean itxita egongo da liburutegiko goiko solairua. Hori horrela, ezingo dira hainbat zerbitzu erabili.

Azaroan hasi zituzten Biteriko leiho eta argiteria lanak. Hori dela eta, kultur etxeko zerbitzuetan hainbat aldaketa izan dira. Azaroaren 23tik abenduaren 2ra ikasgela itxita egon zen, azaroaren 30tik abenduaren 4ra, berriz, liburutegia. Horrela bada, bihartik ostiralera bitartean itxita egongo da liburutegiko solairua. Hori izango da Biteriko zerbitzuetan egongo den azken eragozpena. Hortaz, ostiraletik aurrera erabilgarri egongo dira guztiak, inolako oztoporik gabe, ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko 09:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Dagoeneko antzeman daitezke eraikinean orain arte egin dituzten aldaketak: egurrezko leihoak aldatu dituzte eta barruko argiztapena ere berritu dute. Helburua da kultur etxeko hobekuntza energetikoa lortzea, energia gutxiago kontsumitzeko eta onura ekonomikoa eskuratzeko. Aipatutako horiez gain, ikasgelan eta aste honetan, liburutegian, argi naturalaren araberako erregulazio sistema jarriko da. Horrekin batera, sabaiak konpondu eta margotuko dira. Halaber, Udalak jakinarazi du birgaitze lanak otsaila aldera amaitzea espero dutela eta lanak egiten ari badira ere, Biteri ez dela erabat itxiko.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!