Ainara Azpiazuk, Juan Kruz Igerabiderekin batera, 'Nire gorputzean bizi naiz' liburua kaleratu du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 00:00

Ainara Azpiazu eta Juan Kruz Igerabide, liburuaren aurkezpenean.

Haurrentzako liburua da eta errimak, erritmoa eta hitz-jolasak uztartzen ditu. «Poemak eta igarkizunak lantzen ditugu, jolas moduan». 

Ainara Azpiazu hernaniarra artista eta sortzailea da, eta Nire gorputzean bizi naiz liburua kaleratu berri du. Ilustratzailea den aldetik, hainbat idazleren liburuen eta ipuinen istorioei irudia jarri die Azpiazuk. Oraingo honetan, Juan Kruz Igerabide idazlearen testuari ilustrazioak egin dizkio eta, beraz, bien arteko elkarlanaren emaitza izan da liburuaren argitalpena. 
Haur-literatura biltzen duen liburua da, eta gorputza da lantzen duten gai nagusia. «Gorputzeko atalak jolas moduan lantzen ditu, inolako ordenarik gabe; hau da, ez da burutik hasten eta oinetan amaitzen. Alderantziz, modu librean jorratzen ditu atal guztiak, jolas bat balitz bezala», azaldu du Ainara Azpiazu Axpik. 
Liburua poemekin eta igarkizunekin osatuta dago. «Hitz-jolasekin, errimekin eta erritmoarekin gorputzeko atalak ezagutzeko aukera ematen du; irakurri eta ondo pasatzeko gonbita da». Gainera, proiektua sortu da, batetik, Elkar argitaletxeak abian jarri duen literatura-programa baten baitan; eta, bestetik, haur-literatura «bere kasa» lantzen duen liburu baten gisa.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!