BIDAIA AGENTZIAK

«Bertan behera geratutako bidaiak kudeatzen, lana daukagu oraindik; ikaragarria izan zen geldialdia»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00
Begoña Lujanbio, Hernani Bidaiaken bulegoan lanean.

Mugikortasuna mugatzearekin batera, ia erabat geldituta daude bidaiak, pandemiaren hasieratik. Lan haundia izan dute agentziek, ordea: bertan behera geratutako bidaia guztiak kudeatu behar izan dituzte.

Mugikortasuna izan da, pandemiaren hasieratik, muga gehien izan dituena; eta horrekin, noski, etenda egon dira turismoa eta bidaiak, ia uneoro, martxo­tik gaur arte. «Gu izan ginen gelditzen aurrenekoak, eta azke­­­nekoak izango gara martxan jar­tzen», dio Begoña Lujanbiok, Her­nani Bidaiak agentziako ar­duradu­nak. «Negozioa etenda» bai, bai­na era berean, lan asko­rekin dau­­de. Egoera paradojikoa da, bida­ia agentziek bizi dutena.

Izan ere, martxoaren 14a zen, mugikortasuna aurrenekoz mugatu zutenean; Aste Santuko oporraldiaren bezpera, ia: «aurten apirilean tokatu da Aste Santua, eta beraz, bertan behera geratu ziren oporraldirako bidaia guztiak. Baina noski, ez da bertan behera geratzea eta kitto. Hori dena kudeatu egin behar da. Ordutik, ez diogu lan egiteari utzi, horiek kudeatzen; eta lana daukagu oraindik», azaldu du Lujanbiok. «Geldialdi hori izan zen hain ikaragarria, dena kolapsatu zela: jendeak ez zuen erantzuten, bidaiak egin edo ez zalantzak zeuzkaten... Ekainera arte, hori tramitatu besterik ez genuen egin, bidaia berririk ezin genuelako antolatu».

 

Udaran, normalean izaten diren bidaien %10a

Ekainean arindu zituzten neurriak, pixka bat, eta mugikortasunerako aukera zabaldu. Ho­ri horrela, bidaia batzuk antolatze­ko aukera izan zuten: «baina oso gutxi. Normalean egiten denaren %10 inguru izango zen. Beharbada gazteak animatu dira gehiago, eta bidaia guztiak izan dira Espainiara. Balearrak, Ka­nariar Irlak, Mediterraneoa... Eta bestela, mendira edo hirietara. Bidaia luzerik ere ez da izan; astebetekoak izan dira ge­hienak, eta asteburuko batzuk ere bai», dio Lujanbiok.

Bidaia egin duten apurrak, hori bai, pozik bueltatu dira, Hernani Bidaiaketik nabarmendu dutenez: «Maskarillarekin, disfrutatuko ote zuten zalantzak, hoteletan nola egongo ziren... Baina bai, beste urte batzuetan bezainbeste disfrutatu dute. Udaran bidaiak egin dituena, oso gustura bueltatu da. Hotelak ondo egokituta daude, eta inork ez du kexarik izan».

 

«Nahi duguna da, guregan konfiantza izan duten bezeroen erreserbak salbatu»

Egun batetik bestera, goitik be­hera aldatu zitzaien egoera, bi­da­ia agentziei: «hasieran ikaragarrizko flasha izan zen. 30 urte egingo ditugu Hernani Bidaiaken, eta eguneroko borroka hori daukazu beti, gauzak aurrera ateratzeko. Baina horrelakorik... Ni grixa gelditu nintzen, beldurra ikaragarria zen. Nola egingo genuen aurrera Aste Santuko bidaia horiek gabe? Buruan lehengo eskema daukazu, urte bat bestearekin konparatzea eta ikustea zer moduzko urtea ari den izaten. Baina ezer ez edukitzea...», nabarmendu du Lujanbiok. Eta aitortu du, beldurrari aurre egin diola pixkanaka: «egoera horretan, oso ga­rrantzitsua izan da beldurrak alde batera uzten joatea, baina horrek denbora daramaki. Nik, hasieran, beldur aurpegia neukan. Eta ohitu ez zara egiten, honetara ezin zarelako ohitu; baina pixkanaka aurre egiten diozu».

Horrela, goiz eta arratsalde aritu da bera lanean, gelditu gabe: «baina negoziorik ez dago, bidaiak bertan behera uzteko ari gara lanean. Nahi duguna da, guregan konfiantza izan duten bezeroen erreserbak salbatu. Hori da tokatu zaiguna, zerbitzu hori ematea. Horretan zentratuta egoteak lagundu dit, egoera eramaten».

Lau langile dira Hernani Bidaiaken, eta martxotik uztailera, Lujanbio bera bakarrik egon zen lanean. ERTEan daude gainerakoak. «Uztailetik aurre­ra, bidaia batzuk antolatzen hastearekin batera, lan karga haunditu egin zen, eta ordutik lankide bat dago nirekin, lanaldi erdira», azaldu du.

Maiatzaren 11tik daukate bulegoa zabalik: «une honetan, etekina ematen duen lanik ez dagoenez, itxita eduki genezake bulegoa, gu barruan lanean ari garela, eta ez litzateke ezer gertatuko; ez da ilararik osatuko, bidaiak erreserbatzeko. Baina za­balik edukita, erakutsi nahi du­gu hemen gaudela, eta hemen jarraituko dugula». Lanean ja­rraitzeak, noski, gastu batzuk dauzka: «ERTEen dirulaguntza izan dugu, eta Hernaniko Udalak ere eman du zerbait, sinbolikoa. Baina jaso dugun laguntza ez da nahikoa, aurrera egiteko».

 

«Udaran bidaiak egin dituen jendea oso gustura bueltatu da. Zalantza zeukaten, baina beste urte batzuetan bezainbeste disfrutatu dute, eta inork ez du kexarik izan»

«'Txertoa' hain maiz aipatzen ari den honetan, esperantza piztu da»

Une honetan, 2021eko Aste Santuko bidaiak prestatzen egon be­harko lukete, eta baita udarako batzuk ere: «orain arte, jendea denborarekin hasten zen bidaiak prestatzen, aukera gehiago eta prezio hobea izateko. Pandemia iritsi zenerako, Aste Santuko ia dena prest geneukan, eta udarako ere, asko. Eta hasieran, pentsatzen genuen pandemia ez zijoala hain luzerako. Maiatzera atzeratu ziren bidaiak, gero udazkenera... Batzuek esan digute, datorren urtean nahi dutela bidaia hori egin, aukera dagoenean. Eta orain, txertoa hain maiz aipatzen ari den honetan, esperantza piztu da, datorren urtean bidaiak egiteko. Jendeak badauka bidaiatzeko gogoa, eta izan dugu eskaerarik. Baina ikusiko dugu».

Datozen asteotarako ere badaukate eskaerarik: «abenduko zubian oraindik ezingo da atera, baina Gabonetan... Pentsatzen du­gu, abenduaren hasieran esan­go dutela, zer gertatuko den hilaren 10etik aurrera, mugikortasunarekin. Izan ere, mugikortasuna ikaragarria izaten da abenduan, herri batetik bestera, edo probintzia eta erkidego artean; eta kanpoan ikasten edo lanean ari den jendea ere etortzen da. Oporraldirako badaukagu antolatuta zerbait, baina zain gaude, posible izango ote den».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!