«Jainkoa bigarren aldiz itzuliko da mundura eta fededunak berarekin eramango ditu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 5a, 12:36

Belen Gonzaga eta Mikel Arrozpide, Kronikarako elkarrizketan.

Mikel Arrozpide eta Belen Gonzaga hernaniarrak kristau adbentistak dira, eta beraien sinesmenen berri eman diote Kronikari. 

Nola definitzen duzue zuen burua?

M.A.: Hitz gutxitan, Jainkoa zerbitzatu nahi dugun gazte batzuk gara.

 

Zer esan nahi duzue horrekin?

M.A.: Jainkoak gugatik egin zuen guztia ikusita, guk beragatik ere gauza asko egin nahi ditugu. Egiten duguna da, batez ere, jendeari bere berri ematea. Azaltzen diegu Jainkoa nor den, zer egin zuen eta, horretaz gain, kontatzen diegu gure bizitzan Jainkoaren laguntza izateak dituen onurak.

 

Zeintzuk dira zuen sinesmenak?

M.A.: Gu kristauak gara. Gizakia eta mundua bera Jainkoak sortu zituela sinesten dugu. Mundu honetara etorri zen bere burua hiltzera, guk salbazioa lortzeko. Bere buruaz beste egin zuenean Jesusek esan zuen berriro bueltatuko zela, eta hori gertatzen zenean, berpiztu egingo garela. Horregatik, hona bueltatzen denean, bizirik jarraitzen dutenak berarekin joango dira zerura. Horregatik diogu, hain justu ere heriotzaren ondoren bizitza dagoela.

Halaber, aurreratu dut, baina ez gara katolikoak; kristau adbentistak gara. Sinesten dugu Jainkoa bigarren aldiz etorriko dela mundura. Lehen aldiz bere burua hiltzera etorri zen eta zerura joan zen. Bigarren aldian,   fededunak berekin eramatera etorriko da. Kristau Zazpigarren Eguneko Eliza Adbentistan egiten dugu otoitz, Donostian.  Kristautasunaren barneko elkargo protestante anabaptista da. Eta elizara ez gara igandetan joaten, larunbatetan baizik.

 

Eta orduan, zer da bizi dugun oraina?

M.A.: Trantsizio momentu bat da. Jainkoak sortu gintuenean, mundu perfektu batean kokatu gintuen. Hala ere, gizakiak hartutako erabaki txarrengatik mundu eder hori izorratu zen; eta horregatik gaude hemen, mundu izorratu honetan: Jainkoaren legea apurtu genuelako. Baina, Jesus hona etorri zen eta egoerari konponbidea emateko bere burua sakrifikatu zuen. Guk merezi genuen heriotza eta horretara kondenatuta geunden, baina bera hil zen gugatik. Bere hautua izan zen zigor guztia beregain izatea. Ondorioz, gu ez gara betirako hilko; alegia, hil egingo gara, baina heriotzaren ondoren berpiztu egingo gara. Horregatik, Jesusek egin zuen sakrifizioan sinesten badugu,  Jainkoa zerbitzatu behar dugu.

 

Beti sinestu duzue Jesusengan?

B.G.: Nik bai, baina Mikelek, berriz, ez. Nire familiak beti kontatu izan dizkit Jainkoaren gaineko istorioak, eta sinesmena transmititu didate txikitatik. Jendeari laguntzen ahalegintzen naiz, gomendioak ematen ditut eta behar duenari entzuten diot. Hala ere, 16 urte nituenean hori guztia utzi nuen eta Jainkoagatik aldendu egin nintzen. Alkohola edaten nuen, erre egiten nuen… gauza asko gaizki egiten nituen. Baina, bi urte beranduago, 18 urterekin, berriro hurbildu nintzen Jainkoarengana; eta orain askoz hobeto nago berarekin. Otoitz egiteak eta Jesusekin harreman estua izateak asko lagundu dit. Ez dakit… ezberdina da. Orain oso lasai sentitzen naiz eta askoz gusturago nago horrela.

