«Nik jakin gabe ere, kezka batzuk plazaratzeko beharra neukan, eta horren emaitza da nobela»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00

Tren bidaia batean oinarritzen da, Kattalin Minerren nobela: protagonistak Parisera egiten duena, lagun presoa bisitatzera.

'Turista klasea' nobela aurkeztu zuen atzo Kattalin Minerrek, bere hirugarren liburua.

«Pare bat astetan» idatzi zuen Turista klasea nobela, itxialdian, Kattalin Miner idazle hernania­rrak. Berak «jakin gabe», kezka batzuk plazaratzeko beharra zeu­kan, eta nobela forma hartu du: tren bidaia luze batean gertatzen den hausnarketa bat jasotzen du liburuak, protagonis­tak egiten duena.

 

Jakinminez uzten du irakurlea, 'Turista klasea' nobelaren sinopsiak. Zein ote da protagonista?

Ez diot izenik jarri. Bera da pertsona bat, jaikitzen dena goizeko lauak aldera, eta aurre egin behar diona bidaia bati. 1.600 kilometro egin behar ditu egun berean, trenean, joan-etorriko bidaia batean. Hasieran, badirudi errutina nahiko sartuta daukala bere buruan: badaki zer hartu, zer eraman, nola egin... Baina pixka bat aurrera eginda, konturatzen da izan daitekeela azkeneko bidaia. Preso bat bisitatzera doa, Parisera, eta izan daiteke azkeneko aldia. Izan ere, epaiketa bat dator, eta esperantza badute, ondo joan daitekeela. Bidaia egiten ari dela, hasten da pentsatzen, bidaia horietan zein beste gauza gertatu zaizkion; kartzelarekin eta lagun pertsonalarekin zerikusi gutxi daukaten egoerak. Eta memoria bat egiten hasten da, azkeneko bidaia horretan.

Bi plano dauzka nobelak, bidaia bera eta memoria. Egun bakarrean gertatzen da: etxetik ateratzen denetik, etxera bueltatzen den arte. Oso liburu laburra da, baina bidaia horretara eramaten du irakurlea.

 

Lagun txiletar batzuk ere aipatzen dira nobelan. Zein dira eta zer nolako garrantzia daukate protagonistaren bizitzan?

Protagonista, hausnarketa egiten hasten denean, hasten da fokua aldatzen, baita ere. Hori denoi gertatzen zaigu. Normalean, zapalkuntza edo errepresio egoera bat bizi dugunean, horri begira eta hortik begira ikusten dugu mundua. Eta protagonista, hasten da beste leku batzuetatik begiratzen. Badira lagun txiletar batzuk, Parisen bizi direnak, eta etxean hartu dutenak, berak bisitak egiten zituenean. Horrela, bidaian zehar gogoratuko ditu haiekin bizitako pasarteak, eta konturatuko da normaltzat hartu dituen egoera batzuetan, zein abiapuntu eta bizi esperientzia desberdinak dituzten; eta horrek non kokatzen duen bera. Zalantza horiek pizten zaizkio. Lagun horiek oso garrantzitsuak izan dira, bere babesleku izan direlako, bidaia horietan. Baina, era berean, errealitate batzuk aurrean jarri dizkioten pertsonak dira, solasaldi asko egin baitituzte. Lau dira lagun txiletarrak: Agustin, Agustina, Marce eta Mateo. Eta bakoitzarekin, oso harreman berezia dauka.

 

Charlie Hebdoren kontrako atentatutik, izua sentitzen du protagonistak, muga zeharkatzen duenean...

Bidaia hasten duenean, ideia ba­karra horixe da, presoa bisitatu beharra. Baina bere hausnarketan, Charlie Hebdoko atentatuena gogoratzen du, eta horrek ere sortzen dion ezinegona. Horrek aldatu zuelako Frantziako panorama militarra, eta izua eragin. Eta ez dagokio berari, ez du bizitzen bere inguruko gatazka bat bezala; baina aldi berean, gurutzatu egin behar du Frantzia, noizean behin. Eta orain arte konturatu gabe, horrek sortzen dizkion izu eta egoera batzuk azaleratzen dira liburuan. Beraz, bidaia horrek helburu bat daukan arren, funtzio bat betetzen duen arren, gauza asko gertatu zaizkio bidaietan. Eta horietako bat da, garai horietan Frantzian gurutzatzeak ekartzen zizkion dudak, beldurrak... Ikusi zuen herrialde bat militarizatzen goitik behera. Aldi berean, berak argi posizionatzen du bere burua, esparru ezkertiar eta antiarrazista batean, baina azkenean, beldurra beldurra da. Eta kontraesan horretan, borrokan pasa ditu urte dezente.

 

Nolakoa izan da, liburuaren lanketa?

