Egitarau zabala antolatu dute aurtengo Bertsolatan, eta larunbatean izango da lehenengo ekitaldia

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 6a, 00:00

7 emanaldi antolatu dituzte guztira, abenduan eta urtarrilean egiteko. Lehenengoa datorren larunbatean izango da, eta sarrerak salgai daude.

Bertsolata 2020 egitarauaren baitan, Bertso-trama izango da abenduaren 12an, datorren larunbatean. Eguerdiko 12:00etan izango da, Milagrosan. Bertan izango dira Eider Rodriguez, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Dagoeneko eskuragai daude sarrerak, 5 euroan. Interesa dutenek Biterin erosi ditzakete edo, bestela, hernanikobertsoeskola@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzita eskura ditzakete. 

Hurrengo emanaldia, abenduaren 19an

Esan bezala, larunbatekoak hasiera emango dio Bertsolatako egitarauari. Horretaz gain, beste 6 emanaldi izango dira abenduan eta urtarrilean. Hurrengoa abenduaren 19an izango da. Hau ere Milagrosan egingo da, arratsaldeko 18:30etan. Manex eta Eli Pagola anai-arreba ereñotzuarrek Kontzertu bat bertsotan emanaldia eskainiko dute. Sarrerak abenduaren 12tik aurrera egongo dira eskuragai, 3 euroan. Abenduaren 23an, berriz, mahai ingurua izango da Biterin, arratsaldeko 18:30etan. Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran eta Kattalin Miner izango dira protagonistak. Hurrengoa Norbere eztarritik ekitaldia izango da,  abenduaren 24an eta 31n. Azken horretarako gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira, abenduaren 16tik aurrera. 

Abenduaren 30erako umeen bertso saioa antolatu dute. Biterin izango da, arratsaldeko 17:30etan. 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzendutako saioa da eta Eneko Arrarte, Agin Laburu eta Asier Azpiroz izango dira bertan. Sarrerak 3 euroan salduko dira, eta horiek eskuratzeko aukera abenduaren 23tik aurrera egongo da.

Antolatu duten azkeneko ekitaldia urtarrilaren 6an izango da, arratsaldeko 18:30etan. Hernani Bertsolata 2020 dinamikari amaiera emango dion jaialdia da, eta izen haundiko bertsolariak egongo dira bertan: Andoni Egaña, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!