Legorburu garaile, Eibarko San Andres bertsopaper lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 00:00

Iñigo Legorburu semearekin, bertsopaper lehiaketako txapela eskuetan duela.

Bigarren urtez jarraian, Legorburu gailendu da, Xabier Leteri buruzko sorta bati esker. 

Pasa den astean, Eibarko Coliseo antzokian jakitera eman dira Eta kitto! Euskara Elkarteak urtero San Andres egunaren bueltan antolatzen duen bertsopaper lehiaketako irabazleen izenak. Bertan, iazko podium bera errepikatu da, hala nola, Legorburu nagusi, Jexux Mari Gisasola (eibartarra) bigarren.
Legorburuk, Lete 10 urte zu gabe bertso sortarekin irabazi du lehiaketa, kantari eta poeta oiartzuarraren Langile baten semea doinuan idatzitako zortzi bertsoren bidez. Bertan, Leteren biografiari errepaso motz bat ematen zaio, eta «euskal gizartearen zer nolako garrantzia izan duena azpimarratzen da».  
Legorburuk azaldu du, doinua aukeratzerakoan zalantzak izan zituela, «baina banekien Leteren doinuaren batean egin behar nuela, bertsolaritzan asko erabiltzen baitira oraindik ere».
Abenduaren 4an, 10 urte beteko dira Lete hil zenetik, eta horren harira, «aukera aprobetxatu nahi nuen, Lete bizi dugun pandemia giro honekin uztartzeko, denok daukagulako zein osasun arazo izan zituen bere bizitza osoan zehar». 
Honakoak dira, Legorburuk egindako bertso sortako lehenengoa eta azkena.   

LETE, 10 URTEZ ZU GABE

1.bertsoa
Ez zaudenetik joan denean
jada hamarkada
azken aldian nagusitu da
munduan ikara.
COVID gaizto honen eskez
mundua bete da ERTE-z
beraz egungo gure beldurren
txertoa zu zara!
Lortzerik izanda,nekez
jardungo naiz gogo betez
Lete poeta baino gehiago
den Xabier Letez.

8. bertsoa
Pandemiaren garai krudel hau
laster amaitzeko
birus kontuen erruz nor ote
optimista peto?
Gaixotasunen harian
zuri modu nabarian
hesteetako gaitzak erasan
zizunez konpleto …
Berriro itxialdian
sartuz nor bere kabian
Letez kutsatuz senda daitezke
min denak, agian.

ARRAGOA

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!