«Harreman hauek ez dira onak kanpotik etorri denarentzat bakarrik; elkarren beharra daukagu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00

Ezkerretik eskuinera: Luis Gorrotxategi, Ainhoa Makatzaga, Trekiya Gremich, Julie Aguirre, Jaqueline Martinez eta Fatma Malainin Ali.

Egoerari aurre egin, eta bideo-deien bitartez burutuko dute bihar, Bizilagunak egitasmoa. Horren atarian, zenbait partehartzaile elkartu ditu Kronikak, solasaldia egiteko.

Zazpigarren edizioa izango du aurtengoa, Bizilagunak egitasmoak; baina ez dute ohiko formatuan egingo: bideo-deien bitartez izango da. Bertako eta kanpotik etorritako familia ba­na elkartuko dira, kasu gehienetan iazko topaketa errepikatuz, ordenagailuaren edo telefo­no­aren alde banatan. Izan ere, ez dute eten nahi izan, aurreko edizioetan hartutako martxa.

Topaketa berezien atarian, parte hartuko duten sei lagun elkartu ditu Kronikak, solasaldia egiteko, egitasmoari, sortzen diren harremanei eta egungo egoerari buruz: Jaqueline Martinez, Julie Aguirre, Luis Gorrotxategi, Fatma Malainin Ali, Trekiya Gremich eta Ainhoa Makatzaga.

 

TOPAKETETAN SORTUTAKO HARREMANAK, NOLAKOAK?

Julie Aguirre: Aldatuz eta eboluzionatuz joan den proiektua da Bizilagunak, eta urtero berezitasun batzuk dauzka. Duela bederatzi urte hasi zenean, migranteei bideratuta zegoen; eta gogoan dut, nik aukera izan nuela nire koadrilari errekonozimendua egiteko. Ondoren, familien formatura pasa zen, baina hori oso estatikoa zen. Pixkanaka formatu horretatik atera gara, malgutasun gehiago emanez. Eta azkeneko urteotan, gehiago ikusi ditugu topaketak. Horixe da behar duguna, zubiak eraiki eta harremanak sortu.

Trekiya Gremich: Bai, eta batzuetan harreman familiarrak izan dira, beste batzuetan lagun artekoa... Bazkaria izan dugun familia batzuek, tramiteekin ere laguntzen digute, behar dugunean.

Fatma Malainin Ali: Zerbait behar dugunean, bada familiaren bat beti laguntzeko prest dagoena. Eta guk ospakizunen bat dugunean, gonbidatu egiten ditugu, gure kultura ezagutzeko. Gure etxea erakusten diegu, gure herrialdean bezala dauzkagulako antolatuta. Gure kultura gurekin ekartzen dugu.

Trekiya: Hala da. Gure seme-alabak hemen jaio dira, eta eskolan eta kalean euskeraz edo gaztelaniaz egingo dute lagunekin, baina etxera iristean, badakite kultura ezberdin bat daukatela.

Luis Gorrotxategi: Bizilagunak egitasmoko topaketetan sortzen den harremana, pertsona bakoitzaren izaerak markatzen du. Guk 4-5 urtez hartu dugu parte, familia arteko bazkariarekin. Mantendu dugu harremana, kasu batzuetan, te bat hartzeko edo beste edozertarako. Beste kasu batzuetan, aldiz, ez dugu mantendu; baina hori faktore enpatiko pertsonalaren araberakoa da. Pertsona batzuk besteak baino atseginagoak zaizkizu. Ni ez naiz oso soziablea. Eta nire kasuan, nahiago izango nuen harreman jarraiagoa izan, baina noizbehinkakoak izan dira harreman horiek. Baina ez dago joera komun bat.

Trekiya: Jendearen izaera ezber­dina da. Irekiagoak dira batzuk, eta harreman hori errazago mantentzen dute.

Ainhoa Makatzaga: Ez da gauza bera, ezta ere, iritsi berria izatea, edo dagoeneko urte batzuk egin izana herrian. Beharrak aldatu egiten dira. Batzuekin, beharbada, ez dugu hainbeste bilatzen harreman hori, baina kalean topatzen dugunean, beste modu batera erlazionatzen gara, dagoeneko ezagutzen dugulako elkar. Beste batzuekin, aldiz, elkar deitzen diogu, eta planak egiten ditugu.

