Zubipe, Landare eta Udal Kiroldegia erabiliko dira abenduan, 6-16 urte arteko gazteek kirola egin dezaten

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00
Ave Maria parkean aurkeztu zuten agenda bateratua kirol eragile desberdinek.

Agenda bateratua prestatu dute, Udalak eta hainbat kirol elkarte eta eragilek, beraien instalazioak erabiltzeko, bakarkako kiroletan aritu edota familian jolastu ahal izateko. Kiroldegian, jolas alternatiboak prestatuko dira.

Osasun krisi honen azken neurriak, 6-16 urte bitarteko gazteen jarduera fisikoa eta kirola egiteko eskubidea mugatu dute. Horren aurrean, herri mailako erantzuna emateko jarduera fisiko eta kirol aroloko eragile batzuk bildu dira agenda bateratu bat sortzeko kirola edo jarduera fisikoa egiteko.
«Horretarako, jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera seguru eta legalak eskaintzera gatoz, beti ere familiei zuzendua», adierazi zuen Ane Ibarburu zinegotziak. Kirol zinegotziaren hitzetan, «agenda bateratu honetan, 6-16 urte bitarteko hernaniarrentzat alternatibak ekartzen ditugu, adin tarte honetan jarduera fisikoa eta kirola baimendu arte»

Astelehenetik ostiralera abenduaren 10era arte Zubipe, Landare eta kiroldegiko pista erabilgarri

Honela, astelehenetik, azaroaren 30etik abenduaren 10era bitarte, astelehenetik larunbata goizera Zubipe eta Landare irekiko dira, 17:00etatik 19:30etara bakarkako kiroletan edota familian jolasten aritzeko. Aforoa %40koa izango da. 
Astelehenetik ostiralera Hernaniko udal kiroldegiko pistan, 17:00etatik 19:30etara jolas alternatiboak egingo dira. Aforoa mugatua izango da, legez dagokiona, %40a.

Abenduaren 5etik 12ra, igerilekua jolas leku

Hernaniko Udal kiroldegiko igerilekua jolas leku bihurtuko da abenduaren 5etik, abenduaren 12ra arte. Hori bai, aforoa mugatua izango da eta denbora ere bai.

Mendi ibilbideak, altxorraren bila eta sagardotegietatik tribiala eta 'trail running'a

Horrez gain  eskola kiroleko kideek hainbat ekintza planteatu dituzte. Hernaniko jarduera fisiko eta kiroleko webgunean zintzilikatuak egongo dira pertsona guztien eskura eta honakoak izango dira. Hasteko, mendi ibilbide ezberdinen gida bat sortu dute; ondoren, herritik zehar altxorraren bila jolasa antolatuko da familiei zuzendutakoa; azkenik, sagardotegietatik tribial jarduera antolatu da.
Horiez gain, prestatzen ari dira trail running zirkuitoa, eta bertan, korrika zein mendiko bizikletarekin jaitsierak egiteko ibilbide zailak.
Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, kiroldegiko ordezkaria, errugbi elkartekoa, Udalekoak, futbol elkartekoa... «Hemen bildu garenok, garbi daukagu jarduera fisikoa eta kirola osasunaren parte direla eta orain arte garrantzitsuagoa dela baldintza egoki eta seguruetan jarduera fisikoa eta kirola egitea. Egoera honetan, hernaniarrak aktibatzea garrantzitsua denez, jarduera fisikoa sustatzea da gure helburua» aipatu zuten. 
Neurriak iraun bitartean ekintza gehiago antolatuko dira elkarlanean, «adin tarte horietako haur, gazte eta familiak animatzen ditugu ekintza desberdinez gozatzera, kirola egitea segurua baita. Osasun krisi honetan elkar zaintzeko momentua da, ekintza guztietan zentzuz jokatzea eskatzen dugu» diote antolatzaileek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!