«Kontrola eta debekuak baino, baliabideak behar ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 00:00
IKAMA eta LAB sindikatuko kideak Plazan.

Hezkuntza komunitatea erdigunean jartzeko aldarrikatu zuten LABek eta IKAMAk.

Joan den ostiralean kontzentrazioa izan zen Plazan, Buruntzaldeako LAB sindikatuak eta IKAMAk antolatuta. Helburua izan zen pandemiaren testuinguruan hez­kuntzan bizi duten egoeraz kezka eta premia larria gizartera­tzea. Hori horrela, talde horietako ikasleak eta langileak bildu ziren bertan, eta hainbat aldarrikapen egin zituzten.

Hartutako neurrien artean daude, batetik, pandemiak areagotu dituen arrakala guztiak gainditzeko neurriak eta baliabideak bermatzea. Halaber, osasunaren eta pedagogiaren ikuspegitik, «beste espazio publiko batzuek erabilera eta naturan ere heztea ahalbidetu behar da». Horren gainean, gehitu zuten, «kontrola eta debekuak baino, baliabideak behar ditugu». Bestalde, hezkuntza eskubide unibertsala izatea eskatu zuten, eta aukera berdintasuna bermatzeko aldarrikatu zuten. Horrekin batera, eskoletako ratioak jaisteko eskatu zuten.

 

Langile gehiago kontratatzeko aldarrikatu zuten

«Hezkuntza bermatzeko, langile gehiago kontratatzea guztiz beharrezkoa da», azpimarratu zuten. Era berean, jangelak ikasle guztientzat zabaldu behar direla esan zuten; «kontziliaziorako ez ezik, heziketarako espazio eta ikasle askoren elikadura bermatzeko lekua baita». Zaintza eta kontziliazioa bermatzearen aldera, «beharrezkoak dira haurren zaintzarako aurrez aurreko eskolak, eskolaz kanpoko ekintzak eta gurasoentzat ordaindutako baimenak».

Horretaz gain, «eraldaketa pedagogikoari» eutsi behar zaiola helarazi zuten: «metodologietan urteetan emandako aurrera pausoak galtzeko arriskua dago». Euskeraren erabilera eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko neurriak ere behar direla helarazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!