M.A.: Belen ezagutu nuen sinesteari utzi zion momentu horretan. Dena dela, hemen ez digute inoiz erakutsi Jainkoarengan sinesten. Alderantziz, kontrakoa kontatu digute eskolan. Alegia, eboluziotik gatozela irakatsi digute, eta oso logikoa iruditu zait hori beti. Edonola ere, Belen  ezagutu aurretik hasi nintzen ikertzen eta sinesmen guztien berri izaten. Nire buruari galdetu nion: Jainkoa badago eta ni oraindik konturatu ez banaiz… zer? Gauza txarrak egiten ari naiz? Zalantza handiak izan nituen, ez ote nintzen sekta batean sartzen ari edo... auskalo! Baina, ez: momentu horretan konturatu nintzen ez dela logikoa eboluzioaren teoria. Izan ere, nire buruari begiratzen nion eta perfektuak garela ikusten nuen. Adibidez, orain nire eskuari begiratzen diot eta perfektua dela ikusten dut. Hala bada, ezinezkoa iruditzen zait gu gaur garena eboluzioaren emaitza izatea. Jainkoaren sorkuntza gara. 

Dena den, argi nuen ez nuela edozein erlijiotan sinestuko; aurretik ondo aztertuta eta ikasita nuen zerbaitengan izango nintzen fededun. Baina horretaz guztiaz konturatu nintzenean, Belenekin batera Jainkoaren bidea zein zen ezagutzen hasi nintzen, eta bide ona hautatu nuela uste dut. Bizitzan hartu dudan erabaki onenetariko bat da eta gaur egun ez dut nire bizitza imajinatzen Jainkoa gabe.

 

Orduan, Belen, zuek diozue Jesuengan sinesteagatik hainbat ohitura alde batera utzi behar izan dituzuela?

B.G.: Ez da guztiz horrela. Norbaitek esaten badu sinestuna dela eta bere gurasoak maite dituela, baina era berean, ama jotzen duela, hori gaizki dago. Ezin duzu pertsona bat maite eta gero, horri min egin. Ba,  gauza bera gertatzen da Jainkoarekin:  guk badakigu zeintzuk diren berari min egiten dizkioten gauzak eta, beraz, ez dugu alkohola edaten, adibidez.

M.A.: Hori da. Alkoholak heriotza eta borroka asko ekartzen ditu, eta Jainkoa ez da horren aldekoa. Horregatik, gauzak bereizten ikasi behar dugu.

Senar-emazte zarete eta gazte ezkondu zineten. Zer dio Jainkoak horren gainean?

M.A.: 2012garren urtean ezagutu genuen elkar, eta 2017an ezkondu ginen. Urte asko generamatzan elkarrekin eta Bibliak dio bikotekide direnak, elkarrekin bizitzera joan aurretik, ezkondu egin behar direla. Eta horixe egin genuen, Jainkoak hori nahi duelako.

B.G.: Hernanin ezkondu ginen, Jauregin, eta gure bizitzako momenturik politena izan zen.

 

Zer da zuentzat Jainkoa?

M.A.: Lehenik, esango nuke ez dela gugandik urrun dagoen zerbait. Eta bigarrenik, zerbait baino, norbait da. Gainera, ez dugu pentsatu behar zigortu egingo gaituela gaizki jokatu dugulako. Alderantziz, asko maite gaituen aita bat da. Are gehiago, gu sortu gintuen eta, hortaz, guretzat dena da. Egunerokotasunean dago gurekin, zeren eta esnatzen garenean Biblia irakurtzen dugu, otoitz egiten dugu eta eskerrak ematen dizkiogu beste egun batez bizitzaz gozatzeko aukera eman digulako.

B.G.: Jainkoarengan fedea izatea guretzat ez da erritua. Alegia, ez da programatuta dagoen zerbait. Guk otoitz egiten dugu eta jarrera ona dugu horrela jokatzea ateratzen zaigulako, izatez. Esaterako, fededunak ez diren pertsonak goizean goiz esnatzen dira eta gosaltzen duten bitartean Kronika edo bestelako egunkariak irakurtzen dituzte. Gure kasuan, ordea, esnatzen garenean Biblia irakurtzen dugu eta beti ikasten dugu zerbait berria, egun horretan aplikatu dezakeguna. Imajinatu: triste edo deprimituta dagoen pertsona batekin topo eginez gero, harekin hitz egingo dugu eta lagundu egingo diogu. Ez dugu Jainkoaren gaia aterako, baina laguntza eskainiko diogu.

M.A.: Bai, hori da. Pentsa: nik ezin dut goizean esnatu eta Beleni musu bat eman gabe etxetik joan. Ba gauza bera gertatzen da honekin: ez naiz kalera irtengo Jainkoarekin hitz egin gabe eta otoitz egin gabe. Pentsaezina da hori.

 

Eta Jainkoa existitzen bada, zergatik gertatzen dira horrenbeste ezbehar?

