«Denon ardura da, pandemia bilakatu zaigun indarkeria matxista desagerraraztea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 26a, 08:52

Manifestazioa egin zuten Hernanin, atzo arratsaldean, adierazteko «nazkatuta eta oso haserre» daudela, «emakume*ok egunero jasotzen dugun indarkeriarekin».

Hernaniko Kaxkoko kaleak hartu zituzten atzo herritarrek, azaroaren 25a izanik, indarkeria matxistaren kontrako aldarrikapena zabaltzeko. «Berriz ere, indarkeria matxista salatzeko batu gara gure herriko kaleetan. Nazkatuta gaude, oso haserre, emakume*ok egunero jasotzen dugun indarkeriaz gogaituta; baina baita horren aurkako borrokan tinko jarraitzeko prest ere», adierazi zuten, egindako irakurketan.

Eta azpimarratu zuten, «COVIDaren aferarekin kezkatuta» gauden garai honetan, denon ardura dela «pandemia bilakatu zaigun indarkeria matxista desagerraraztea. Guztiok gara horren erantzule eta horren kontra egitea guztion esku dago. Erasoak gure inguruan gertatzen direlako, erasotzaileak gure lagunak eta senideak direlako, gure herritarrak, eta, guk geuk, zerbait esateko gai izan behar dugulako, onartezinak iruditzen zaizkigun jarreren aurrean planto egin eta egunero gure inguruan gauzatzen diren biolentzia eta erasoei izen eta abizen jarri, horietaz hitz egin, ikustarazi eta onartzen ez ditugula argi eta ozen adierazi. Guzti hori gure ardura ere badelako».

Adierazi zuten, gainera, indarkeria matxista «eremu guztietan» dagoela presente: etxeetan, kaleetan, kirol jardueretan, jai giroan, lan esparruetan, lagunen artean... Eta guztion artean egin behar diogula aurre, «ez baita soilik feministon zeregina».


Instituzioek «ardura berezia», afera honetan

Era berean, salatu nahi izan zuten, instituzioek «ardura berezia» dutela afera honetan: «hitzak ez direlako nahikoa, gaitz hau sendatzeko baliabideak behar direlako eta badaudelako bereziki zaurgarriak diren egoerak, zeinetan indarkeria areagotzen den, ikusezinagoa bilakatzen. Horrexegatik, gaurkoan ere, atzerritartasun legea pertsonen kontrako araua dela errepikatu nahi dugu, eta ardura politikoak dituztenei bertan behera utzi dezaten exijitu».

Deia egin zuten, baita ere, erdigunera ekartzeko etxeetan eta zaintzetan lan egiten duten emakume*ak, «langile eskubideak bermaturik ez dituztenak, esklabutza moduko egoeretan daudenak eta indarkeria bereziki pairatzen dituztenak. Beraien lan baldintzak duintzea biolentziarekiko prebentziotzat jotzen dugu, eta erakundeei zein norbanako kontratatzaileei gaiari berehala heltzeko eskatzen diegu».

Horregatik, berretsi zuten «borrokan tinko» jarraituko dutela, «guztiok aske izan arte». Eta hiru oihurekin amaitu zuten irakurketa: «erasoak soberan, erasotzaileak ere bai! Indarkeriaren pandemia, denon ardura! Gora borroka feminista!».

Manifestazioa baino lehenago, bestalde, txapa feminista tailerra egin zuten, Hernaniko Gaztelekuak antolatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!