Uxue Bereziartua hernaniarrak '41 habitat eta gehiago' online erakusketa inauguratu du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 2a, 00:00

«Erakusketa pandemia baten erdian barrura begiratzeko leihoa da».

Sormen haundiko sortzailea da Berexiart, eta oraingo honetan hainbat artista kolaboratzailerekin batera «norberaren eta besteen barrenetara garamatzan» erakusketa «intimo bezain ederra» egin du.

Uxue Bereziartua Lonbidek (Berexi Art) online erakusketa inauguratu du, beste hainbat artista emakumeren eskutik. Lehio haundi batean «mundu txiki asko» bistaratu ditu, eta jada ikusgai dago kaleratu duen lana berexiart.com webgunean. Herenegun eman zion hasiera erakusketari eta hilabete egongo da ikusgai. Hala ere, azaldu dutenez, jendearen harreraren arabera urtarrileko hilabetean zehar ere luzatzea pentsatuta daukate.

Erakusketa doakoa da eta, beraz, «mundu guztia iritsi daiteke bertara». Ilustrazioek, bideo esperimentalek, bertsoek zein argazkiek osatzen dute 41 habitat edo gehiago erakusketa.

Esan bezala, beste hainbat artista emakumerekin elkarlanean sortu dute proiektu hau.  Estitxu Agirre, Sandra Urra, Berta Sanchez, Edur Kortabarria, Izas Arzuaga, Maider Alday edo Juanitak dira, beste batzuen artean, Bereziartuak erakusketan bidelagun izango dituen artistak. «Obra biluziak dira, zintzoak, tranparik gabeak», kontatu du. «Artista kolaboratzaileek barrenak atera dituzte arte adierazpide ezberdinen bitartez eta gai ugari landu dituzte bertan: amatasuna, tristura, gorputzak, edertasun kanonak... ezagutu duten edo ezagutu ez duten etxe eta habitatez aritu dira; barrenera begira eta barrenak askatuz».

 

«Bidaia bat da, emakumeen gorputz biluzietara»

Artista kolaboratzaileen habitatek irekitzen die bidea Bereziartuak irudikatu, marraztu, sortu eta gorpuztu dituen 38 emakumeei*. Emakume anitzak marraztu ditu, gorputz eta aukera beste ilustrazio. «Kale jendetsuetan eseri eta paseoan batera eta bestera dabilen jendearen bizitzak irudikatzearen gisakoa da erakusketa ikustea».

Bereziartuaren erakusketan lanak ikusteko aukeraz gain, erosteko aukera ere badago. Aipatu dutenez, ilustrazio bakoitzak bere balioa jarri dio obrari; batzuk originalak dira eta besteak, berriz laminak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!