B.G.: Adibide batekin azalduko dut. Nik orain zuri aurrean dudan liburua burura botatzen badizut... nork du errua, Jainkoak edo nik? Nik. Hau da, guri Jainkoak ez digu esaten zer egin dezakegun eta zer ez. Alderantziz, norberaren esku uzten ditu erabakiak.  Eta horrela funtzionatzen du munduak: bakoitzaren erabakiekin. Horregatik diot beti, jendeak minutu bakar bat hartuko balu bere erabakien gainean pentsatzeko, mundua oso ezberdina izango litzatekela.

M.A.: Baina, zergatik botatzen diogu errua Jainkoari eta ez, berriz, deabruari? Hori askotan pentsatu dut. Izan ere, deabruak gizakiaren sufrimendua bilatzen du eta Jainkoak, berriz, ongizatea. Horregatik utzi zituen Biblian idatzita bere gomendio guztiak.

 

Nor da deabrua?

M.A.: Bibliak dio deabrua dela duela urte asko Jainkoarekin zeruan zegoen aingeru bat. Lucifer izenez ere ezagutu da. Jainkoa zerbitzatzen zuen eta laguntza eskaintzen zion. Hala ere, egun batean dena aldatu zen. Luciferrek Jainkoaren inbidia izan zuen eta urruntzea erabaki zuen. Momentu horretan, Jainkoak bi aukera izan zituen: suntsitzea edo aske uztea. Suntsitzea erabakitzen bazuen gainerako aingeru guztiek pentsatuko zuten Luciferrek arrazoi zuela, Jainkoa gaiztoa zelako. Beraz, Jainkoak pentsatu zuen Lucifer aske zela bere iritzia emateko. Eta horixe egin zuen: aske utzi zuen. Baina orduantxe hasi zen gaiztakeri guztia. Luciferri izena aldatu zitzaion eta deabrua bilakatu zen. Gure mundura etorri zen eta gaiztakeria guztia utzi zuen hemen.

 

Bibliak esaten duen guztia zorrotz betetzen duzue?

M.A.: Bai. Esan bezala, Bibliarekin ikasten duguna egunerokotasunean aplikatzen dugu. Izan ere, badakigu gure onerako izango dela.

 

Bizi garen gizartean fededun gutxi dago, batez ere gazteen artean. Zer iritzi duzue horren gainean?

B.G.: Nik ulertzen dut hori gertatzea. Gauza txar asko gertatu dira Elizan eta normala da jendeak pentsatzea Jainkoa ez dela existitzen, eta ez duela merezi Jainkoarengan sinisteak... Batzuetan pentsatzen dut kristauek dugula errua,  ez garelako eredu ona izan.

M.A.: Niri pena haundia ematen dit. Gustatu izango litzaidake Jainkoa lehenago ezagutzea, orain askoz hobeto bizi naizelako berarekin. Sufrimendu askotatik libratzen gaitu eta zoriontsu egiten gaitu. Hala ere, argi dugu ez dugula inor behartu nahi. Munduan egon daitekeen gauzarik okerrena hori da, norbait zerbaitera behartzea. Bakoitza aske da nahi duena aukeratzeko eta egiteko.

 

Nola uste duzue landu beharko litzatekeela erlijioa?

B.G.: Ez da teorikoki irakatsi beharko litzatekeen zerbait. Hori ez da Jainkoaren nahia. Horren bueltan, uste dut eskoletan erlijioa irakasteko dagoen modua ez dela egokiena. Teorikoegia da eskoletan irakasten dutena. Gainera, Bibliak ez du agindurik ematen. Alegia, ez du esaten: hori ez egin, hori gaizki dago. Laburbilduz, balio positiboetan oinarrituta dagoen hezkuntza estilo batera bideratuko nuke erlijioa.

M.A.: Bai, ados nago. Adibideen bitartez azaldu beharko litzateke Jainkoa nor den. Bera mundu honetara etorri zenean txapa gutxi sartu zuen; ekintzan garatu eta bere arrastoa utzi zuen.

 

Zuen familiek, lagunek… nola bizi dute hau?

M.A.:  Fededun bakarra naiz etxean. Ez dute ez ondo, ez gaizki ikusten. Besterik gabe, nire erabakia errespetatzen dute.

B.G.: Esan dudan moduan, nire etxean denok gara fededunak eta, beraz, ez dut arazorik izan.

 

Kritika negatiboen beldur zarete?

B.G.: Azken bi urteak Hego Amerikan eman ditugu eta jendeak galdera asko egin dizkigu horren gainean. Hala ere, hemen, Hernanin, ez gara inoiz baztertuak sentitu. Nire kasuan, behintzat, eskolan eta lagunartean beti errespetatu naute.

