«Mende bat iraun zuen sorgin ehiza, erabaki politikoa izan zen Euskal Herrian»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 5a, 12:36

Asisko Urmeneta ilustratzaileak 'Sugarren mendea' nobela ilustratua argitaratu du eta datorren abenduaren 10ean, Biterin, hitzaldi ilustratua eskainiko du Uluka taldearen eskutik. «Inkisizioa tribunal politiko bat zen, ordena jartzeko».

Hernaniko Uluka Taldeak, Asisko Urmenetaren Sugarren mende, azken nobela grafikoa,  abenduaren 10ean aurkeztuko du Biteri kultur etxean. Bertan, izanen da Asisko Urmeneta bera eta hitzaldi ilustratua eskainiko du ilustratzaile nafarrak.  Ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da Sugarraren mende, eta arbasoen memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes.

Eleberri grafiko hau, «memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan sakontzeko, eta euskaldunok geure narratiba nazionala idazteko dugun beharra aldarrikatzeko proposamena da» dio Asisko Urmenetak.

410 urte joan dira Espainiako Inkisizioaren auzitegiak Zugarramurdiko 31 bizilagunen aurka Logroñon gauzatutako prozesutik. Urtemuga hau, eta bereziki akusatuak pairatu zituzten ondorio suntsitzaileak dira nobela ilustratu honen gai nagusia. Liburuan, Asiskok disekzionatzen du Sorgin Delitua larriaren itzalpean ezkutatzen den trama politikoa.

Hala ere, euskaldunon lurraldean sorginen ehiza ez zen Zugarramurdira mugatu, baizik eta Erronkaribartik Amezkoako mugetaraino hedatu zen, Lapurdi osoa zeharkatuz, jazarpen modu paradigmatiko gisa agertzen zaigularik Europakoen artean.

Asisko Urmenetak garatutako dokumentazio eta ikerketa lanak zailtasunak izan ditu «jakina, historia irabazleek idazten dute», baina berezko nekaezintasunak gaiari buruzko historiografiaren iturri berriak bilatzera eraman zuen, eta besteak beste, MacCulloch eskoziarraren, Monter estatubatuarraren, eta Silvia Federici ekintzaile italiar-estatubatuar ospetsuaren bibliografia trinko eta independenteak aurkitu zituen.

«Ez da kasualitatea sugarren mendea Nafarroako inbasioaren mendean hastea eta Frantziak Nafarroari independentzia kentzen dion urtean amaitzea, hau da 1620garren urtean»

Azken honek dio, «Europan nahiz Ameriketan sorgin ehiza estrategia deliberatua izan zela, bera agintariek erabili baitzuten izua hedatzeko, erresistentzia kolektiboa birrintzeko, komunitate osoak isilarazteko, eta berauen kideak elkarren kontra ezartzeko. Horrez gain, sorgin ehiza izan zen deshumanizaziorako lanabes eta menderakuntzaren forma paradigmatikoa, zeinak balio izan baitzuen esklabotza eta genozidioa justifikatzeko».

Halaber, Espainiako koroapean ziren, eta Inkisizio-tribunalak jasan zituzten lurralde anitzetako bibliografia unibertsitarioa aztertu du, Siziliatik Filipinetaraino. Horrek guztiak eman dio autoreari instituzio berezi haren osotasun-ikuspegia.

 

Salbuespenezko tribunala sortu zen, Nafarroatik kanpo epaitzeko Foruen gainetik

«Espainiako inkisizioak 21 tribunal zituen, Sizilian hasi eta Filipenetan bukatu. Gaur egun kolonia horiek errepublika independenteak dira eta oso interesgarria da inkisizio horri buruz idatzitakoa eta bildutakoa. Denek lehen lerroan diote inkisizioa tribunal politikoa zela kolonialismoa eta ordena ezartzeko» aipatzen du Asisko Urmenetak.

«Inkisizioa Nafarroa erresumako eliteen parte ziren askok jasan zuten»

«Erregearen eskua iristen ez zen lekuetara inkisizioa iristen zen. Bazuten informazio zerbitzua, senitartekoa, hedatua oso ongi, herri guztietan bazituzten  informanteak. Gainera Foru eta bertako legeen gainetik asmatu zituzten delitu batzuk, adibidez Laesa Maiestas Divina. Erregearen kontrako irainen aurka bazegoen Laesa Maiestas, baina Divina hau Jainkoaren aurkako irainen kontra sortzen da. Nahiz konkistatuak izan nafarrek euren foruak zituzten eta bertako epaitegietan izan, behar ziren epaituak, bertako eipaileengandik, baina delitu hauekin salbuespenezko tribunala sortu zuten. Honela, Nafarroatik kanpo epaituak izan zitezkeen, Logroñon» gogoratzen du Urmenetak.