Julie: Gainera, esperientziaren arrakasta neurtzeko ez dago modu bat bakarrik. Adibidez, nik familia batekin ez dut errepikatu elkarrekin bazkaltzeko esperientzia, baina kalean elkar ikusteak bakarrik, gogora ekartzen dit topaketa hura, familia nolakoa zen... Zerbait polita ekartzen dizu gogora, eta hori nahikoa da, topaketa arrakastatsua izan zela esateko.

Ainhoa: Hori da, ez du modu jakin batera izan behar. Jendearen eta harremanak izateko moduaren araberakoa da. Faktore askoren araberakoa da, baina esperientzia ona da. Haurrak egoteak asko laguntzen du, bereziki eskolan elkar ikusten badute. Guri gertatu zaigu hori, eta horrela aldatu egiten da. Egunerokoa da harremana, gehiago bilatzen dugu elkar...

«Ezer gutxi dakigu beste herrialdeez, eta garrantzitsua da bakoitzak jakitea besteari buruz. Barrera hori hautsi beharko genuke, eta elkar ezagutzeko ateak zabaldu»

Jaqueline Martinez: Bai, guri ere hala gertatu zaigu. Gure aurreneko topaketan, guk bezala haurrak zeuzkan familia batekin elkartu ginen, eta eskola berekoak ziren gure haurrak, gainera. Garrantzitsua da topaketa horiek izatea. Bistaz ezagutzen dugu elkar, agurtu egiten gara, baina ez dakigu zein izen duten ere. Gure haurrak eskola berekoak ziren, baina ez gela berekoak. Eta topaketa horretatik, harremana mantendu dugu, oso polita. Bere etxera gonbidatzen zaituzte, eta gutxienez, gonbidapena egiten diozu bueltan, zurera etortzeko. Eta orain, kafea hartzeko elkartzen gara, parkean haurrekin... Nire seme zaharrena etortzekoa zen gero, gure herrialdetik; eta horretan ere lagundu ziguten. Bere adinekoa den mutil bat aurkeztu ziguten, eta berak lagundu zion integratzen. Bere koadrilarengana eraman zuen, eta oso garrantzitsua izan zen. Eta familiaren aldetik, oso keinu polita.

 

HARREMANAK, ZIRKULARRAK: EMAN ETA JASO EGITEN DA

Julie: Baina nik nabarmendu nahiko nuke, hauek harreman zirkularrak direla, nolabait esateko. Ez dira onak bakarrik kanpotik datorrenarentzat, atea irekitzen zaiolako. Aukera bat da guztiontzat, eman eta jaso neurri berean egiten dugulako denok. Ni Kolonbiatik etorritakoa naiz, baina niretzako zentzugabea litzateke kolonbiar modura gonbidatzea norbait etxera, ez baitakit Kolonbiako jaki­rik prestatzen ere. Toki askotan egon naiz, eta toki guztietatik hartu dut pixka bat. Beraz, ez dakit bertakoa edo kanpokoa naizen ere. Horregatik, azkeneko urteo­tan, zubi lanak egiten saiatu naiz, bertako eta kanpoko familien arteko topaketetan. Eta askotan, izan dudan sentsazioa da, gauzak egiten dituzula besteei laguntzeko, baina irudipena dela kanpokoa ari dela gehiago jasotzen. Eta bada garaia, ikuspegi eta diskurtso hori desegiteko. Hemen garrantzitsuena da konpainia, elkar laguntza, arreta, maitasuna... Elkarren beharra daukagu.

Luis: Egia da bertakoek abantaila daukagula, hemengora eginda gaudelako, egonkortuta. Lagunak dauz­kagu, ezagutzen dugu bertakoa... Eta zailagoa da, zoritxarrez, hemengoa kanpokora zabaltzea. Akaso, behar haundiagoa izango du, besteek emateko daukatena jasotzeko; baina egonkortuta dagoenez, ez ditu ateak irekitzen, gauza materialei erreparatzen zaielako.

