Hernanik bihar atzeratutako jardunaldia jokatuko du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 5a, 00:00

El Ferrol izango du aurkari, 12:00etatik aurrera Landaren eta irabaziz gero aurreneko postura igoko dira hernaniarrak laugarren partiduan.

Asteburu honetan ez zegoen iragarrita jardunaldirik errugbian, baina Hernanik lehenengo jardunaldiko partidu atzeratua jokatuko du bihar, 12:00etatik aurrera Landaren. Aurkaria igo berria den El Ferrol izango da.

Partidu hau jokatu eta gero Ohorezko B Mailako A multzoan ez da egongo jardunaldi bat jokatzeko falta duen talderik. Denak jokaturiko lau partidurekin geratuko dira eta beraz sailkapena zehazki nola dagoen ikusiko da.

Esan beharra dago Hernanik partidua irabazten badu lehenengo postura igoko dela. Hori bai, lau puntu eskuratzen baldin baditu Gernikarekin berdinduko du postu horretan 19 punturekin, baina oraingoz averaje hobearekin, eta bost puntu lrtzen baditu aurrena izango da 20 punturekin, gernikarrak baino bat gehiagorekin. Beraz helburua argia da Hernaniko jokalarientzat, partidua irabazi eta erasoko bonusa lortu. Horretarako aurkaria baino hiru entsegu edo gehiagoko aldea lortu behar da.

 

El Ferrol igo berria, baina emaitza onak lortzen ari da

El Ferrol aurten igo da Ohorezko B Mailara, baina horrek ez du esan nahi aurkari oso erraza denik, ezta gutxiago ere. Biharko partiduaren faltan seigarren dago kokatuta bederatzi punturekin. Hiru partiduetatik bi irabazi ditu eta bakarra galdu.

Lehendabiziko partiduan 42-8 gainditu zuen Eibar, bigarren partiduan Valtecsa UBR-ren aurka 43-6 galdu zuen eta pasa den astean 30-8 gainditu zuen Uribealdea. Egia da hiru talde horiek azken lau postuetan daudela kokatuta eta hernaniarrak faborito argiak dira. Izugarrizko ezustekoa litzateke Hernaniri garaipenak ihes egitea.

 

Hernanik orain arte hiru garaipen eroso lortu ditu

Orain arte Hernanik hiru garaipen lortu ditu horrenbeste partiduetan. Hirurak abantaila haundiarekin, baina La Única eta Eibar azken postuetan daude. Jokatutako partidurik eta aurkari zailena pasa den asteko Gaztedi izan zen eta hori ere ongi irabazi zuen, Gasteizen, 14-38. El Ferrolen maila Gaztediren antzekoa izan daiteke orain arte ikusitakoaren arabera eta partidua Landaren jokatzen denez laugarren garaipenak etxean geratu beharko luke.

Patrick Polidori entrenatzaileak taldeko jokalari gehienei aukerak eta minutuak emango dizkie partiduan zehar.

Bestetik, gogoratu zaleentzat itxita egongo dela Landare eta patidua ezingo da ikusi bertatik bertara. Hori bai partidua ikusteko aukera egongo da streaming bidez Hernani Errugbi taldeak sare sozialetan jarriko duen estekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!