«Izaten ziren akusatuak delitu oso larriez eta Logroñora eramaten zituzten. Bertan torturapean deklarazioak ateratzen zituzten eta jende gehiago inkulpatzen zen». Hortik hasi du Asisko Urmenetak liburuaren kontakizuna.

 

Errege katolikoek berritu zuten inkisizioa Nafarroako konkista ematen den urteetan

Sorginen Ehiza gurean ikertzeko esparruak 1513tik 1616ra bitarteko aldi historikoa hartzen du, alegia, inperio absolutistek piztutako su hezitzaileen mendea. Egintza hura zorrotz ikuskatzeko, Logroñon eta Bordelen sorginkeria-prozesuen instrukziorako ezarritako auzitegi bana kokatu zirela.

«Zapalketarik haundiena muga berria marraztu zuten muga berri horretan eman zen»

Ez da kasualitatea inkisizioa inperio absolutisten garaian egotea puri-purian eta Errege Katolikoek berreskuratu izana. Lehenengo epaiketak 1526-27an ematen dira. «Inkisizioa Erdi Arotik bazetorren, modu bakanean, eta Errege Katolikoek berritu egin zuten eta moldatu. Erromatik prerrogatibak lortu zituzten inkisidore nagusia beraiek izendatuko zutela eta honela beraien esbirroak jarri zituzten lehendabiziko lerroan helburu politikoak lortzeko» aipatzen du Urmenetak.

Nafarroan 1513an, Iruñean, ezarri zuten lehendabiziko aldiz tribunala eta «ez da kasualitatea, inondik ere, sugarren mendea hasten dela Nafarroako konkistaren urteetan, inbasioekin, eta bukatu 1620an, hain justu Frantziak Nafarroari independentzia kentzen dion urtean. Sekulako garbiketa egin zuten, elite sozial, ekonomiko eta politikoan. Paretik kendu zituzten eta inkisizioa jasan zutenak ez ziren perretxikoak biltzen zituzten sorgintxoak, emakume zahar maitagarri batzuk. Pierre de Lancre irakurri eta berak esaten du sabath haietan elkartzen zirela Lapurdiko jaun eta andere aberatsenak, nobleenak eta ospe haundiena dutenak, azken finean Nafarroako erresumaren elitea».

 

«Frantziak eta Espainiak bakea hitzartzean, Maria Mediciren eskutik, aliatu eta muga garbitu zuten»

Mende horretan Espainiaren geopolitikan nafartarrak «erresuma errekuperatu nahian ibili ziren bide ezberdinetatik. Horrek iraunen du Enrike IV.a hiltzen duten arte. Bere emazteak, Maria Medicik hartzen du erregeordetza eta lehendabizi Espainiarekin bakea hitzartu zuen. Fratziako politikak 180 graduko itzulia izan zuen. Aliatua bihurtzen ziren eta muga garbitu zuten. Luis XIII.ak hartzen du erregetza eta Richelieu kardenalarekin batera protestanteekin amaitzen dute eta amaitzen da sorgin ehiza behin Nafarroako erresuma deuseztatu eta gero».

Asisko Urmenetak dioen bezala «ortodoxia katolikotik irteten zirenek pairatzen zuten inkisizioa. Hasieran juduak, gero moriskoak... Granadan 1610ean geratzen ziren milaka eta milaka morisko kanporatzen dituzte. Inkisizioarekin, sekta satanikoa asmatu zuten. Erdi aroan han hemenka emaginari leporatzen zioten erditzean ume bat hiltzea, baina kolektiboa agertzen da Nafarroan 1525ean. Sektarekin lortzen dutena da herri osoaren kontra mekanismoak sortzea, pagotxa beraientzat. Gainera 16garren mendean inkisidore hiltzaileenen artean humanistaren figura agertzen da, Adriano esaterako. Aita Santu izatera iritsi zen eta Espainiako erregeorde ere bai».