Julie: Balio aldaketa hori behar dugu. Gauza materialei begiratzen diegu, baina gero, etortzen zaizu pertsona bat naturaltasuna, alaitasuna, gogoa, arreta eta entzuteko gaitasuna erakusten dizkizuna, eta eskemak hausten dizkizu. Oso ondo dago ezberdina denari arreta jartzea, baina ez bakarrik kanpotik datorrenari. Baliabideak dauzkazula uste duzu, baina pandemia honek erakutsi digu, benetan ez daukagula baliabiderik. Esperantza eman eta bizirik mantentzen gaituzten baliabideak, dira elkar entzutea, eguneroko harremanak, babes hitzak, maitasuna, kontaktu fisikoa... Elkar zaintzea, azken finean. Nik 10 urte baino gehiago daramazkit hemen bizitzen, eta diskurtsoek ez dute eboluzionatzen. Gure aldarrikapenetan estatiko geratzen gara, eta bizitzak orain eman digun astinduak, balio be­har digu adierazteko moduak aldatzeko.

Ainhoa: Gerturatzeko modu bat da Bizilagunak. Hemen denbora asko daramakiena, bertako sentitu daiteke. Baina iritsi berria denak, beste behar batzuk izan ditzake. Dena den, noski elkarrenganakoa dela hori.

Fatma: Bertako jende asko dago, ez dakiena kanpotik datozenei buruz ezer. Nola bizi diren, zein kultura daukaten, harremanak... Eta guk ere, ez dakigu ezer beste herrialde batzuei buruz, Kolonbiari buruz adibidez. Garrantzitsua da, bakoitzak jakitea besteari buruz. Barrera hori hautsi beharko genuke, eta guztiok guztiona ezagutzeko ateak zabaldu.

«Topaketa hauetan, irudipena da kanpokoa ari dela gehiago jasotzen. Eta bada garaia, ikuspegi hori desegiteko. Hemen garrantzitsuena da konpainia, elkar laguntza, arreta...»

Julie: Urteak daramazkigu, ate­ak zabaltzeari buruz hizketan. Hemen, sozializatzeko eremuak dira kalea, tabernak... Horregatik, oso zaila izan zen, aurreneko topaketetan, etxeko ateak irekitzea, bai bertakoentzat eta bai kanpokoentzat. Latinoamerikan, etxeetako ateak zabalik daude. Hemen, esfortzu haundia egin da urtetan, etxeetako ateak irekitzeko; eta orain, ez dakigu zer gertatuko den, pandemiaren eraginez. Baina ikusi dugu, proiektu honen atzean pertsona asko eta familia asko daudela, eta ez zuela merezi honengatik olatua eteteak. Horregatik, egoerara egokituko dugu, dauzkagun baliabideekin. Eta denbora geldituko dugu, bideo-deien bidez bada ere, elkartzeko.

 

PANDEMIAREN ERAGINA, HARREMAN SOZIALETAN

Fatma: Pandemia honetan, denak sentitu gara bakarrik, ezin kalera atera. Bereziki konfinamenduan. Eta gure kasuan, are eta gehia­go, muga itxita daukagulako, eta ezin dugulako bidaiatu.

Trekiya: Gainera, gure herrialdean, Saharan, orain piztu den gerrarekin, ez daukate jatekorik, sendagairik, Euskal Karabanako bilketa ere ezin izan dute eraman... Ez daukagu berririk, gure herrialdeko jendeari buruz. Ez dakigu zein dagoen bizirik, eta ezin dugu bidaiatu, nola dauden jakiteko.

Julie: Migranteok, testuinguru ezberdinetan daukagu presentzia. Nik nabaritu dudana, izan da karga haundi bat, erabakiak hartzeko; bereziki adineko pertsonei dagokienean. Niri ezinegona sortzen dit, hainbeste adineko pertsonaren eskelak ikusteak. Pandemiak behartu gaitu heriotzaren ideia barneratzera, orain arte planteatzen ez genuena. Eta nire amarekin hizketan, berak esaten zidan han, Kolonbian, adinekoak ez direla hiltzen ari, etxean daudelako, beraien senideekin. Horrek eraman ninduen hausnartzera, hartu ditugun erabakiak egokiak izan ote diren, eta nola ari garen zaintzen adinekoak.

