Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 00:00

Igandean 3-0 irabazi zuen Aretxabaletako Arizmendiren kontra Hernanin jokaturiko lehenengo partiduan.

Hernanik ez zuen barkatu, igande goizean jokatu zen Euskal Ligako partiduan. Etxeko lehen partiduan, Arizmendi taldeari aukera gutxi eman zizkion.

Aretxabaletako talde gazteak gogotsu hasi zuen partidua, baina lehen puntuetatik argi zegoen etxeko taldea ez zegoela prest garaipen aukera galtzeko. Pasa den asteko joko maila aurkeztu ez arren kantxan, lehen seta erraz eskuratu menderatu zuten hernaniarrek, 25-16 tanteoak adierazten duen modura.

Bigarren jokoa ere ildo beretik joan zen eta bisitarien aldaketak nabarmendu arren, bereziki defentsan, deigarria izan zen etxekoen indarra erasoan eta berriro 25-16 tanteoarekin 2-0 aurreratu ziren hernaniarrak markagailuan, garaipenetik joko bakarrera geratuz.

Azken jokoan, erreakzioa espero zen bisitarien aldetik baina 10-1 partziala ondoren, amore eman zuten atxabaltarrek eta ezuztekorik ez zen egon. Azkenean 25-5 irabazi zuten hirugarren joko hay etxekoek eta beraz 3-0koa izan zen azken emaitza. Garaipen argia eta indarra ematen duena aurrera begira.

Hernaniarren bigarren garaipena izan da aurtengo Ligan, lau partiduetan, eta orain datorren larunbateko norgehiagoka  prestatzeko lanetan hasiko dira. Hau ere Hernanin izango da, bere egunean bertan behera geratu zen Jatorkide Gasteiz taldearen aurka.

Hernanik igandean kantxaratu zituen jokalariak ondorengoak izan ziren; Jokin Moreno, Eligio Rodriguez, Aitor Lizarazu, Adrian Les, Iñaki Nagore, Numael Rodriguez, Eneko Mitxelena eta Julner Jualit Linarez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!