Horrek eman zuen Carlos V.a Lapurdiko diozesia apurtzera Asiskoren hitzetan. «Nafarroako tribunala aldatu zuen lekuz, nafartarrak oldartzen ziren bakoitzean hauek paperak Ebrora edo dena delakora botatzen baitzituzten. Nafarroa eta Gipuzkoako lur zabal hauek behar ziren Espainiari lotu eta ematen da sorgin ehiza ikaragarria. Aragoiko, Castillako inkisidore nagusiak ahalbidetu zuen inkisizio eta jazarpen hori, Adrianok».

Zapalketa haundiena, muga marraztu zuten «muga berri hartan eman zen, Sakanaraino baita Amezkoaraino ere. «Fronteran garbiketa ikaragarria egon zen. Bordeletik, Lapurdin eta mugaren alde honetan besteek» dio Asiskok.

Hau dana argitaratutako  dokumentuetan bilatu daiteke, publikatua agertzen da «Ainhoan bildu ziren Bordeleko epaile zibilak eta Espainiako inkisidoreak eta bi suen artean jendea hartu eta garbitzea adostu zuten. Izan ziren kasuak, Elizalde izeneko emakume aberatsarena esaterako, Saratik ezin aldegin eta itsasoz joan zen Mutrikura. Han bizitu zen  hilabete batzuetan, baina epaile frantzesak hartu, Espainiako inkisidore batzuen bitartez, eta berriz bueltatzera derrigortu zuten».

Hipotesi guztiak irekita omen daude dio Asisko Urmenetak, baina gauza bat ere argi omen dago. «Ez ziren sorgiñak».

MacCulloch-ek dio «bere liburu baten kapitulu batean egitura juridiko indartsu eta komunala zuten lekuetan eman zela. Inperioek eskuhartzea zaila zuten lekuetan. Aragoin, Kataluinian, Eskozian, Galizian, Suitza inguruan, Alemanian ere bai, Lituania eta Polonian eta Euskal Herrian bete betean betetzen da».

 

«Zugarramurdiko sorgin ehizari buruz bertako herritarren ikuspuntua eman dut eta ez gure kokapenetik kanpokoa»

 

Asisko Urmenetaren esanetan, «inkisidoreek idatzi dutena iritsi zaigu eta Zugarramurdiko herritarren ikuspuntua lau mendetan isildua izan da. Gaur egun ere, filmetan eta literaturan mitologiaren beste mitologia interesatua ari da sortzen».

Asisko Urmenetak dioen bezala Sugarren mendea Zugarramurdiko herritarren proiektua da. «Aspaldiko denboretan Zugarramurdiko herritar batzuk bazuten proiektua, Zugarramurdiko herria sorgin ehizak markaturik, behingoagatik beraien ikuspegia emateko. Orain arte inkisidoreek idatzi dutena iritsi zaigu eta beraien ikuspegia lau mendeetan isildua izan da. Azkenldi honetan eraikitzen ari da beste kontakizun berria. Alex de la Iglesia, Pedro Olea edota Pablo Agüero argentinarraren filmetan, baita literaturan berreraikitzen ari da mitologiaren beste mitologia bat. Bertan, euskal emakumeak deskribatzen dira garai haietan oso liberatuak eta droga hartzen. Askotan atentzioaematen du bai komiki eta baita filmetan ere nola agertzen den amodio ez korrespondituaren trama bat bezala. Bertan jauntxo bat herriko neska batez maitemintzen da eta ez da korresponditua izaten eta inkisidoreei salatua izaten da neska. Kontakizun hori ere interesatua da eta ez da inondik ere gure kokapenetik aztertua». Zugarramurdiko proposamena onartu zuen Asiskok eta dokumentatzen hasi zen. Asko irakurri du eta gaiari buruz oraindik ere dagoen ikuspegi okerra nabarmentzen du. Iruñean oraindik zabalik dagoen maleficium erakusketan ere ikusten dena. Betikoa agertzen da; esoteria, ohar etnografikoak, anekdotarioa, aker beltzak, apoa, mandragorak... bertatik irten eta galdetzen dezu zer da hau? ez da deus geratzen argi. Jartzen da beti fokoa ea sorgin horiek zer egin eta zergatik egiten zuten... gaur egungo relato mitifikatu bat hemendik 400 urtera erakutsiko balitz bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!