M.A.: Jendeak zerbait arraroa dela uste du eta kritika negatiboak jaso ditugu, baina jakin badakigu Jesus ere kritikatu zutela eta, hortaz, ez zaigu axola. Jesusek esan zigun guri ere kritikatuko gintuztela, eta lasai gaude horregatik.

 

Ba al dago lotutarik zuen ikasketen eta sinesmenen artean?

M.A.: Egia esan, ez. Nik goi-mailako gradu bat ikasi nuen, tornularia izateko. Horretan egin nuen lan bi urtez, eta gero utzi nuen, misiolari izateko.

B.G.:  Nik mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta ikasi nuen. Lan zoragarria da eta asko ikasi nuen horrekin. Hala ere, esan dugun moduan, utzi egin nuen, misiolari-lanetan aritzeko.

 

Etxetik kanpo egon zarete denbora luzez, ezta?

B.G.: Bai, ia bi urtez egon gara Kolonbian, Bolivian eta Belizen. Munduko lekurik behartsuenetan izan gara; hau da, ez gara herrialde horietako leku ezagunetan edo aberatsetan egon. Alderantziz, Amazonasen edo basoan galduta eta ia erabat inkomunikatuta bizi diren komunitateekin egon gara.

M.A.: Misiolari-lanetan aritu ginen bertan, Jesusek gure kargu utzi zuen misioa betetzeko. Laburbilduz, misio hori da pertsonei Jainkoaren gainean hitz egitea eta laguntzea. Elizako taldeek antolatzen dituzte misioak eta horretan izan gara azken denbora honetan. Gure asmoa oraindik ez zen bueltatzea, Perura eta Afrikara joan nahi genuelako, baina koronabirusak  horretara behartu gintuen. Sekulako esperientzia izan zen, oraindik askotan oroitzen gara horrekin guztiarekin.

 

Gaia pixkat bat aldatzeko... Zer da ‘Jainkoa dugu artzai’?

M.A.: Jainkoaren hitza euskaldunei eramateko tresna bat da. Asko maite ditut euskera, euskal kultura eta euskaldunak, eta pena haundia ematen dit hain fededun gutxi egotea. Aurrekoaren harira, zerbait gehitzea gustatuko litzaidake: atzerrira joan ginen hemen dena dugulako, baina han, ordea, ez. Hemen falta den bakarra da Jainkoaren hitza, eta horregatik sortu genuen kanal hau.

B.G.: Kolonbian ginela sortu zen. Mikelek zera esaten zidan: gu hemen gaude jendeari laguntzen eta Jesus nor den azaltzen, baina Hernanin nor dago? Jende asko dago depresioarekin eta triste, eta arnasgune bat sortu nahi izan genuen. 

 

Hortaz, garrantzia haundia du hizkuntzak proiektu honetan, ezta?

M.A.: Euskera hitz egiten jaio gara eta politagoa iruditzen zait euskeraz hitz egitea eta bizitzea. Gainera, Biblia euskeraz irakurtzea ere ederragoa da, erderaz irakurtzea baino.

 

Teknologia eta sare sozialak erabiltzen dituzue zuen helburuak zabaltzeko…

M.A.: Bai, fededuna izaterarekin bateragarriak dira gaur egungo teknologiak eta sare sozialak. Horrekin, jendea animatu nahi dut gure kanala bistatzera: YouTuben, Jainkoa dugu artzai eta Instagramen, berriz, jainkoa.dugu.artzai.

 

Etorkizunean, non ikusten duzue zuen burua?

M.G.: Bizi dugun momentu honetan erantzunteko galdera konplikatua da hau. Tornulari lanpostua lortu dut orain, eta momentuz gustura gaude Hernanin. Asko gustatzen zaigu hemen bizitzea, baina Jainkoak beti aldatu ditzake gure planak.

 

Amaitzeko, zer esango zeniokete oraindik Jainkoa ezagutzeko hautua egin ez duen horri?

M.G.: Esango niokeena da aurreiritzirik ez izateko. Bibliak zer esaten duen ikustera animatuko nioke, edo otoitz egitera. Eta horren ondoren, erabaki dezala fededun izan nahi duen edo ez.

B.G.: Hori da, aukera bat eman behar zaio Jainkoari. Hala ere, aurrez esan moduan, ez da inor behartu behar eta guk erabaki eta sinesmen guztiak errespetatzen jarraituko ditugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!