Hernaniko Haurreskolak bi eguneko greba deialdia luzatu du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 5a, 00:00

Greba deialdiko kartelez josi dute, Hernaniko Haurreskola.

Hernaniko Haurreskolak bi eguneko grebarako deia luzatu du. Abenduaren 10 eta 16 izango dira greba egunak, eta gainontzeko haurreskolei bat egiteko deia luzatu nahi izan die. 

Datorren ostegunerako, eta hilaren 16rako, grebara deitu du Hernaniko Haurreskolak. Izan ere, arrazoitu dute, Covid-19a azaldu zenetik, «langileak bizitzen ari diren egoerak ez direla errazak». 
Hernaniko Haurreskolakoek jakinarazi dute, lanerako duten borondateak «talka egiten duela Haurreskolen Partzuergoaren gerente berriarekin eta, Hezkuntza Sailarengandik faltan botatzen ditugun babes eta zaintza beharrekin». 
Hau kontutan izanik, azaldu dute, Eusko Jaurlaritzak ez duela Covid-19arekin lotutako inolako aurrekonturik bideratu Haurreskolen Partzuergora. 

Martikulazioa jaitsi egin da, eta ondorioz, «gure haurreskoletako ume kopurua jaitsi egin da». Horrez gain, enpresak, haurreskola bakoitzaren «egoera aztertu gabe eta kontingentzia planak dakarren lan zama kontuan hartu gabe, jaitsiera hori baliatu du haurreskolen egunerokotasuna baldintzatu eta prekarizatzeko» dio Hernaniko Haurreskolak. 
Haurreskoletako langileen etengabeko desplazamenduak, adibidez, «lan taldeen egonkortasuna apurtu du behin eta berriz, haurreskolen antolamenduan nabarmen eraginez».
Hau guztia gutxi balitz, langileek dituzten baldintzak eta eskubideak «urratuta ikusten dituztela» ere jakinarazi dute. 
Hori horrela, «HaurreskolenPartzuergoaren gerente berriaren zein Hezkuntza Sailaren aldetik jasotzen dugun tratua eta axolagabetasuna kontuan hartuz, abenduaren 10 eta 16an, greba egunak deitu ditugu». 

«Beste haurreskoletako egoerak ezagutu nahi dira» 
Hernaniko Haurreskolak, gainontzekoen egoera ezagutu nahi du, modu berean, gonbidapena luzatu nahi izan die greba egunetan egingo diren ekimenetan parte hartzera. Eta azaldu dute, «guretzat zuen babesa ezinbestekoa da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!