 

Horrelako topaketek, «indar haundia» ematen diete, Bizilagunak egitasmoko partehartzaileei.

 

ETA PANDEMIAREN ONDOREN, ZER?

Trekiya: Pandemia bukatzen de­nean, aurretik bezala izango dira harremanak, berriro. Bueltatuko gara gure sukalde tailerretara, Amherreko ekintzetara, Amherreko emakumeen bileretara, orain telefonoz egiten ditugunak... Uste dut bueltatuko garela dena lehen bezala izatera.

Julie: Ni konturatu naiz, harreman pertsonalekin denak gaudela oso sensible, eta berehala egiten dugu eztanda. Beraz, ez dut uste harreman guztiekin iritsiko naizenik, pandemiaren bukaerara...

Ainhoa: Seguruenik, harremanak mantendu bai, baina nola bueltatu lehengo normaltasun horretara? Izan ere, barneratu dugu ez elkar ikutzearena, ez besarkatzearena, distantziare­na... Eta pixkanaka bueltatu beharko dugu horretara. Denbora asko ari da izaten, eta denbora beharko dugu berriro gerturatzeko.

Julie: Nik pentsatu dut, harreman gehiago izan nahi dudala kolektiboetan, eta ez bakarrik lagun artean. Adibidez, gaurkoa bezalako topaketa batek, indar haundia ematen dit niri. Horrelako momentuetatik elikatu nahi dut. Etenaldi momentu hau, bidaiatzerik ez daukaguna, izan da aukera bat kolektiboekin konektatzeko; bereziki emakumeen kolektiboekin, egoera askotan salbatu nautenak.

Ainhoa: Bizi dugun tentsio hau guztia, nolabait atera beharko dugu. Nabaritu egiten zaigu, eta horren eragina izango du.

Jaqueline: Baina, baita ere, gogo gehiagorekin bueltatuko gara, harreman horietara.

Luis: Dena den, pentsatzen dugu txertoarekin hau dena bukatuko dela, eta atzean utziko dugula. Baina esperientzia hau ez dugu ahaztuko, eta gizartearen bizitzeko modua aldatuko da. Pandemiak agerian utzi eta areagotu egin du, gizarteak daukan indar exkaxa, arazo haundiak konpontzeko. Dena uzten dugu gutxi batzuen esku, elitearen esku, Gobernuen esku. Galdu dugu gizarte partehartzaileago baten beharra, non guk egingo diegun aurre arazoei, bestelako jarrera batekin.

Julie: Bizitza gozotu egin ziguten, modu askotara. Askatasun haundia, mugikortasuna, baliabideak, bidaiak, gustuak, plazerak... Eta sedatuta geunden denak, nolabait esateko. Baina pandemiak erakutsi digu, ez geundela uste bezain ondo, eskertu behar dugula konpainia, eta pentsatu zaurgarritasun konpartituan. Zaurgarri sentitzea, nik ez diot inoiz baimendu nire buruari. Emakume migranteoi, borrokalariak garela erakusten digute, hutsetik hasteko gai garela, testuinguru berri batean... Baina honek erakutsi dit, gauza asko eginda ere, kontrolatu ezin ditudan gauzak daudela. Uste dut eszenatoki berriak sortuko ditugula, eta konektatuko dugula artearekin, poesiarekin, naturarekin, eta bakoitzari egunerokoan ongizatea sortzen dion edozerekin.

Fatma: Eta pandemiak erakutsi digu, baita ere, oso herrialde solidarioan gaudela hemen, Euskal Herrian. Elikagai Bankuak, adibidez, etxeko ateraino ekarri dizkigu elikagaiak, guk joan beharrik izan gabe. Inori ez zaio ezer falta izan, konfinamenduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!