Liburutegia itxita egongo da ostiralera arte, Biteriko berrikuntza lanengatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 2a, 00:00

Ezingo da libururik mailegatu, ezta bertan irakurri ere. Hala ere, abenduaren 5ean irekiko dituzte ateak, betiko ordutegian. 

Biteri kultur etxeko hobekuntza energetikoa lortzearen aldera, hainbat aldaketa egin dituzte eraikinean. Azaroan hasi ziren  birgaitze lanetan, eta leihoak eta argiteria lanak egiten dira. Udalak aurreratu zuen lanek dirauten bitartean kultur etxea ez zela erabat itxiko, baina aurreratu zuten fase batzuetan kontuan hartzeko zenbait eragozpen egongo zirela. Hori horrela, azaroaren 30ean liburutegia itxi zuten, eta horrelaxe egongo da ostiralera arte. Beraz, ezingo da libururik mailegatu ezta bertan irakurri ere. Abenduaren 5ean, larunbat honetan, berriro ere  irekiko dituzte ateak, herritar guztientzat.


Beste zenbait aldaketa

Esan bezala, leiho eta argiteria lanek zenbait aldaketa ekarriko dituzte. Horregatik, abenduaren 7tik 11ra bitartean liburutegiko goiko solairua itxita egongo da. Hortaz, helduentzako Internet zerbitzua eta bertako irakurgela ezingo dira erabili. Hala ere, itxiera hori izango da Biteriko zerbitzuetan izango den azken eragozpena. 

Udalak jakitera eman duenez, lan guztiak 2021eko otsailaren amaierarako bukatuta egotea espero dute.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!