Segurola eta Barrenetxeak abiada bizian eta Ansa eta Aizpuruk sendo, garaipen ikusgarriak lortu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 00:00

Segurola eta Barrenetxeak 14an utzi zituzten, larunbatean Galarretan, Juanenea eta Larrañaga. Urriza eta Labakak 35-40 galdu zuten bigarren partiduan Ansa eta Aizpururen aurka, hauen txapelketako lehenengo partiduan.

Galarretak ikuslerik gabeko Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldia bizi izan zuen larunbatean, baina emozioak kontrakoak izan ziren bi partiduetan. Lehenengoan Segurola eta Barrenetxea IV.a hernaniarra, Juanenea eta Larrañaga baino askoz gehiago izan ziren. Gorriak 45 minututan iritsi ziren 40ra. Bigarren partiduan berdintasuna eta joko ona izan ziren nagusi eta 35-40ko emaitzarekin bukatu zuten Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak, Urriza eta Labakaren aurka.

Jaialdiko aurrenekoan, atzelari hernaniarra jaun eta jabe izan zen hamalau tanto eginez sakearekin eta zortzi tantorekin piloteoan. Gainera, Segurolak ezin hobeto lagundu zion, ez zuen akatsik egin eta hamahiru tanto lortu zituen piloteoan. Juanenea eta Larrañaga euren mailatik behera egon ziren eta aurkariak ez zituzten inoiz kezkatu. Aurrelariak bost tanto eta bi huts egin zituen, atzelariak berriz zazpi eta hiru. Espero baino lehenago amaitu zen norgehiagoka.

Bigarren partiduan Ansa II.ak eta Aizpuruak lortu zituzten lau puntuak. Partidua bikaina izan zen, eta lau erremontistek gozatu zuten. Pena ikusleek zuzenean ikusi ezin izana. Partidua gorrien abantailarekin hasi zen. Urrizak eta Labakak 4-1, 10-6, 14-11 eta 20-16 agintzen zuten. Urdinek ez zuten amore ematen eta gorriei aurre egiten zieten. 21era, 22ra, 23ra berdindu zuten eta hortik aurrera hiru tantoko aldea hartu zuten. Amaierara arte mantentzen jakin zuten hiru-lau tantoko abantaila: 24-28, 27-30, 31-34, 34-37 eta 35-40. Lauetatik bat nabarmendu behar bada hori Aizpuru izan zen. Azpeitiarrak agian bere partidarik onena jokatu zuen profesionala denetik. Ansa II.ak ere partida ona jokatu zuen. Bien artean bederatzi akats egin zituzten arren, asmatu zutenek soberan konpentsatu zituzten opariak. Abiadura haundian jokatu zuten eta kirol ikuskizunak eskertu egin zuen. Aizpuruk lau tanto egin zituen saketik eta sei piloteoan.

Bi emaitza hauekin Segurola eta Barrenetxea ligaxkako sailkapeneko lidertzara pasa dira zortzi punturekin, Urriza eta Labaka 5ekin bigarren daude, Ansa II.ak eta Aizpuruk lau dituzte, Goikoetxeak eta Endikak ez dute punturik lortu eta Juaneneak eta Larrañagak, bi partida jokatuta, -1.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!