Itxialdian jaiotako liburu bat da. Konfinamendu hasieran lan mordo bat neukan, baina horiek bukatzen joan nintzen, eta azkeneko bi-hiru asteetan nahiko libre nengoen. Ez neukan buruan ezer idaztea, baina hasi nintzen istorio honekin, eta pare bat astetan atera zitzaidan, goitik behera atera ere. Hori ez da ateratzen bat-batean, noski. Paris, Fresnes eta Fleury ezagutzen ditut ondo, eta askotan egin dut bidaia hori, egun berean, goizean atera eta gauean iritsi. Hori guztia hor neukan, eta pertsonaiari gertatu bezala, fase batzuk ixten direnean, orduan begiratu diezaiekegu, beste garai batean denborarik eta lehentasunik ematen ez genien zapalkuntza eta bizipen batzuei. Hain segidan atera izanak, uste dut esan nahi duela, horretara jarri gabe ere, hor zeudela kezka horiek. Liburuan gertatu diren gauza guztiak, noski, ez ditut nik bizi izan; horretarako da literatura. Baina bai kezka, beldur eta kontraesan batzuk.

«Oso lasai idatzi eta aurkeztu dudan liburu bat da. Ez daukat helburu haundirik nahiz txikirik.
Kontatu nahi nuen istorio bat da».

Tren bidaia horrek, alde batetik, ematen du aukera irakurleak ikusteko zer den bisiten errutina hori; baina bestetik, askotan lehentasunik eman ez eta erreparatzen ez diegun kontraesan, kezka eta beldur horiei begira jartzeko. Liburua laburra da, eta dijoa ia TGVaren abiaduran, egun bateko bidaia besterik ez da. Baina, atzerako memoria saltoek, osatu egiten dute.

 

Zein gai plazaratu nahi izan dituzu, nobelarekin?

Zapalkuntza bat bizitzea tokatzen zaigunean, ohituta gaude horri begira bizitzen, eta baita ere, hortik begiratzen munduari. Eta normala da, norberak bizitakoa baita garrantzitsuena; edo behintzat, norbera gurutzatzen duena. Liburu honekin saiatu naiz, oso zaila den ariketa bat egiten: ez bakarrik beste zapalkuntza batzuei begira jartzen, baizik eta zapalkuntza horietatik mundua nola ikusi liteken pentsatzen. Eta hori da ariketa bat, protagonistak egin gabe zeukana. Eta bidaia honetan, azkenekoa dela intuitzen duenez, utzi dio bere buruari, beste leku batzuetara joaten. Bere zapalkuntza, kasu honetan dispertsioa, amaitzen ari den borroka bat da, eta beste lasaitasun batekin jarri daiteke, beste gauza batzuei begira. Eta bizitzan, hori gertatzen zaigu askotan. Gainera, garai politiko eta sozial honetan, mugimendu batzuk ematen ari dira, intuitiboki, nahita, edo borroken arteko saretze batetik.

Topiko bat da, baina erantzunak baino, galdera gehiago daude liburuan; konklusioak baino, kontraesanak. Oso bisuala da, eszenak irudikatzen ditut. Ez dago baliorik eta moralik; ez du esaten zer dagoen ondo eta zer gaizki; baizik eta zer gertatu zaion protagonistari, eta nola sentitu den. Beraz, helburua bada irakurleari, momentu batez bada ere, prisma aldatzeko gonbitea egitea; beste toki batetik jartzea munduari begira. Eta leku asko topatuko ditu horretarako, gainera. Beraz, batzuekin ez bada identifikatzen, lasai egon dadila, beste batzuk ere izango dituela.

 

Hirugarren liburua duzu. Zer aurkituko du, eta zein aldaketa nabaritu, aurreko biak irakurri dituenak?

Batetik, idazkeran dago aldaketa nabarmen bat, salto bat. Nahiz eta liburua oso azkar idatzi, gero sekulako lanketa egin dut nire editorearekin, Leire Lopezekin. Ia esaldiz esaldi errepasatu dugun nobela bat da, eta horregatik geratu da hain labur, gauza asko kendu ditugulako, eta asko kondentsatu dugulako. Eta bestetik, esperimentutik urrundu naiz pixka bat. Gauza konkretu bat ikusi nuen, hori kontatu nahi nuen, eta helburua zehatzagoa da. Gainera, oso lasai idatzi eta aurkeztu dudan liburu bat da. Ez daukat helburu haundi nahiz txikirik. Kontatu nahi nuen istorio bat da. Kattalin bezala neuzkan kezka batzuk plazaratu beharra sentitu nuen, nik jakin gabe ere; eta forma hau hartu du.

Dena den, batzuek dagoeneko irakurri dute, eta esan didate nabaritzen dela nire eskua dagoela horren atzean. Beraz, horrek ere pozten nau, ez dela bat-batean sekulako aldaketa egin dudala. Garapen bat izan da, beste ariketa mota bat, eta hirugarren pertsonan idatzi dut aurreneko aldiz. Eta esan izan dute, nire liburuak erraz eta azkar irakurtzen direla; ba uste dut honekin errekorra bota dudala (barrez). Ordubetean edo bi ordutan irakurtzen da Turista klasea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!