Segurola-Barrenetxeak bigarren garaipena nahi dute Juanenea-Larrañagaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00
Aizpuru eta Ansak gaur jokatuko dute, Binakakoan beraien lehenengo partidua, Galarretan.

Ansa II eta Aizpuruk Binakako txapelketaren lehenengo partidua jokatuko dute Urriza eta Labakaren aurka, 15:30etan hasiko den jaialdian. Bigarren larunbatean ere ez da ikuslerik egongo.

Binakako Erremonte Txapelketaren bigarren jardunaldia jarriko da martxan gaur, Galarretan, 16:30etatik aurrera. Jaialdian bi partidu daude iragarrita eta biak txapelketakoak dira. Lehenengoan Segurola eta Barrenetxeak; Juanenea eta Larrañagaren aurka lehiatuko dira.

Barrenetxea hernaniarrak Segurolarekin batera, 40-30 irabazi zieten Etxarri eta Endikari aurreneko partiduan. Beraz, lau puntu batu zituzten eta finalerdietarako lehenengo pausoa eman zuten. Barrenetxeak erakustaldia eman zuen sakearekin. Aspaldi ikusi den tanto kopuru haundiena egin zuen, hamaika guztira, eta lehenengo hogei tantoetan hamar. Segurola ere sendo aritu zen, arrisku haundirik hartu gabe, baina serio jokatuz.

Juanenea eta Larrañagak, Urriza eta Labakaren aurka galdu zuten, 40-26 eta ez zuten punturik batu. Hala ere, txapelketa hasi aurretik bikoterik sendoenetakoa eta faboritoetako bat zen eta da. Horrek esan nahi du edozein momentuetan esna daitezkeela eta bikote gorriak ez du partidu erraza izango. Gainera, lehenengo puntuak lortzeko irrikitan egongo dira. Galduz gero, eta punturik lortzen ez badute, arazoak izango dituzte.

 

Ansa II eta Aizpuru III.aren debuta, bigarrengoan

Jaialdiko bigarren partiduan Urriza eta Labakak, Ansa II.a eta Aizpuru III.a izango dituzte aurkari. Gorriek erraz irabazi zuten lehenengo partidua Urrizaren erakustaldi batekin. Ansa II.ak eta Aipzuru III.ak estreinako partidua jokatuko dute Binakakoan. Lehenengo jardunaldian atseden hartu zuen bikotea izan zen.

Gorriek erakutsi dute zertarako gai diren; urdinek bikote sendoa osatzen dute, baina zalantzak ere sortzen dituzte, beraien irregulartasuna tarteko. Ikusi egin behar da bi hilabeteko geldialdiak nola eragin dien urdinei. Ongi kantxaratzen badira eta beraien mailarik onena ematen badute, txapelketako bikote sendoena izan daiteke. Hori bai, oker hasten badira edozeinen aurka galdu dezakete. Gaia badute eta oso arriskutsuak dira aurkarientzat.

Gogoratu behar da partidu bakoitzeko ira­baz­leak, 4 puntu lortuko dituela; eta galtzaileen kasuan, egindako tan­toen arabera: 36-39 tanto bitartean eginda, 2 puntu; 32-35 artean, puntu bat; 26-31 puntu artean, punturik ez; eta 25 tanto baino gutxiago lortuz gero, puntu bat kenduko diete.

Jaialdia streaming bidez ikusi daiteke, YouTuben

Aurreko astean bezala, publikorik gabe abiatuko da jaialdia, eta horrela izango da denbora batez, gutxienez: «badirudi, abenduaren erdialdera arte behintzat, horrela izango dela. Jaurlaritzaren arauen zain egon beharko dugu, egoeraren garapena ikusteko. Murrizketak aldatu arte, publikorik gabe jokatuko dira jaialdiak», adierazi zuten Galarretako arduradunek.

Edozein kasutan, larunbatero ikusi ahal izango dituzte jaialdiak zaleek, etxetik. Aurreko astean ETB1en ikusi ahal izan zen jaialdia, eta gaurkoa eta hirugarrena, berriz, internet bidez eskainiko ditu Oria­mendik, zuzenean, YouTu­beko bere kanalean. Oriamendiren webgunean eta Facebooken ere jarriko dituzte horiek. Laugarrenetik aurrera, ziurrenik partidu guztiak ikusi ahal izango dira telebistan, ETBren eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!